'Euskaldunon Egunkaria'-ri buruzko Torrealdairen lekukotza kaleratu dute
Joan Mari Torrealdai foruarrak ia amaituta utzi zuen liburua argitaratu dute Berriak, Elkarrek eta Jakinek: 'Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta'.
Idazle, kazetari, soziologo, euskaltzale eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari izandako Joan Mari Torrealdai foruarraren gogoetak eta egunkari haren historia jasotzen ditu Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta liburuak. Haren lekukotza dakarte Berriak, Elkarrek eta Jakinek argitaratu duten liburuak. Joanmari Larrartek amaitu du Torrealdaik ia amaituta utzi zuen liburua.
Euskaldunon Egunkaria-ren sorreratik haren itxierara artekoak jasotzen ditu liburuan Torrealdaik; lehen pertsonan bizi izan zuen prozesu osoa. Azken urteetan “ordu asko” eskaini zizkion Torrealdaik liburua idazteari. “Urteetan joan zen testuak idazten eta 2020ko udaberrian gaixotasunagatik jarraitzeko zailtasunak zituela eta, laguntza eskatu zidan”, esan du Joanmari Larrartek. Joan Mariren testuei eta aurkibideari “ahalik eta fidelen izaten” ahalegindu dela azaldu du Larrartek liburuaren aurkezpenean.
Libururako idatzi zuen azken testua izan zen sarrera; “hil baino astebete lehenago idatzi zuen”. Aipatu sarreratik zenbait puntu nabarmendu ditu Larrartek. Hala, “tesi nagusia” da Euskaldunon Egunkaria gizarte ekimenez gauzatutako proiektua izan zela eta “euskalgintzaren arrakasta” izan zela. Hala azaltzen du Torrealdaik liburuan: “Nire iritziz, Egunkaria oso proiektu baliotsua izan da euskararentzat eta, bereziki, euskalgintzarentzat; Egunkaria euskalgintzaren arrakasta izan zen nire ustez, eta oso ondo erakusten du euskalgintza zibilaren funtzioa eta ekarpena».
Diotenez, Torrealdairen “obsesioetako bat” zen proiektuaren atzean herri ekimenaren bultzada zegoela erakustea; “euskaltzaleen artean eta euskalgintzan sortuta”. Izan ere, Larrartek dio Egunkariaren bizitza osoan eta Egunkaria itxi ondoren erakusten ibili behar izan zuela ez zuela ETAk sortu, baizik eta euskaltzaleen ekimen bat izan zela; “hori behin eta berriz ikusten da liburuan”.
Torrealdaik liburuaren sarreran dio baita ere, liburua ez dela Egunkariaren historia; “gertuegi sumatzen zuen Euskaldunon Egunkaria”. Hala, Larrarteren arabera, Egunkaria-ri buruzko kontaketa bat da; bere ustez, historia bat da, baita ere ikerketa lan bat; “lehen pertsonan idatzita dago, eta posizioa oso argi izanda”. Bere bizipenetan oinarrituta kontatzen du, hortaz, Egunkaria zer izan zen. Garai garrantzitsuenak ere kontatzen ditu “bere gogoeta propioak” eginez.
Liburuan kontatzen diren gertaera horiek bere horretan izan zirela kontatzen ahalegindu dela azaldu du Larrartek. Hala dio Torrealdaik: “Gertatutakoaren egitatea ezin da aldatu; hori hor geratuko da, eta bada nire interesa hori ezagutu dadin. Gertaerak gertaera dira, eta horiek hor daude; gertaeren gainean egingo den interpretazioa, berriz, norberarena da, eta liburu honetakoa nirea, Joan Mari Torrealdairena”.
“Ezinegon” nabaria. Liburuan, gainera, “ezinegona” nabari dela aipatzen du Larrartek: “Urteetako apunte eta ohar asko faltatzen zitzaizkion. Guardia Zibilak eraman zituen horiek denak eta bueltatu zizkion gero. Ez zekien, ordea, desorden horren barruan ez bazituen horiek aurkitzen edota ez bazuen jaso eraman zuten guztia”.
Larrartek jakitera eman du liburuak zortzi kapitulu dituela eta lau ataletan banatzen dela. Lehenengo bi kapituluetan kokapena egiten dute, eta giro politikoa kokatzen laguntzen du. Bigarren atalean, Egunkaria-ren historia kontatzen da, nolabait; 1990ean sortu zenetik itxi zutenera artekoa, 2003ra arte. Hirugarren atala, berriz, itxieragaz lotuta dago, eta dokumentuetan oinarritzen da. Azkenengo kaputulu biak “beste tonu” batekoak dira, zazpigarren kapituluan bere bidelagun izandako horiengana hurbiltzen da, eta azken kapitulua, berriz, eskerrak ematekoa da: “Kapitulu horrek hasieran aipatzen den tesia eta ideia hartzen ditu, hau da, hau Euskal Herriari zor diogula, Euskal Herriak eta euskal gizarteak egin zuela posible ondoren Berria”.
Ikerlari figura. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak esan du “ikaragarrizko lana” eginda utzi zuela Torrealdaik: “Ikusten zuen beharrezkoa zela liburuan argitaratu dena kontatzea”. Liburuan Torrealdai “ikerlaria” oso presente dagoela gaineratu du Agirrek; “sakonean dokumentazio lan ikaragarria dago”.
Berria-ko zuzendari Martxelo Otamendik Torrealdaik kazetaritzarekiko zuen ikuspegia azaldu du: “Oso komunikabide gutxitako kazetari gutxik esan dezakete lan egin dutela guk Egunkarian Joan Mari lehendakari genuela egin genuen askatasunagaz. Langileen lanean eskurik ez sartzen saiatzen zen, ez zuen agindurik ematen, eta ezta egunkariko lanagatik jaso zitzakeen kexen berri eman ere”. Ikuspegi desberdineko jendea ekartzeko egiten zuen ahalegina aipatu du Otamendik, baita ere, euskara batuaren eztabaidan zuen posizio irmoa; “asko haserretzen zuen lan hori zapuztua ikusteko aukerak”.
Torrealdairen alaba Garazik nabarmendu du Egunkaria bere aitarentzat “ametsa” izan zela. Eta, liburua argitaratuta, hark aspaldi zuen beste “amets” bat gauzatu dela gaineratu du. Berria, Jakin eta Elkarri esker ona erakutsi die, “liburua argitaratu eta herriaren esku utzi dutelako”. Azkenik, Larrarteren lana ere goraipatu du.