Munduko Koparen bila
Munduko Kopa datorren astean jokatuko dute Mexikon. Unai Lekerika eta Diego Beaskoetxea gernikarrek ilusioz bidaiatu dute bertara. Titular modura joan da Lekerika, eta Beaskoetxea, berriz, ordezkoa da. Gernikako Grand Slama irabazi zuen Lekerika «sasoi betean» heldu da mundu mailako hitzordura.
Munduko puntista onenak aurrez aurre jarriko dituen Munduko Kopa hastear da. Mexikon astelehenetik zapatura bitartean jokatuko dute. Cienfuegoseko (Kuba) jatorrizko egoitzan lehiatzea ezinezkoa denez, Zinacantepecek Tolocan dituen instalazioetan erabakiko da nortzuk diren momentuko puntistarik onenak. Egungo txapeldunak Olharan eta Etxeto dira, 2017ko Biarritzeko finalean Goikoetxea eta Ekhi mendean hartu zituztelako.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko puntistak prest daude eta 54 metroko frontoia zain dute. Espainiako Federazioko hautatzaile Roberto Lekue ondarrutarrak sei pilotari profesional eta 24 urtez azpiko lau aukeratu ditu. Profesionaletan, Aritz Erkiaga, Iñaki Osa Goikoetxea eta Diego Beaskoetxea (ordezkoa) aurrelariek eta Unai Lekerika, Imanol Lopez eta Aimar Aldazabal (ordezkoa) atzelariek bidaiatu dute Mexikora. 24 urtez azpikoetan, Ekaitz Mendizabal Goixerri eta Alex Goitia aurrelariak eta Mikel Manzisidor eta Danel Mandiola atzelariak dira hautatuak. Entrenatzen «gogor» aritu dira, eta orain, euren maila erakutsi beharko dute mexikarren eta frantziarren kontra.
Maiatzean hasi zuten prestaketa honen emaitzak ikusteko «gogo askogaz» daudela dio Erkiaga ispastertarrak: «Ea emaitza onak lortzen ditugun. Agian ez ditugu hainbeste ensaio egin, baina gu gure artean ezagutzen gara, badakigu bakoitzak zelan jokatzen duen». Bera eta Hernandez dira egungo munduko txapeldunak–2018an Bartzelonan jokatu zuten–, baina lehenengoz lehiatuko du Munduko Kopa. Dena «ondo joatea» eta ezustekorik gabe, «denak kantxan egotea» espero du: «Ea partidu politak irteten diren».
Irabazteko esperantzak ditu, eta espainiar selekzioko bikoteen arteko finala izatea nahi du. Horretarako, frantziarrei irabazi beharko diete: «Mexikarrek ez daukate hainbeste konpetentziarik euren artean, eta gaitza da maila altua edukitzea. Gure artean jokatuta lortzen da maila; beti joaten zara pixka bat hobetzen».
Erkiagagaz abuztuan Gernikako Grand Slama irabazi zuen Lekerika «sasoi betean» heldu da mundu mailako hitzordura. Azken hilabeteetan fisioterapeuta batekin entrenatzen eta nutrizionista bategaz elikadura kontrolatzen aritu eta gero, «mailarik onenean» dago atzelari gernikarra: «Fisikoki puntu onean nago; kantxan gustura ari naiz».
Afizionatuetan txapeldun
Ez da mundu mailako txapelketa bat lehiatzen duen lehen aldia, ezta Mexikon jokatzen duena ere. Afizionatu mailan Munduko Kopa bertan irabazitakoa da: «2013an eta 2014an txapelketa hauek afizionatuek jokatzen zituzten, eta horiek lehiatzeko eta irabazteko aukera izan nuen Barandikagaz».
