Literatura zoragarri eta txarretik ateratako liburua
Euskal literaturaren azterketa sakona egiteaz gain, ariketa literarioa egiteko eta baloratzeko tresnak eskaintzen ditu Irati Jimenez mundakarrak 'Begiak zabalduko zaizkizue' saiakera literarioan.
Hasiera edo Genesiko esaldi ospetsuak eman dio Irati Jimenez idazle mundakarraribere liburu berriari izenburua jartzeko aitzakia: Begiak zabalduko zaizkizue. Literaturak oro har eta euskal literaturak dituen gabeziak eta arazoak mahai gainean jarri ditu Jimenezek.
Saiakera literarioa kaleratu du Elkar argitaletxeagaz. Euskal literaturaren azterketa sakona egiteaz gain, ariketa literarioa egiteko eta baloratzeko tresnak eskaintzen ditu. Maitasunez idatzita dago eta umorea ere erabili du, “falta den” gauza dela iritzita. Literatura txarraren eta literatura zoragarriaren eta mirarizkoaren irakurketetatik datorren emaitza da liburua.
Gaizki idatzitako era guztietako testuak irakurtzeko pasioa garatu zuen Jimenezek duela urte batzuk, “dibertigarria” iruditu zitzaion: “Ez dugu inoiz esaten txarto idazten dela edo liburu txarrak idazten direla”. Hala ere, dioenez, ez da hori liburu hau piztu zuena, “nahiz eta suaren hasiera, beharbada, hor dagoen”. Gerora, “momentu txar batzuk” pasatu zituela kontatu du; “laguntasun bat galdu” zuen eta “testu eskasak” irakurtzeko gogoa kendu zitzaion, kontrako gogoa piztuta. Hala, literaturagaz “birmaitemindu” zen: “Laguntasun egarria nuen, eta literaturan bilatu nuen. Mesede handia egin zidan literaturak”.
Azken hiruzpalau urteak eskaini dizkio Begiak zabalduko zaizkizue-ri: “Asko eman diot, eta are gehiago itzuli dit prozesu horrek guztiak”. Asko ikertu du, eta euskaraz idatzi diren lan piloa irakurri du, klasikoetatik hasita; “duela lau urte Axularregaz eta Cervantesegaz maitemindu nintzen, baina baita hurbilago dauden liburuekin ere”.
Lau atal ditu liburuak. Lehenengoan, liburua zelan sortu zen kontatu du, hipotesi bat mahai gainean jarrita. Bigarren atalean Euskal Herriko literatuta garaikidearen analisi bat egin du. Zer da literatura? galderari erantzuten dio, berriz, hirugarren atalak: “Asko hitz egiten dugu literaturaz, baina bat ere ez dugu hitz egiten horretaz. Gaiari buruz hitz egiten dugu, baina ez testuaz”. Laugarren atalean, hobera egiteko euskal literaturak behar duenaz aritu da egilea.
Esan duenez, liburu horretatik eratorri da duela gutxi aurkeztu duen Harkaitz Canoren Neguko zirkua liburuan oinarritutako Ogia eta zirkua saiakera. Hemendik sortu da baita ere, Literaktumen baitan azaroaren 19an aurkeztuko duen Euskal literaturaren historia sobrenatural bat izeneko ikuskizuna.
Pasioz idatzita. “Liburu hau altxor bat da, mirari bat eta maitasun adierazpen bat da. Maitasuna adierazten dio bere bikotekideari, baina baita ere euskal letrei, literaturari oro har, irakurleei eta idazleei. Hau da, literaturaren zeremonian parte hartzen duten guztiei egindako aitortza eta omenaldi bat da. Gure letren eta literatur sistemaren azterketa eta kritika ere bada”, esan du Xabier Mendiguren editoreak. Kritika hori, hala ere, maitasunez eta sutsu egiten duela dio.
Liburu “luzea eta mamitsua” da, urteetako lana atzean duena, Mendigurenek zehaztu duenez: “Ikasten, hausnartzen eta prestatzen ibili da. Bizitza oso bateko irakurketa dago horren atzean”.
Liburuaren amaieran izenen aurkibide bat dagoela aipatu du Mendigurenek; Euskal Herriko zein kanpoko idazle, zinemagile, gidoigile, filosofo… daude aipatuta. Euskaldunen artean gehien aipatzen direnak dira Axular, Aresti, Azurmendi, Txillardegi, Cano eta Sarrionaindia. Munduko idazleen artean asko aipatzen dira, berriz, Cervantes, Chandler eta beste hainbat.
Liburua “pasioz” idatzita dagela uste du Mendigurenek, eta irakurri ere “pasioz” irakurtzen dela gaineratu du; “berotasunak eroaten zaitu eta jakinmina pizten du”. Uste du, gainera, “euskal letretan eragin onuragarria” izango duela.