Aritzatxuko kai muturra konpontzen ari dira
Kai muturreko zuloak beteko dituzte material gogorrekin, harea ez galtzeko.
Espainiako Estatuko Administrazio Orokorraren menpe dagoen Kosta Mugapea Bermeoko Aritzatxu hondartzako kai muturra konpontzeko lanak egiten ari da.
Jakitera eman dutenez, 1970eko hamarkadaz geroztik dauka Aritzatxuk kai muturra. Haren helburua da inguruko harea babestea, modu horretan zerbitzua ematen jarraitu daiteke hondartzako erabiltzaileei. Diotenez, azken aldian nabaritu izan dute batzuetan “hare asko galtzen” ari zela. Hala, Kosta Mugapeak ikuskapen eta azterketa desberdinak egin ditu. Horiei esker konturatu dira zuloak zeudela kai muturraren erdigunean eta paramentuan; “zulo horietatik harea galtzen zen olatuen eta itsasaldien eraginez”. Hortaz, kai muturra konpontzea erabaki zuten.
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak finantzatuko ditu lanen zenbateko osoa (20.000 euro). Hain zuzen ere, kai muturreko zuloak beteko dituzte material gogorrekin. Itsasaldiak eta beharrzkoak diren ingurumen neurriak kontuan hartuko dituztela esan dute.
Bainu denboraldia amaitu ostean erabaki zuten lanekin hastea, “ahalik-eta kalterik gutxienak sortu asmoz”. Lanak bi astean amaitzea aurreikusi badute ere, horien iraupena itsasoaren araberakoa izango dela gogorarazi dute.