Jose Ramon Kruzen putxerak irabazi du Morgako txapelketa
61 putxera aurkeztu dituzte Morgako Pataterrixe kultur elkarteak antolatutako txapelketara.
Goizean goiz jendez bete dira Morgako frontoi inguruak. Gaur, Pataterrixe kultur elkarteak antolatuta, putxera txapelketa egin dute. Hala, zeinek indabarik gozoenak prestatu bildu dira sukaldariak, 09:00etatik aurrera.
Ezinbestekoa zen putxerak jendaurrean prestatzea, eta gaurkoan, gainera, eguraldia lagun izan dute horretarako. Uste baino putxera gehiago aurkeztu dituzte, hain zuzen ere, 61 putxeraren artean egon da lehia. Morga zein inguruko herrietako sukaldariez gain, Bizkaiko beste hainbat herrietako jendea bertaratu da: Armintza, Sodupe, Astrabudua, Mungia, Gatika, Sopela… “Duela bi urte 51 putxera aurkeztu zituzten. Aurten, COVID-19agatik parte hartzea txikiagoa izatea espero genuen”, esan dute antolatzaileek.
Gernikako edo Tolosako indaba erabili behar zen, eta txorizoa, odolostea eta urdaia ziren indabekin batera joan behar ziren beharrezko osagaiak. 13:00etan hasi dira lehenengo putxerak aurkezten, eta 14:00etara arteko tartea izan dute.
Jose Antonio Bastegieta Marko, Jon Ander Uriarte eta Koldo Arazosa aritu dira txapelketara aurkeztutako putxerak dastatzen; lan handia izan dute aurten. Putxerarik onena aukeratzeko, zaporea, egoste puntua eta itxura izan dituzte kontuan.
Balmasedako Jose Ramon Kruzek aurkeztutako lapikoa izan da Morgan egin duten Putxera txapelketaren irabazlea, 63 puntugaz; txapela, putxera, txakoli sorta eta 200 euro jaso ditu saritzat. 61,5 puntugaz, bigarren saria jaso du Gernikako Imanol Ormaetxek. Saria honakoa izan da: Putxera, txakoli sorta eta 150 euro. Hirugarren saria, berriz, Urduñara joan da, Aitor Martinezek jaso ditu txakoli sorta, 2 kilo indaba eta 100 euro.
Aurrekoetan egin modura, herriko putxerarik onenak ere saria jaso du. Hala, parte hartu duten morgatarren artean, lapikorik gozoena Josu Cabeza Bueyrena izan da epaimahaiaren arabera; 45 puntu izan ditu eta txapelaz gain, 50 euro jaso ditu.
Sari banaketa baino lehen, frontoian bazkaldu dute denak batera. Ein Go taldeagaz kantuan eta dantzan amaituko dute eguna.