"Pandemiak lehenago pairatzen genituen sintomak argiago azaleratzen lagundu digu"
Psikoanalisiaren tekniketan sinisten du Aitziber Torre psikologoak. Tratamendu horrek min psikikoa arintzen du, garapen pertsonala bultzatzen du eta autokontzientzia hobetzen duela dio.
Psikoanalisiaren tekniketan sinisten duzu. Zer da psikoanalisia, zertan datza?
Terapia honek emaitza onak dituela frogatuta dago, ez da fede kontua. 130 urte baino gehiagoko esperientzia duen praktika terapeutikoa da. Giza adimenaren funtzionamenduari buruzko teoria bat da, eta Sigmund Freud mediku neurologoak sortutako praktika terapeutikoa da. Arazo psikikoak tratatzeko metodo bat da. Tratamendu horrek min psikikoa arintzen du, garapen pertsonala bultzatzen du eta autokontzientzia hobetzen du. Era berean, psikoanalisiak eragiten dituen emaitza positiboek denboran iraun egiten dute.
Psikoterapia analitikoa da zuk erabiltzen duzun teknika. Zerk bereizten du?
Hala da. Psikoterapia analitikoa psikoanalisiaren printzipio teoriko eta teknikoetan oinarritzen da, baina ez da ohiko tratamendu psikoanalitikoa. Bien arteko desberdintasun nagusiak hauek dira: psikoanalistaren prestakuntza vs. psikoterapeutaren prestakuntza, tratamenduaren helburuak eta tratamenduaren iraupena. IPAren arabera (Psikoanalisiaren Nazioarteko Elkartea), psikoanalista bihurtzeko prestakuntzak, hautagaiaren azterketa pertsonala, mintegi teoriko, tekniko eta klinikoetara joatea eta beste psikoanalista batekin egindako lana gainbegiratzea eskatzen du. Prozesu honetarako bost eta hamar urte bitartean behar dira, eta epaimahai baten onespenagaz amaitzen da. Psikoterapeutaren prestakuntzak, ordea, ez ditu lehen aipatutako fase guztiak igaro behar, baina nahitaez osasun mentalari buruzko unibertsitate prestakuntza behar da. Azkenik, psikoterapia analitikoak helburu mugatuagoak ditu psikoanalisiarenak baino, eta denbora laburragoan lortzen dira. Nire kasuan, psikologian lizentziatua naiz, unibertsitateko bi master ditut, psikoanalista bategaz analisi pertsonal bat egin dut, etengabeko prestakuntzan nago eta egiten dudan lana psikoanalista bategaz gainbegiratzen dut.
Arinago beste terapiarik frogatu izan al duzu?
Zalantzarik gabe. Psikoterapeuta gisa lan egin dudan bederatzi urteko esperientzian hainbat terapia eta teknika probatu ditut, horien artean, terapia kognitibo-konduktualak, erlaxazio eta arnasketa teknikak eta psikodrama. Terapia bakoitzak bere teknikak dauzka. Gaur egun, teknika horietako bat pazientearentzako erabilgarria izan daiteke-
ela uste badut (nahiz eta teknika psikoanalitikoa ez izan), erabili egiten dut.
Zein da laguntza eskatzeko unerik egokiena?
Laguntza eskatzeko unea iristen da sentitzen dugunean iraganean bizitako esperientzia hark edo gertatzen ari zaigunak ez digula aurrera egiten uzten. Sintomak askotarikoak izan daitezke: insomnioa, goserik eza edo gehiegizko gosea, suminkortasuna, larritasuna, tristura bizia, heriotzaren ideiak, antsietatea… Alarma oso argia da denboran etengabeko ondoeza sentitzea edo zerbait ziklikoa izatea.
Zer da ohikoena, laguntza behar duenak horretaz konturatzea edota kanpoko norbait izatea konturatzen dena?
