Akatsak garesti ordaindu dituzte basurdeek Ordiziaren kontrako derbian
Taldea gipuzkoarra 51 eta 08 nagusitu da atzo [azaroak 13] Altamiran jokatutako neurketan.
Derbiak ere ihes egin die basurdeei. Jokoan deseroso ibili ziren atzo gernikarrak, eta hori erakutsi zuen Altamirako berdegunean Ampo Ordizia RE eta Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldearen artean jokatutako partiduak.
Euskal derbia ez zen, beraz, Gernikako taldeak espero bezala gauzatu. Kanpotik bazirudien basurdeak deseroso zeudela berdegunean, eta ez zuten beraien jokoa islatzea lortu. Horri, gainera, egindako akatsak eta etxeko taldearen nagusitasuna gehitu zitzaien. Hori dela eta, garaipenak ihes egin zien bosgarren jardunaldian.
Basurdeen akats baten ondorioz heldu zen, hain zuzen be, neurketako lehen entsegua Imanol Aldanondoren eskutik. Valentin Cruzek transformatu eta markagailuan aurrea hartu zuten ordiziarrek. Abantaila laburtzeko ahaleginetan, Ruan Wassermanek markagailuan 7 eta 3koa jartzea lortu zuen, zelai erditik haratago jaurtitako zigor ostiko baten bitartez. Baina berehala heldu zen ordiziarren erantzuna, eta hamabost minuturen buruan hiru entsegu egin zituen. Partiduaren 35. minuturako markagailuak 31 eta 3koa adierazten zuen.
Jokoari dagokionez, zein une estatikoei erreferentzia eginez, gernikarek ez zuten bere onena erakutsi Altamiran. Egindako zenbait akats garesti ordaindu zituen talde bizkaitarrak. Dena den, atsedenaldira heltzeko bizpahiru minutu falta zirenean Aritz Asensiok Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldearen aldeko entsegua lortu zuen, markagailua 31 eta 8koagaz utziz.
Txartel horiak. Bigarren zatiari dagokionez, Ordizia izan zen nagusi. Zenbaitetan gernikarren aurrerapausoak hauteman arren, Gernikak ez zuen lortu aukera horiek puntuetan islatzea. Bitartean, baina, puntuak zenbatzen jarraitu zuen Ordiziak bigarren zatian. Partiduaren 61. minutuan etxeko taldearen aldeko zigor entsegua adierazi zuen Pedro Montoya epaileak. Aldi berean, Reuben Du Plooy Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeko jokalariak txartel horia ikusi zuen, taldeko falta errepikapena egotzita.
Berdegunean bat gehiago izateari etekina atera zion etxeko taldeak. Gainera, neurketako azken entseguarekin batera, Agustin Tomas Veroli Gernikako jokalariak txartel horia ikusi zuen epaileak joko zikina egotzita. Horrela, neurketako azken minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu zituen Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak. Hala ere, neurketako azken minutuan, Caylib Rees Oosthuizen Ampo Ordiziako jokalariak ere txartela ikusi du, zelaian talde bakoitza hamalau jokalarirekin utziz.
Hurrengo partidua, oso garrantzitsua. 51 eta 08ko markagailuarekin amaitu zen neurketa Altamirako zelaian. Hala, bost jardunaldi jokatuta, basurdeek ez dute oraindik garaipenik lortu eta sailkapenaren beherenean mantentzen dira, puntu bakarrarekin.
Datorren asteburuan Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak ez du partidarik jokatuko, bosgarren jardunaldiko hiru neurketa jokatuko baitira. Seigarren jardunaldia azaroaren azken asteburuan jokatuko da, eta talde gernikarrak C.P Les Abelles hartuko du Urbietan. Atzokoaren ostean, akatsetatik ikasi behar dutela adierazi dute basurdeek, eta gaurtik aurrera lanean jarriko dira hurrengo jardunaldiari begira. Izan ere, Valentziaren aurkakoa neurketa oso garrantzitsua izango dela adierazi du GRTk. Valentziarrek lau jardunalditan garaipen bakarra eskuratu dute, eta aurkari zuzenak izan daitezke gernikarrentzat.