COVID ziurtagiria eskatzeko onespena galdegin dio Jaurlaritzak auzitegiari
Jaurlaritzak COVID-19aren aurkako prebentzio neurri berriak ezarri ditu 150 kasuko tasa gainditzen duten udalerrietarako. Gaur gaurkoz, eskualdean, Bermeok, Foruak, Gautegiz Arteagak, Gernika-Lumok eta Mendatak gainditzen dute.
“Gaur hartu behar ditugu neurriak biharko egoera beste bat izan dadin”. Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren hitzak dira, gaur Gobernu Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan. Hain zuzen, 100.000 biztanleko inzidentzia-tasa metatua 150etik gorakoa den herri guztietan neurri berriak ezarriko dituztela azaldu du. Gaur gaurkoz, Bermeok 165,58ko inzidentzia-tasa du, Foruak 442,48koa, Gautegiz Arteagak 354,169koa, Gernika-Lumok 220,13koa eta Mendatak 246,91koa. Neurri berriak azaroaren 17an, gauerdian, sartu dira indarrean.
Era berean, Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiari galdegingo dio gaueko aisialdiko ekitaldietan eta jatetxeetan COVID ziurtagiria eskatzeko aukerari buruz.
Jaurlaritzak Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiari eskatuko dio zenbait ekitalditan COVID ziurtagiria eskatzeko baimena: 12 urtetik gorakoentzako gaueko aisialdi guneetan, kontzertuetan…#COVID19 #neurriak
— Busturialdeko Hitza (@BusturiaHitza) November 16, 2021
Ekitaldi jendetsuak saihestera edo horiek modu seguruan egiteko neurriak indartzera bideratutako neurriak direla esan du. Besteak beste, urriaren 6ko dekretuak ezarritako neurriak bermatu ezin daitezkeen ekitaldietan, udal agintariek aparteko neurriak har ditzaketela esan du Osasun sailburuak. Osasun neurriak bermatu ezin daitezkeen ekitaldiak bertan behera uzteko erabakia har ditzakete udalerriek; bereziki jana eta edana tartean daudenetan, horretarako maskara kendu behar delako.
Prebentzio neurriak gomendatu ditu Jaurlaritzak jan-edanerako bilkura eta ekitaldietan. Maskararen erabilera beharrezkoa dela esan du Sagarduik.#COVID19 #neurriak
— Busturialdeko Hitza (@BusturiaHitza) November 16, 2021
Agindu berriarekin batera, indarrean jarraituko dute maskara nahitaez erabiltzea, eskuen higienea eta espazio itxien aireztapena bezalako neurriak, bai eta urriaren 6ko aginduaren eranskinean jasotakoek ere.
Herritarren %70 txertatuta dagoen arren inzidentzia-tasa 196,25ekoa izatea “erne” egoteko modukoa dela esan du Sagarduik. Aitortu du ospitaletako presioa ez dela aurreko mailetara iritsi, baina inpaktua berantiarra izaten dela esan du. Gaineratu du, birusak inzidentzia handia duela 6 eta 12 urte artekoengan, eta haientzako txertorik ez dagoela oraindik.
Araudiari dagokionez, txertoa jartzea derrigorrezko egiteko lege bermerik ez dago, eta osasun langileei horretara behartzea baztertu du sailburuak. Dena den, esan du txertoa dela birusa geldiarazteko tresnarik onena, eta neurriak bete behar direla atzera ez egiteko.
Jaurlaritzak aurrerantzean astelehenetan eta eguenetan emango ditu COVID datuen berri, eta egoerari erreparatuta hartuko ditu erabakiak. Hala, Gabonei begira, datuen eboluzioaren zain geratuko direla esan du Sagarduik.