Desberdinen artean, desberdintasunei aurre egiteko unea dela esan du Bidegurenek
EH Bilduk Bermeon egin du ekitaldia gaur, eta gizartea eta errealitatea injustiziaz beterik dagoelako, aldaketarako momentua dela esan du Idurre Bideguren senatariak. Mobilizazioaren garrantzia azpimarratu eta azaroaren 20an Bilbon batzeko deia egin du.
“Euskal Herriaren kapitulu berri bat” idazteko, azaroaren 20an Bilbora joateko deia egin du Idurre Bidegurenek gaur, EH Bilduk Bermeon egin duen ekotaldian. “Burujabeak izan nahi dugu, politika aurrerakoiak egiteko, herri baketsu eta berdinzale bat eraikitzeko eta ditugun erronka nagusiei behar den modura erantzuteko”. Hala, anitzen indarrak batzeari garrantzia eman dio EH Bilduren senatariak.
Aldaketarako momentua dela azpimarratu du heritarren aurrean, gizartea eta errealitatea injustiziaz beterik dagoelako. “Desberdintasun sozialak ikusi ditugu, baita krisi garaitik ateratzerakoan ere. Batzuren irtenbideekin gizarte desberdintasunak handitu egin direlako”. Krisi pertsonalari dagokionez, buruko osasunarekin dauden arazoak benetan kezkagarriak direla aipatu du. “Pandemian sortu diren arazoei erantzuna eman behar zaie. Gure bizimodu ereduak, erritmoak, zaintza ereduak… ere eraman gaitu egoera honetara”. Horri, krisi ekologikoa gehitu behar zaiola adierazi du Bidegurenek, eta sistema jasanezina dela esan du. “Ekologikoki, argi dago planetak bere mugak dituela eta momentu honetan dugun poduktibitate eta kontsumo ereduak aldaketa urgentea behar dute”.
Mobilizazioa, behar-beharezkoa. Glasgoweko Goi Bileran egoteko aukera izan du senatariak, eta kalean ikusi duen indarra eta mobilizazioa azpimarratu ditu gaurko ekitaldian. “Indar hori balorean ipini behar da, horrek suposatuko duelako behar diren neurriak hartzea, erakundeetan egiten den lanari legitimitate eta sinesgarritasuna ematea”, esan du. Euskal Herrian ere, gauza bera gertatzen dela adierazi du, “eta hemen zaudeten askok egiten duzuen lana goraipatu nahiko nuke; mugimendu ezberdinetan egiten duzuen lana, ez bakarrik EH Bilduren baitan, baizik eta beste hainbat mobilizaziotan parte inplikatua garelako, eta horrek bere balioa du: langileen eskubideen alde, feminismoaren inguruan, pentsionisten indarra, aldaketa klimatikoari aurre egiteko gazteen konpromisoa…”. Presoen eta errefuxiatuen eskubideen aldeko lana ere aipatu du, heritarrak aurrerantzean horien guztien alde lan egiten jarraitu beharko dutela azpimarratuz. Mobilizazio hori, behar-beharrezkoa dela esan du Bidegurenek, errealitate honi ahalik eta azkarren buelta emateko: “Horretarako behar dugu Euskal Herrian ditugun pertsona, jakintza eta konpromiso maila gure inguruan egotea. Horregatik, EH Bildun diogu gero eta gehiago eta gero eta anitzagoak izan behar dugula. Denon jakintza eta konpromisoa behar da”.