Bi taldegaz dator Halloween Metal Fest jaialdia
Elizabeltz eta Diabulus in Musica taldeak igoko dira Bermeoko Kafe Antzokiko agertokira zapatuan; 20:30ean zabalduko dituzte ateak eta 21:30ean hasiko da lehenengo kontzertua.
Jesarrita ikusteko jaialdi “apropos” batean pentsatuta antolatu zuen Spookypheria Productions elkarteak aurtengo Halloween Metal Fest jaialdia. Egin gura zutela bazekiten, baina ez ordea, zer eta zelan egin. Hala, agertoki gainean “ikusgarriak” diren bi taldetan pentsatu zuten, eta horiek egongo dira zapatuan, hain zuzen ere, Bermeoko Kafe Antzokiko agertoki gainean: Elizabeltz eta Diabulus in Musica. Aurtengoa jaialdiaren izena mantentzeko antolatuta dagoela esan dute antolatzaileek, eta jendeak Halloween Metal Fest jaialdia “ez ahazteko”.
Bermeoko taldea da Elizabeltz. “Estetikoki estilo teatrala daukan taldea da. Ez dira inoz Halloween Metal Fest jaialdian egon eta horiek zuzenean ikusteko gogoa ere badaukagu. Kafe Antzokiko agertoki handian jesarrita ikusteko kontzertu aproposa zela iruditu zitzaigun”, diote antolatzaileek. Gainera, talde bermeotarrak single berriaren bideoklipa aurkeztu zuen Halloween egunean: Lucifer Bagauda. Abesti hori urte amaieran argitaratuko duten lan berriaren aurrerapena dela azaldu dute. Bideoklipa Txaber Miravallesekin egin dute.
Diabulus in Musica talde nafarrarentzat bigarren aldia izango da Halloween Metal Fest jaialdian, 2016an egon baitziren Kafe Antzokiko agertokian. “Oso gustura geratu ginen orduko hartan, eta jesarrita ikusteko kontzertuen bila hasi ginenean Diabulus in Musica etorri zitzaigun burura. Muntaia izugarria dakarte”.
Pandemia, hala ere, “hobera” joan da, eta horren eraginez neurriak murrizten ere joan dira. Horregatik, orain, jaialdiaz zutunik disfrutatu ahalko dute bertaratzen direnek, eta hasieran aurreikusitakoa baino pertsona gehiagorentzako lekua ere egongo dela zehaztu dute. “Neurriak arindu zirenean, beste urteetako formatuari eusteko, talde gehiago sartzea pentsatu genuen, baina ez genekien egoerak hobera edo txarrera egingo zuen, eta kartelak ere prest genituen. Hortaz, bere horretan uztea pentsatu dugu”.
Aurretiaz sarrerak erosi daitezke Bermeoko Kafe Antzokiaren webgunean, 12 eurotan. Karteletako QR kodearen bitartez ere erosi daitezke. Hala eta guztiz ere, orain bai, zapatuan bertan antzokiko leihatila ere zabalik egongo dela esan dute; sarrerak 14 eurotan salduko dira han.
20:30ean zabalduko dituzte Bermeoko Kafe Antzokiko ateak, eta 21:30ean hasiko dira Elizabeltz taldekoak. Jakitera eman dutenez, indarrean dauden higiene eta segurtasun neurri guztiak beteko dituzte. Hala, herritarrak zein inguruko herrietako jendea animatu dute parte hartzera; “gaur egungo egoera honetan zaila da horrelako ekintzak antolatzea, hortaz, mereziko du”.