Alkartasuna, 45 urte "familia osatzen"
45. urteurrena gura baino modu "xumeagoan" ospatu dute aurten. Hala ere, egungo dantzariak eta dantzari ohiak batu dira gaur Bermeon.
Dantza talde bat baino gehiago direla diote Alkartasuna Dantza Taldeko kideek, “familia bat” osatzen dutela nabarmendu dute. Gaur, familia horretako kideak direnak eta noizbait familia horretako parte izan direnak batu dira Bermeon. Dantza Taldearen 45.urteurrena ospatzeko batu dira, hain zuzen ere.
Urteurrenak “ekitaldi handiak” antolatuta ospatu ohi dituzte. Egoerak, baina, “ez du ahalbidetzen” eta zerbait “xumeagoa” egin dute oraingoan. Urteurrena ospatzeko grabatu duten Alkartasuna Dantza Taldea: arnasa luzeko bidea dokumentala ikusteko batu dira lehenengo gaur egungo dantzariak zein dantzari ohiak. Taldea zelan sortu zen eta ondorengo garapenaren berri ematen dute dokumentalean. Horrez gain, dantzarientzat taldeak suposatzen duena kontatzen dute. Bertaratutako asko “hunkitu” egin dira irudiak ikusterakoan.
Dokumentalaren ostean, antzinako kofradiara joan dira denak. Eguenean hasi eta gaur arte ikusgai egon da han 45 urteko ibilbideari gainbegirada bat emateko argazki erakusketa. Ospakizunetan zeudela aprobetxatu dute, gainera, dantza taldean 25 urte daramatzaten dantzariei omenalditxo bat egiteko.
Monjorra ere egin dute antzinako kofradiaren kanpoaldean, eta dantzan amaitu dituzte gaurko ospakizunak.