Jaurlaritzak azoka tradizionalak egiteko prebentzio neurriak zehaztu ditu
Eudeli eta udalei bidali die irizpideekin gaur argitaratu duten dokumentua
Eusko Jaurlaritzak azoka tradizionalak egiteko prebentzio neurriak argitaratu ditu gaur. Hala, COVID-19aren hedapena prebenitzeko, udalek eta antolatzaileek kontuan izan beharko dituzten irizpideak dira gaur jakinarazi dituztenak. Dokumentua EUDELi eta udalei ere bidali die Jaurlaritzak.
Urte sasoi honetan ohikoa da merkatu eta azoka tradizionalak egitea. Hala, aurten, honako irizpideak kontuan izan beharko dituzte:
-
Postuentzako azalera handitzea eta, horretarako, jai-gune berriak prestatuko dira udalerrietako hainbat eremutan.
-
Postuak elkarren artean banatzea, horien aurrean pilaketak murrizteko. Azoka-eremu bakoitzean, postu-kopurua % 25-30 murriztea.
-
Azoka-eremuetan, joan-etorrietarako korridoreak egokitzea, pertsonen fluxu antolatua izateko.
-
Elikagaiak eta edariak kontsumitzen diren guneak korridore horietatik kanpo egoteko moduan jartzea txosnak.
-
Edariak edukiera handiko basoetan –esaterako, katxietan– ez komertzializatzea eta zerbitzatzea, haien erabilera ez partekatzeko.
-
Postuetan gel hidroalkoholikoa izatea, jendeak erabil dezan.
-
Maskara erabiltzea nahitaezkoa dela gogoraraztea (ohar eta kartelen bidez).