Hradischkoko seien arrastoa
Angel Lekuonaren eta beste bost presoren errautsak non dauden jakin du Anton Gandariasek. Osabaren arrastoari jarraitu dio 20 urtez, eta haren historia Mallorcara eramango du.
Osabaren errautsak Pragako (Txekiako Errepublika) erraustegi batean daudela jakin du Anton Gandariasek: Strasnicen. Gestapok atxilotu zuen bere osaba, Angel Lekuona busturiarra, 1943. urteko udan. Hain zuzen, Flossenburgen beragaz egon zen Gregorio Urangak bidalitako gutunari esker jakin zuen Lekuonaren familiak atxilotu eta fusilatu egin zutela. Gutun horren arabera, 1945ko apirilaren 10ean hil zuten, bide bazterrean, beste zenbait presogaz batera.
Lekuonaren iloba Anton Gandariasek duela gutxi jakin du bere osaba Espainiako estatuko beste bost presogaz batera fusilatu zutela Hradischkoko kontzentrazio esparruan eta beste bost horien errautsak ere osabarenak dauden leku berean daudela.
«Gure aitite-amumak jaso zuten gutunean agertzen da osaba Pragako erraustegian erre zutela, baina hasiera batean ez nion garrantzirik eman», dio Gandariasek. Kasualitatez jakin zuen, gerora, Pragako erraustegi horretako arduradun Frantisek Suchyk eta izen bereko semeak alemanek hara erretzeko eramaten zituzten gorpuen ezkutuko erregistroa egin zutela, zenbakiekin identifikatuta: 62.559 errauste zenbakia da Lekuonarena. «Suchy semeak Txekiako historialari bati esan zion zerrenda bat zutela eta errautsak gorde zituztela. Hori zen nik jarraitzen nuen pista Unai Egia bilbotarragaz bat egin nuenean; berak esan zidan zerrenda bat zegoela, zenbatuta. Udaberri bueltan izan zen hori, eta haritik tiraka hasi ginen», azaldu du Gandariasek. Izan ere, Lekuonagaz hil zuten beste preso baten historia ikertzen ari da Egia, Enric Monerrena.
Errautsak berreskuratu. Horrela, Lekuonagaz batera hil eta erre zituzten beste bost presoen izenak ere jakin dituzte: Enric Moner (Figueras, Girona); Antonio Medina (Motril, Granada); Vicente Vila Cuenca (Alberic, Valentzia); Rafael Moya (Andratx, Mallorca) eta Pedro Raga Castell (Ulldecona, Tarragona). Haien familiengana heltzeko bidea hasi zuten, eta Vicente Vilaren senideak dira aurkitu ez dituzten bakarrak: «Albericekoa ez dugu aurkitu, arrastorik ez dugu. Saiatu naiz bilatzen, baina udaletxean ez omen dute haren arrastorik. Datuen Babeserako Legea ere oztopo da gaur egun».
Uste dut instituzioek zerbait egin beharko luketela. Guk indarrik ez dugu
Antonio Medina ere batu zaie Gandariasi eta Egiari, Lekuonagaz erail zuten izen bereko Antonio Medinaren iloba, eta orain errautsak berreskuratzeko asmoa daukate. «Erraustegiko arduradunek diote agian kutxak ez direla ondo egongo, eta pilatuta daudela. Baina moduren bat egon behar da, eskanerrekin edo, kutxak non, nola eta nire osabarena eta beste bostona berreskuratu daitezkeen ikusteko». Aranzadiren bitartez, Pako Etxeberriagaz ere hitz egin du Gandariasek gaiari buruz: «Berak esan zidan kutxak metalezkoak badira, ez dutela zertan txarto egon».
Pavel Palecek historialari txekiarragaz ere harremanetan jarri dira. Eta Espainiako enbaxadoreari ere laguntza eskatu diote: «Nik uste dut instituzioek zerbait egin beharko luketela. Guk indarrik ez dugu». Fusilatutako presoen jatorrizko herrietako udalak idatzi bateratu bat onartzeko aukera aztertzen ari dira, Espainiako gobernuari eta eskumena duten erakundeei eskatzeko errautsak berreskuratzeko prozesuan esku har dezaten.
Duela gutxi Bilbon, Gogora institutuaren egoitzan egin zituzten jardunaldi batzuk emandako aukera ere baliatu zuen Gandariasek osabaren kasuaren berri Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariari eta Diego Blazquez Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzako zuzendariari. Han, gainera, Marc Andreu Herrea Illes Balear Uharteetako Memoria Demokratikoaren zuzendari nagusiagaz topo egin zuen; hark proposatu zion Gandariasi asteburu honetan Palma de Mallorcan (Herrialde Katalanak) egingo dituzten jardunaldietan parte hartzeko, eta hilaren 13an emango du hitzaldia. Angel Lekuona eta Hradischkoko seiak.
Aurreko asteetan Busturialdean eman ditu Angel Lekuonari buruzko hitzaldiak: Busturian, Gautegiz Arteagan eta Gernika-Lumon.
Hogei urte ikertzen. Duela 20 bat urte hasi zen Lekuona osabari gertatutakoa ikertzen. «Hiru urtera edo, Alemaniatik Mallorcako neska batek gutun bat idatzi zidan. Buchenwaldeko kontzentrazio-esparruan ikerketa lan bat egiten ari zen historialaria zen: Elena Rodriguez Codd. Osabaren dokumentazioa bidali zidan». Denbora batera berriro deitu zion; Flossenburgen egin behar zuten erakusketa baterako preso baten biografia prestatu behar zuela-eta Angel Lekuonarena egitea pentsatu zuela esateko. «Argazkiak eskatu zizkidan eta, 2007tik, erakusketa horretan dago gure osabaren biografia».
Inaugurazioan egon zen Gandarias, 2007an, eta familiagaz berriro hara bidaiatu zen 2015. urtean, kontzentrazio-esparruak askatu zituzten 70. urteurrenean.