Bietatik gertatzen da, pertsonaren araberakoa izaten da. Pertsona batzuk ez dira gai gaizki egoteko, ez dute nahi besteek ikustea sufritzen ari direla, hau da, gertatzen zaiena ukatzen dute. Kasu horiek dira besteen beharra izaten dutenak laguntza behar dutela konturatzeko. Kasu horietan, handikap bat dago; argi badago ere pertsonak laguntza behar duela, ez badu nahi, ezin da lan psikoterapeutikorik egin. Premia ere baloratu beharko litzateke. Kasu larria bada, beti dago aukera larrialdietara bideratzeko. Beste batzuk, berriz, oso kontziente dira gertatzen zaienaz, eta lehenago edo beranduago laguntza eskatzen dute, aurre egin ahal izateko. Baina bi kasuetan, orokorrean nekeza izaten da pausoa ematea, ez da erraza.
Pandemiatik “irteten” ari garen honetan, ze onura ditu psikoterapiak?
Zenbatekoaz baino gehiago (zer onura, zeintzuk) kalitateaz hitz egingo nuke. Psikoterapia bat egiteko, lehenik eta behin, lagunduko dizun profesionala aurkitu behar duzu. Erabiltzen duen metodoa zure premien araberakoa izan behar da eta une egokia izan behar da. Hiru kasuistika horiek betetzen badira, lortu ditzakezun onurak bizi kalitate handiago batera eramango zaituzte.
Pandemiagaz, nabaritu duzu bezeroen gorakadarik? Arazo desberdinik? Ohikoak ez diren gaiak azaldu dira?
Egia esan, nolabaiteko lotura egon daiteke pandemiak eragin dituen ondorioen eta jendeak laguntza psikologiko gehiago eskatzearen artean. Pandemiagaz erabat aldatzen dira subjektuak mugitzeko baldintzak. Baina kontuan izan behar da aurretik ere zerbait gertatzen zitzaienei arazoa arindu egin zaiela. Pandemiak ez gaitu gaixotu; alderantziz, lehenago pairatzen genituen sintomak argiago eta biziago azaleratzen lagundu digu.
Beharrizan handiagoa ikusi duzu ume eta nerabeen artean psikoterapia egitea?
Nire kasuan ez, baina beste lankide batzuei ere galdetu beharko genieke. Gaur egun lan egiten dudan adingabeak ez dira etortzen pandemiagaz zuzenean lotutako arazoak edo ondoezak izateagatik.
Ume, nerabe, heldu… nork jotzen du arinago psikoloarengana?
Nire ustez, errazagoa da adingabe bat psikologo batengana joatea; izan ere, gurasoak gertatzen zaienaren zuzeneko behatzaile izateaz gain, beste figura heldu batzuk ere badaude, hala nola, ikastetxeko irakasleak; adingabearengan zailtasunak identifikatu eta gurasoei laguntza psikologikoa iradoki diezaieketenak. Orokorrean, familia batean ondoeza badago, gurasoek nahiago izango dute alaba edo semea terapiara joatea; beren buruari laguntzea baino, semeari edo alabari laguntzea lehenetsiko dute. Garrantzitsua da ulertzea beharrezkoa dela gurasoa ondo egotea eta laguntza eskatu ahal izatea, behar izanez gero, semeari edo alabari lagundu ahal izateko.
Psikoloarengana joatea zoro egoteagaz lotzen dute batzuek. Zer esango zenieke hori pentsatzen dutenei?
Ulertzen dut denbora luzez lotura hori egin izana, estigma hori egon izana, jendearen ezjakintasunagatik. Psikoterapiara doaz norbere burua ezagutzeko prozesu bat egin nahi duten pertsonak, bere sufrimenduaren zergatia ezagutu eta arindu nahi duenak edota dolu prozesu batean lagundu nahi duenak, besteak beste. Zu eta ni bezalako pertsonak doaz, ez da beharrezkoa gaixotasun mental larri bat edukitzea laguntza psikologikoa eskatzeko. Gure osasun mentala zaindu behar dugu, osasunik gabe ez daukagu-eta ezer.