Merkataritza astean banatuko dituzte 2021eko Nik Gernikan Sariak
Adela Garteiz dendak ibilbide komertzialaren saria jasoko du, eta ostalaritzakoa, berriz, Legoie tabernari emango diote. Auzoko merkataritzari dagokion saria, Izaskun harategiak jasoko du, eta ekimen berritzaileari dagokiona Crossfit Gernikak.
Iñigo Magunagoikoetxea Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak eta Borja Escalona merkataritza arloko teknikariak 2021eko Nik Gernikan Sarietan sarituak zeintzuk diren iragarri dute gaur: Adela Garteiz (ibilbide komertziala), Legoie taberna (ostalaritza), Izaskun harategia (auzoko merkataritza) eta Crossfit Gernika (ekimen berritzailea).
Sari banaketa ekitaldia, Merkataritza Astearen barruan, eguenean (azaroak 18) egingo dute Elai Alai Aretoan, 20:15etatik aurrera.
Nik Gernikan Sarien bigarren edizioa da aurtengoa. “Asmo nagusia praktika onak azpimarratzea, goraipatzea, eta azken batean saritzea da”, gogoratu du Magunagoikoetxeak. Aurten 53 enpresak parte hartu dute, eta “kalitate maila oso altua” egon dela nabarmendu du Escalonak.
Zinegotziaren berbetan, ibilbide komertzialaren sariak “herriko betiko dendak” saritzen ditu: “Ez bakarrik iraunkotasunagatik, baizik eta herriari eman dioten zerbitzuagatik, eta herriaren izena bere mugetatik kanpo eroategatik. Gernika-Lumoko historian erreferente diren establezimendu enblematikoen eta familia-sagen ibilbidea aitortzen du, merkatuaren egoera aldakorretara egokitzearen eta hazteko eta hedatzeko gaitasunaren adibide izanik.” Adela Garteiz dendak egindako “ibilbide paregabea” azpimarratu du merkataritza arloko teknikariak: “170 urtetik gorako ibilbidea du, eta azken urteotan, merkataritzan ez ezik, gizartean egon diren aldaketetara egokitu da”.
Auzoko merkataritzaren saria Gernika-Lumoko merkataritza-erdigunetik kanpo dauden saltokien errekonozimendua da. “Denda gisa zeregin garrantzitsua duten, eta auzoan erreferente diren saltokiak aintzat hartzen ditu. Auzoari bizia ematen dien establezimenduak dira”, azaldu du Magunagoikoetxeak. Izaskun harategiak auzoari “ekarpen handia” egiten diola, eta auzoan “erreferente bihurtu” dela esan du Escalonak: “Gune honetan eragin handia dauka harategi honek. Izaskunek orain dela 20 urte baino gehiago hartu zuen, eta azken urteotan inbertsio asko egin ditu. Denda berrasmatu du; produktu berriak sortu ditu, eta gainera, bezero berriak eta gazteak erakarri ditu”.
Crossfit Gernikak udalerrian zegoen beharrizan bati erantzuten diola zehaztu du teknikariak. “Urtebete darama irekita, eta ehunka pertsona mobilizatu ditu”. Gernikaren alde “apustu sakona” egin duela gaineratu du: “Adibidez, Bonbardaketaren urteurrenean Gernika entrenamendu berezia egin zuten espainiar estatu osoan”.
Ostalaritza sarian Gernika-Lumoko ostalaritzako profesionalak nabarmentzen dira, sektoreari egiten dioten ekarpenagatik, eta udalerriko garapen ekonomikoan laguntzeagatik, profesionalen artean zabaltzen dituzten jardunbide egokiengatik, eta eskaintzen dituzten zerbitzuengatik. Legoie tabernaren “izaera berritzailea” aitatu du Escalonak: “Garagardoaren inguruan apustua egin du, eta adibide berezi bat da ostalari guztientzat. Bertoko artisau-garagardoak zein kanpokoak dauzka, eta garagardo-dastaketak, maridajeak eta bidaiak antolatzen ditu. Garagardo kluba ere sortu du Gernikan, eta horrez gain, bere kalean giro berezia sortzen du, kontzertuak edota jaiak antolatuz, besteak beste”.