Euskaraldiaren hirugarren aldia aurkeztu dute
2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldia, eta 'Hitzez ekiteko garaia' leloa aukeratu dute.
Oraindik urte bat falta bada ere, Iruñean aurkeztu dute gaur goizean [azaroak 20] datorren urtean egingo den Euskaraldiaren hirugarren aldia; hain zuzen ere, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da. Gaur egin duten aurkezpenean hainbat erakunde publikotako, euskalgintzako, eragile sozial zein politikoetako eta arlo pribatuko enpresatako ordezkariak izan dira.
Leloa ere aurkeztu dute: Hitzez ekiteko garaia. Pandemiak aurreko edizioan izandako eragina gaindituta, Euskaraldiak “jauzi garrantzitsu” bat ematea gure dute sustatzaileek. “Harreman sozialak mugatuta egon dira hilabeteetan, eta hizkuntza ohituren aldaketan jauzi berri bat emateko hitza eta ekintza uztartzeko beharra azpimarratu gura da leloaren bidez. Hitzaren bidez eragiteko deia egin nahi zaie herritar eta entitateei, hitza baita hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak apurtzeko tresna nagusia”, esan dute.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko sortutako ekimena da Euskaraldia, eta gaur esan dutenez, proposamen berriak egingo dizkie aurten parte hartzaileei. Euskaraldiaren lehen edizioa belarriprest eta ahobizi figurekin erlazionatu zen, eta bigarrenean euskaraz komunikatzeko Arigune dinamikak indar hartu gura izan zuen. Bigarren edizioan pandemiak eragin handia izan zuenez, hurrengoan ariguneei jarraipena eman nahi dietela esan dute. Horretarako, era guztietako entitateei gonbitea egingo zaie “lehenbailehen” has daitezen euskaraz lasai aritzeko guneak identifikatzen edo berriak sortzen. Hizkuntza ohituretan eragin eta euskarazko hizkuntza portaerak finkatzeko, gune hauen areagotzeak “garrantzi handia” dutela adierazi dute Euskaraldiaren sustatzaileek.
Hurrengo Euskaraldia “mugarria” izatea da helburua: “batetik, euskararen aldeko giro sozialak kale presentzia areagotu dezan eta, bestetik, euskarazko elkarrizketek berriro ere Euskal Herri osoko herrietako plazak eta kaleak bete ditzaten”. Azaldu dutenez, euskaltzaleon urtea izan behar da 2022 urtea, “hitzez eta ekimenen bidez euskararen aldeko giro sozial indartsu bat berraktibatzeko eta ariketa sozial eraldatzaile indartsu bat egiteko urtea” izan behar da.
Aipatu dute, hirugarren aldian ere herriz herri antolatutako batzordeen sarea izango dela Euskaraldiaren bihotza. Antolatzaileentzat “ezinbestekoa” izango da, aurreko ekitaldietan osatu den modura, herri batzorde sare aktibo eta trinkoa antolatzea: “Hainbat herritan hasita daude antolaketa lanetan; eta, gaurtik aurrera, lehen urratsa tokian tokiko batzordeak aktibatu eta berrantolatzea izango da, herritarrek ariketa soziala gertutik bizitzeko funtsezkoa baita batzordeon lana”.