45 urteko ibilbidea ospatzeko unea iritsi zaie Alkartasunakoei
Erakusketa, dokumentala eta dantza topaketa herrikoia antolatu dituzte 45.urteurrena ospatzeko.
Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak 45 urte daramatza herriko eta beste hainbat lekutako guneak dantzekin eta musikagaz alaitzen. 1976. urtean martxan hasi, eta ordutik “ez dira gelditu”. Hori dela eta, ospatzeko unea iritsi dela uste dute. Aurreko urteurrenetako moduko ospakizunik egingo ez badute ere, egitarau xumea bezain polita prestatu dute.
Hala, eguenean hasi eta domekara bitartean, argazki erakusketa baten bitartez gainbegirada bat emango diote 45 urteko ibilbideari. Antzinako kofradi zaharrean bisitatu ahalko da erakusketa honako ordutegian:
-
Eguenean, 18:00etatik 20:00etara.
-
Barikuan, 18:00etatik 20:00etara.
-
Zapatuan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
-
Domekan, 12:00etatik 14:00etara.
Bi saio, zapatuan. 45 urteko ibilbidea ospatzeko, gainera, dokumental bat ere grabatu dute: Alkartasuna Dantza Taldea: arnasa luzeko bidea. Ordubeteko lanean gaur egungo taldekideak, izan zirenak, taldeko lagunak eta herriko kultur talde desberdinetako aurpegi ezagunak ikusi ahalko dira. Gidoia eta egitura Alkartasuna Dantza Taldeak egin du: “45 urte hauetako ibilbidea kontatzen du, momentu garrantzitsuenak aipatzen dira. Taldea zelan sortu zen eta ondorengo garapenaren berri ematen da. Horrez gain, dantzarientzat taldeak suposatzen duena kontatu dugu”. Grabaketa lanak Arrigurik egin ditu eta dokumentaletan aditua den Aitor Gametxok zuzendu eta editatu du lana.
Nestor Basterretxea aretoan ikusi ahalko da Alkartasuna Dantza Taldearen dokumentala, eta horretarako bi aukera edukiko dituzte herritarrek zapatuan. Lehenengo saioa 12:00etan izango da, eta bigarrena, berriz, 13:30ean. Sarreraren prezioa hiru eurokoa da, eta bihartik aurrera lortu daitezke honako lekuetan: Luma liburu dendan, kofradia zaharreko erakusketan (bihar eta etzi) eta emanaldiaren egunean bertan, 11:30etik aurrera, Nestor Basterretxea aretoko leihatilan.
Zapatuan bertan, gainera, dantza taldeko umeek herritik egingo duten ginkana dantzarian parte hartzeko aukera edukiko dute, 12:00etatik aurrera.
Azkenik, domekan, 45 urte hauetan dantza taldeko partaide izan diren guztiak gonbidatu dituzte Lameran egingo duten dantza topaketa herrikoira. 13:30ean jarri dute hitzordua, eta Lamera urdinez koloreztatzeko asmoz, dantza taldeko kamisetagaz edo mahoiz janzteko deia luzatu dute.
Apirilean, euskal folklorez jantzi zituzten herriko erakusleihoak. Berton elkartearen laguntzagaz, herriko 40 saltokitan arropa, material eta musika tresna desberdinak ikusgai jarri zituzten. Ondoren, maiatzean, horiek guztiak Nestor Basterretxea aretoan jarritako erakusketa batean egon ziren ikusgai. Horrez gain, hitzaldiak, tailerrak eta bestelakoak ere antolatu dituzte aurten.