Partida irabazteko deiagaz bueltatuko da udaberrian euskararen aldeko uholdea
2022ko martxoaren 31n Amurrion hasi, eta apirilaren 10ean Donostian amaituko da 22.Korrika. Gaurko agerraldian, dataz gain, mezua eta omenduak jakinarazi dituzte. 'Hitzekin' lelopean egingo dute euskararen aldeko olatu erraldoia, eta Pirritx,Porrotx eta Marimotots omenduko dituzte, "azken 34 urteotan adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik".
22. Korrika aurkeztu dute goizean, Donostian. Martxoaren 31n Amurrion hasiko da eta Euskal Herria zeharkatu ostean, Donostian amaituko da apirilaren 10ean. Partida irabazteko erronka edukiko dute euskal herritarrek; 22.tantora heldu eta irabaztea, alegia. “Jendarteak ez du euskara bazter utzi nahi izan, eta erakutsitako indar horri esker, euskaraz bizitzeko herri gogoa egon badago, korrika berri baten atarian. Udaberrian errepidera aterako gara, herriz herri igaroko gara, kaleetan eta herrietan elkartuko gara berriro”.
Aitziber Balantzategi Ibargoitia Korrika batzordearen kideak eman ditu xehetasunak. Hitzekin lelopean egingo da datorren urteko Korrika.
Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, “euskaldun proaktiboak” behar dituela gogoratu dute, “konbentzimendutik ekintzara, praktikara jauzi egingo dutenak”. Badugunaz, bagarenaz, eta izango garenaz ohartzeko eskatu dute. “Hitza emana duzu, orain, jauzi ekintzara. Euskara ahoan izan behar dugu herritarrok, elkarteek, erakundeek. Bada ekiteko ordua, hitz egiteko ordua. Hortaz, ernatu”, esan du Balantzategik.
Larrialdi linguistikoaren “argi gorriak” pizten hasiak direla zehaztu du: “Ekin diezaiogun bereharala, aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko. Ezinbestekoa da partida hau irabaztea”.
Ekitekoa ordua dela-eta, hitzetik ekintzara salto egiteko deia egin dute: “Hitz egin, eta ekin. Orain da 22. tantoa egiteko unea. Partida irabazi behar da euskaraz eginez, eraginez, eta eginaraziz. Nork bere tokitik, eta egin beharretik ekinez. Orain bukatu behar da tantoa, orain irabazi behar da partida. 22. Korrikara batzeko unea da. Eginez eragingo dugu, eta eginaraziko diogu elkarri. Ikasle, agintari zein eragile orok, guztiok elkarrekin. Zerekin? Hitzekin. Hitzarekin eta ekinarekin. Hitzek, hizkuntza. Ekinak, herria. Hitzekin ulertzen dugu hizkuntzan, beraz, ekin; euskaraz egin. Beraz, ikasle, euskaldun, erdaldun, eragile, agintari ekin, elkarrekin, gantxoz, bi paretaz zein botez. Baliabide anitzekin eta guziok hitza emanez. Ekin, eragin eta eginarazi. Ekin Korrikari”.
Omenduak. 22. Korrikak Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko ditu, “gaur egun Euskal Herrian dauden pailazorik ezagunenak eta arrakastatsuenak”. Azken 34 urteotan adierazi duten “konpromisoagatik eta ekinagatik” omenduko dituzte.
Aiora Zulaika, Jose Mari Agirretxe eta Mertze Rodriguez pailazo hirukoteak 34 urteko ibilbidean egindakoa goraipatu dute goizean. Orainaldiari eta etorkizunari begira dauden eragileak direla azaldu du Korrikaren batzordeko kideak: “1987an ekin zioten, eta haiei esker askok ere ekin diogu, eta datozen belaunaldiek ere ekingo diote”. Goitik behera, guraso-ume eta behetik gora, ume-guraso landu duten transmisioa azpimarratu dute: “Haiek haien hitzekin euskarari ekin zioten, eta eutsi egin diote. Euskara ez zutenean, euskara ikasteari edota hobetzeari ekin zioten, eta orduz geroztik, euskara ahoan ibili dute 34 urte hauetan. Zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten. Haien komunikazio tresna hitzekin osatu dute, ekimen eraikitzailearen eta normalizazioaren adibidea da haiena. Haiek ikuskizun eta kanten bidez, egin, eginarazi, eta eragin egin dute”.
Pandemiak eragindako neurriez ere galdegin diete Korrikaren arduradunei, eta esan dutenez, unean uneko egoerara moldatuko dira: “Gure asmoa Korrika egin ohi dugun eran egin ahal izatea zen, eta horregatik atzeratu genuen. Hori da asmoa, baina, zalantza barik unean uneko eta tokian tokiko egoeretara moldatzen joan beharko dugu. Korrika ez da karrera soilik, ekimen kulturalak eta beste batzen ditu, eta unean unean egoera zein den aztertzen joango gara, eta horretara moldatzen”.
Hala, pandemia garaian euskararen alde lanean segitu duen jendearen gogoa eta ilusioa nabarmendu dituzte: “Etxean euskarari eutsi dioten milaka herritarrak, euskaltegietara joaten segitu duten ikasleak, irakasleen ahalegina eta kemena. Hala eta guztiz ere, jakitun gara pandemiak ia errotik ezabatu duela euskara, plaza ugaritan zein askoren bizitzan. Horregatik oso garrantzitsua iruditzen zaigu Korrikak ekarri ohi duen euskararen aldeko uholdea berreskuratzea kalean, sareetan, ikastetxeetan, diasporan eta abarretan”.