"Suntsipena" Europan salatzen
Zapatisten Bizi Biraren baitan, EZLNko kideak eta CNIko ordezkaritza bat hainbat kolektibogaz biltzen ari dira Euskal Herrian; Bermeon ere egin dute geldialdia.
Zapatisten Bizi Bira Euskal Herritik dabil hileon, eta Bermeon ere geldiunea egin dute. EZLNko (Ejercito Zapatista de Liberacion Nacional) kideak kolektibo desberdinekin biltzen ari dira, bakoitzaren borrokak elkarbanatzeko. Haiekin batera, Kongresu Nazional Indigenaren (CNI) ordezkaritza bat ere etorri da. Megaproiektuen aurkako borroka azaltzera eta salatzera etorri dira, horrelako proiektuek “Mexikoko natura suntsitu eta jatorrizko herriei lurrak lapurtzen dizkietela” salatzera.
EZLNko kideak “behetik eta ezkerretik sortzea” badagoela gogorarazi dute. Bidea nahiz eta batzuetan “malkartsua” izan, “borroka eta autonomia posible dela” adierazi dute. Bermeora emakumez osatutako taldea iritsi da, eta alor desberdinetan lan egiten duten emakumeekin biltzeko aukera eduki dute, borrokak elkarbanatzeko aukera.
Atzoko egunez, duela 38 urte Txiapaseko pertsona gutxi batzuk Mexikoko eta beraien lurraldeetako egoeraren aurka borrokatzeko antolatzen hasi ziren Lacandonako oihanean. EZLN sortu zuten sei pertsonak. Herri indigenen alde borrokatzen duen talde gerrillari antikapitalista 1994ko urtarrilaren 1ean altxatu zen, hiriburuak hartuz. Gaur egun arte beraien autonomiaren aldeko borroka eta antolakuntzarekin jarraitu dute.
CNIk 25 urte daramatza Mexikon borrokatzen: “Zapatistez gain, Mexikoko jatorrizko gainontzeko herriak suntsitzen ari zirelako hasi ginen borrokan. 1996an hasi ginen, eta zapatistekin egin genuen lehenengo ekintza bateratua Marcha del Color de la Tierra izan zen. San Andreseko akordioak betetzea eskatzen genuen”.
Amalurrari “min handia”. Tren Maya proiektu handia aipatu dute, eurentzat “heriotzaren trena” dena, komunitate baten “galera eta suntsipena” ekarriko lituzkeelako. “Turismoa bultzatzea baino ez dute buruan, bertan bizi direnak ahaztuta. Gu komunitate horien ahotsa gara, baita ere hiriburuetakoa. Beharrezkoa da antolaketa”.
Morelos komunitatea ere aipatu dute. “Gas hodi” batengatik borrokan ari dira han: “Martxan jartzen baldin badute, Morelos komunitateko ur guztiagaz amaituko dute. Andres Manuel Lopez Obradorrek kanpainaurrean esan zuen megaproiektu guztiak bertan behera utziko zituela, ezkerrekotzat zeukan bere burua. Komunitateen alde egin gura zuen, eta jendea fidatu egin zen. Presidentetzara heldu eta megaproiektuen aurka aritzen zen CNIko Flores Soberano hiltzea agindu zuen. Hor konturatu ginen jatorrizko herrien bila datozela”.
Enpresa handi asko ari dira Mexikon sartzen, horietako batzuk europarrak direlako bertaratu dira salaketa egitera, beraien herriak eta komuniteak suntsitzen ari direlako. Mexikon gertatzen ari dena “edonora” iritsi daitekeela esatera etorri dira. “Jendeak esan digu hemen ere ari direla proiektuak egiten, baina mozorrotuta”.
Duela 529 urte 400 hizkuntza baino gehiago zeuden Mexikon, egun, erabiltzen diren 62 hizkuntza baino ez daudela adierazi dute, “asko desagertu eta galdu da”. Komunitate edo herri modura borrokatu ahal dutela diote hizkuntza horretan berba egiten baldin badute, bestela ez dute eskubiderik: “Gobernuak bere erara moldatu ditu araudi guztiak”.
Azaldu dutenez, amalurrari “min handia” egin diote, “laborantza ez da berdina”. Mexikon egin gura dituzten hiru megaproiektuak “suntsipena” dakarte CNIkoen arabera.
Hirian bizi diren komunitateak “oraindik ere txarrago” bizi direla aipatu dute: 2Indigena izateagatik, hizkuntza bat erabiltzeagatik edo modu batera janzteagatik. Ezin zaitezke askea izan ez komunitatean ezta hirian ere. Hortaz, erresistentzia egiten ari gara. Etxebizitza duinak baino ez ditugu eskatu, eta gobernuak inoiz ez gaitu entzun”. Gobernuarengandik, hortaz, “ez dute ezer espero”, egin gura dutena “euren kabuz” egin beharko dutela badakite. Hala, “erresistentzia” egiten ari dira.
Euskal Herrian izaten ari diren harrera nabarmendu dute; “eskuak zabaldu dizkigute”.