Patronala Bizkaiko kontserberetako hitzarmena "blokeatzen" ari dela salatu dute
Kontserberetako ordezkari sindikalek eta sindikatuetako ordezkariek manifestazioa egin dute gaur [azaroak 12] Bilbon. Jakinarazi dute ez dutela alde batera uzten greba egiteko aukera.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dutenez, Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektoreko negoziazio mahaian Cebek Bizkaiko patronalak ez du sektoreko langileen baldintzak duintzeko gogorik agertu. Hala, Bizkaiko hitzarmena “blokeatuta” dagoela esan dute. Egoera zelan dagoen agertu eta blokeoa salatzeko, kontserberetako ordezkari sindikalek eta sindikatuetako ordezkariek manifestazioa egin dute gaur [azaroak 12] Bilbon. Jesusen Bihotzetik hasi eta Cebeken egoitzaren aurrean amaitu dute protesta.
Maiatzaren 24az geroztik patronalagaz zazpi bilera egin dituzte, baina ez dute ezer lortu. “Lehenengo egunean modura jarraitzen dugu. Esan dezakegu patronalaren aldetik ez dela norabide egokian urrats bat bera ere eman. Negoziatzeko eta Bizkaiko hitzarmena era egokian berritzeko gogorik ez duelako agertu, mobilizazioetara jotzea erabaki dugu; negoziazioen blokeo honen aurrean mobilizazioen bidea besterik ez digu laga. Gaur egin dugu lehenengo mobilizazioa, eta behar diren guztiak egingo ditugu soldatak eta miseriazko lan baldintzak dituen sektorea duintzeko”.
Patronalak negoziatzeko jarrerarik hartzen ez badu, “borrokaren bultzadaz” jarrera hori aldatu beharko lukeela diote
Azken zazpi hilabeteotan egin dituzten bileretan patronalak soldatak izoztea proposatu duela ere salatu dute sindikatuek. “Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %5,5eko KPIa dugun testuinguru honetan, patronalak soldatak izoztea eta erosteko ahalmena nabarmen galtzea ekarriko luketen soldatak eguneratzea baino ez du proposatzen. Negoziazio mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok sektoreko langileen beharrak jorratzen dituzten plataformak aurkeztu ditugun arren, patronalaren erantzuna soldatak izoztea eta erosteko ahalmena galtzea izan da”.
Sindikatuen iritziz, patronalak langileen kontratuak “are gehiago malgutu” nahi ditu. “Sektorean ezkutuan dagoen prekarietateari aurre egiteko, hitzarmena aplikatzea bermatzeko, lan osasunaren arloan aurrera egiteko eta langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko elementuei buruz aritu beharrean, patronalak malgutasun elementu ugari dituen sektorea (behin-behineko kontratuak, aldizkako finkoak, ordu poltsa, ABEEak…) are gehiago malgutu nahi du”.
Jakinarazi dute ez dutela alde batera utzi greba egiteko aukera. Eta patronalak negoziatzeko jarrerarik hartzen ez badu, “borrokaren bultzadaz” jarrera hori aldatu beharko lukeela diote. Eskualdean ere ekintza gehiago egiteko asmoa daukatela iragarri dute. “Horiek denak lotzen ari gara. Egoerak hala jarraitzen badu aurrera begira mobilizazio gehiago egin beharko ditugu; ez dugu baztertzen grebara deitzeko aukera. Gure asmoa da arazoa mahai gainean jartzea eta honi guztiari irtenbidea ematea da. Eskubideak bermatuko dituen hitzarmen duina lortu arte, mobilizatzen jarraituko dugu”.