2013an, Munduko Kopa Mexiko Hiriko Club España frontoian jokatu zuten, eta Mexikoren aurka irabazi zuten finala Lekerikak eta Barandikak. Hurrengo urtean, Munduko Txapelketa Absolutua lehiatu zuen aurtengo Munduko Koparen frontoi berean: «Frontoiko oroitzapen oso onak ditut. Afizionatu mailan ari ginen, etxetik kanpo jokatzen nuen bigarren aldia zen, eta Munduko Txapelketa Absolutua frantziarren kontra irabaztea ikaragarria izan zen, eurak baitziren faboritoak. Oroitzapen onak ditut, eta orain dela zazpi urteko akordu horiek errepikatzea gustatuko litzaidake orain». Ez da erraza izango aurkariak «oso gogorrak» direlako. Espainiako Selekzioko bi bikoteak onenan direla, baina frantziarrek bi bikote «sendo» dituztela azpimarratu du: «Eurak dira aurkari zuzenak. Finala edo finalerdia horien aurka izango da». Erkiaga eta Lopez sasoi betean heltzen direla gogoratu du, «bakoitzak lau Grand Slam irabazi dituelako».
Gogor borrokatu beharko dutela argi dauka, partidu bateko lehia delako, eta egun txar bat izanez gero, kanporatuta geratu ahal direlako. «Txapelketaren hasieratik amaierara arte dena ematera aterako gara».
Afizionatu mailan Munduko Txapelketa eta Munduko Kopa irabazitakoa da Lekerika
Aurtengoan bezala, 2017ko Munduko Kopan ere ordezkoa izan zen Aldazabal. Sasoiz ondo dago, eta jokoz ere aspaldion «nahikoa gustura» dabilela adierazi du: «Fisikoki ondo sentitzen naiz. Aurrekoan ez zitzaidan jokatzea egokitu, baina horretarako prest nengoen, eta oraingoan ere jokatu behar badut, prest egongo naiz». Esperientzia alde dauka berriatuarrak; Euskal Herritik kanpo Filipinetan, AEBn eta Mexikon jokatutakoa da, eta honakoa beste «esperientzia berri bat» izango da: «Ilusio askogaz noa, eta ea ondo pasatzen dugun eta helburua beteta etortzen garen etxera».
Bestalde, 24 urtez azpikoetan Markina-Xemeingo Zesta Eskolako eta Mutrikuko Danok Bat-eko pilotariak ariko dira, eta estreinako jokatuko duten Munduko Kopa honetan urrezko domina daukate begiz jota.
Goitia eta Mandiola markina-xemeindar lehengusuek bikotea osatuko dute, eta «sasoi onean» daude. «Bereziki txapelketa honetarako prestatzen aritu gara, eta nahiko ondo nago. 2.700 m-ko altitudera gure gorputzek zelan erantzungo duten ez dakigu. Diotenez, nahiko gogorra izaten da altitude horretan mugitzea. Ea arazorik ez dagoen», adierazi du Goitiak. Mandiola «indartsu eta gogotsu» dago.
Sei urtegaz hasi ziren zestan jokatzen, eta alkarregaz lehiatzeko aukera daukatelako pozik daude. «Etxekoak gara, eta hainbat txapel irabazi ditugu hamabost urteotan. Ederto ezagutzen dugu elkar», adierazi du Mandiolak. «Bizi osoa gabiltza elkarregaz jokatzen. Batera hasi ginen, eta bikoteka jokatzen dugun bakoitzean lan ona egiten dugu», gaineratu du Goitiak.
Dituzten «aukerak aprobetxatzen ahaleginduko» dira. Euren ustez, Mendizabal eta Manzisidor dira aurkari zuzenak. Beste herrialdeetako bikoteei erreparatuta, «edozeinek irabazi dezakeela» uste du Mandiolak, baina borroka Espainiako bi bikoteen edo frantziarren artean egongo dela dio. «Frantziakoak oso ondo prestatuta helduko dira; ondo jokatzen dute. Mexikokoak ez ditugu ezagutzen, ez dakigu zelan jokatzen duten».
Mutrikuarrak eta markina-xemeindarrak ondo baino hobeto ezagutzen dira kantxa barruan: «Bizitza osoa elkarren kontra jokatzen ibili gara. Argi dago maila honetan ez dagoela aurkari errazik, eta denok lan oso ona egin beharko dugu elkarri irabazteko», azaldu du Manzisidorrek.
