LAB sindikatuak emakumeek lan munduan jasaten duten indarkeria matxista salatu du
Bermeoko Salica enpresaren aurrean egin dute gaur agerraldia. Indarkeria sexistak milaka aurpegi dituela esan dute, "horietako bat da emakumeek lan munduan jasaten duten prekarietatea".
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako eguna hurbil dagoela baliatuta, LAB sindikatuak emakumeek lan munduan jasaten duten indarkeria matxista “gogor” salatu du gaur Bermeon. LABek aldarrikatu du lan zentroak “guztiontzat” indarkeria matxistarik gabeko “gune askeak” izan behar direla.
Zaloa Ibeas De La Cruz LAB sindikatuko idazkaritza feministako kideak azaldu duenez, jendartearen gehiengoak indarkeria sexista “indarkeria fisiko, psikologiko edota indarkeria sexualarekin” lotzen badu ere, indarkeria sexista hori guztia baino haratago doala adierazi du: “Indarkeria sexistak milaka aurpegi ditu, eta horietako bat da lan munduan emakumeok jasan behar dugun prekarietatea”.
Emakumeek jasaten duten “prekarietatea”, gainera, ez dela kasualitatea dio, sistema heteropatriarkalak “ondo diseinatutako estrategiaten ondorio zuzena” dela gaineratuta: “Sistemak prekarietatera kondenatu gaitu emakumezkoak, menpeko gura gaituelako. Gure bizitza proiektuak modu aske batean garatu ahal izatea baldintzatu gura digute”. Hori dela eta, kontserberetako emakume langileekin batera egin dute salaketa; “aipatu sektorean bizi duten prekarietate basatia kontuan hartuta”.
Itsasoari eta arrantzari lotutako kontserberen sektorea historikoki emakumeen lanaren adierazle “gordina” izan dela gogorarazi du Ibeasek, “gizonen lanaren osagarri modura gaizki kontsideratua eta prekarietatea eta aintzatespen gabeko lan gogorragaz uztartzen dena”.
Kontserberetako langileek dituzten soldata “baxuak” aipatu dituzte, eta horri “behin-behinekotasun tasa ikaragarria” gehitu behar zaiola esan dute. Diotenez, ezin da ahaztu, egiten duten lanaren ondorioz emakumeek izaten dituzten osasun arazo larriak (erreumak, artrosiak, fibromialgiak…); “horiek, gainera, ez daude gaixotasun profesional modura aitortuta”.
Horrek guztiak emakume horien bizitzetan eta gorputzetan “ondorio larriak” suposatzen dituela adierazi du LABeko ordezkariak. Hala, kontserberetako emakume langileak haien lan baldintzen bitartez egunero “erasotuak” izaten direla salatu dute: “Bada garaia emakume hauen lan baldintzak duintzeko eta lan merkatuak emakume eta gizonen artean inposatzen dituen desoreka guztiekin amaitzeko. Horrek guztiak emakumeok pairatzen dugun diskriminizazioan sakondu besterik ez du egiten”.
Grebarako deia. Bide horretan, gainera, hitzarmen “duin” baten aldeko greba eguna dute deituta azaroaren 30erako. “Patronalaren utzikeriaren aurrean lan baldintza duinak aldarrikatzeko eta haien kontra patronalak sistematikoki erabiltzen dituen gehiegikeriak amaitu daitezen exijitzeko greba izango da”, esan du Ibeasek. Modu horretan, sektoreko emakume guztiak deitu dituzte greban parte hartzera, “euren lan eskubideen alde borrokan jarraitzeko, prekarietatea indarkeria delako eta hortik ateratzea emakume horien eskubidea delako”. LABen arabera, Patronalak “zor historikoa” dauka emakume horiekin.
Zapatuan, greba deitu duten sindikatuetako ordezkariek auto karabana egin zuten Bermeotik. Datorren zapatuan, berriz, elkarretaratzea egingo dute Lameran, 12:30ean.