Lesiotik errekuperatuta
Goixerrik eskuineko bizepsaren beheko aldeko tendoia hautsi zuen uztailean, Mutrikuko Masterrean. Mexikon egoteko helburua kolokan ikusi zuen udan: «Zestan lesio txarrenetakoa da. Lesionatu nintzenean oso zaila ikusten nuen mundialera ailegatzea. Errekuperazio oso ona egin dut, hainbeste mediku eta fisioaren laguntzarekin, eta lortu dut mundial honetara ailegatzea».
Danian jokatzeak emandako esperientzia «aldeko izan» dezakeela deritzo, eta hautatzaileak eta federazioak emandako konfiantzagatik «pozik» dago. «Ez dakit %100 ailegatzen naizen, baina, espero nuena baino askoz hobeto nago; %85-90 banago. Agian, ez daukat lesioaren aurretik eduki nuen indar puntu hori. Ensaioetan ikusten da zelan zauden, eta ensaio osteko sentsazioak dira adierazgarriak. Garrantzitsuena minik ez edukitzea da, eta ez dut halakorik sentitu ez ensaioetan ezta ondoren ere».
Duela hiru aste Manzisidor hirugarren sailkatu zen 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketan. Bakarka izan zen hura, eta finalaren atarian geratu zenez, «arantza hori kentzeko gogoa» dauka: «Baina, hau beste txapelketa bat da; beste mundu bat izango da, eta beste era batera joango dira gauzak. Ahal den mailarik onena ematen saiatuko gara; aurkariei ez diegu erraz jarriko». Sasoi onean dago mutrikuar atzelaria, eta lau gazteak momentu «nahiko onean» ailegatu direla dio: «Azken urteetan profesionalekin jokatzeko eta txapelketa ezberdinak jokatzeko aukera eduki dugu. Uste dut esperientzia hartzeak pilotari bezala haztea eragin digula».
Unai Lekerikabeaskoa (Atzelaria): “Bertoko puntisten aurkako finala jokatzea gustatuko litzaidake”
- Aurtengo denboraldia aztertuta, espero zenuen Munduko Kopara joatea? Nire helburua Munduko Kopan lehiatzea izan da. Uda ona egin dut, eta uste dut merezi dudala aukeratua izatea.
- Zein da helburu nagusia Mexikon? Dominengatik borrokan egoteko aukerarik duzula uste duzu? Helburua irabaztea da, eta, ahal bada, bertoko puntisten aurkako finala jokatzea gustatuko litzaidake. Urrea irabaztera aterako gara.
- Nork irabaziko duela uste duzu? Nortzuk dira faboritoak? Euskal pilotariok irabazi ezean, porrota izango da. Selekzioagaz jokatuko dugun bikoteak gara faboritoak. Frantziarrak ere oso gogorrak dira, bi bikote potente dituzte eta horiek izango dira gure aurkari zuzenak. Hala ere, partidu bakarreko partiduak dira, eta galduz gero, kaleratuak izan gintezke. Dena ematera aterako gara.
Diego Beaskoetxea (Aurrelaria): “Bertoko pilotariak dira faboritoak; frantziarrak baino hobeagoak dira”
- Aurtengo denboraldia aztertuta, espero zenuen Munduko Kopara joatea? Aurten ez ditut txapelketak irabazi, baina nire maila ona izan dela uste dut. Munduko Kopan egoteko aukerak izan nitzakeela pentsatzen nuen.
- Zein da helburu nagusia? Ordezko pilotari bezala noa, baina norbaitek falta eginez gero, jokatzeko prest nago. Inoiz ez naiz Munduko Kopa bezalako txapelketa batean egon, eta esperientzia berria izango da niretzat. Ez dakit nire azken urtea izango den edo ez, baina bertan egoteak ilusioa egiten dit.
- Nork irabaziko duela uste duzu? Nortzuk dira faboritoak? Bertoko pilotariak dira faboritoak. Ez dakigu zein bikote osatuko duten, baina nahi bezela nahastuta ere, eurak dira irabazteko faboritoak. Frantsesak baino pilotari hobeagoak dira.