Bertoko basoak duen garrantziaz ohartarazten
Ikastetxez ikastetxe Eko-Oizekoak saio didaktikoak eskaintzen ari dira Bermeoko Udalagaz elkarlanean. 10 eta 16 urte bitarteko ikasleak ari dira parte hartzen. San Frantzisko Herri Ikastetxean hasi dira.
Bertoko basoak eta energia berriztagarriek duten garrantziaz kontzientzia hartzeko, Eskolako Agenda 2030 barruan, bi gai horiek lantzen ari dira Bermeoko ikastetxeeko ikasleak. Ikastetxez ikastetxe Eko-Oiz elkartekoak ari dira saio didaktikoak eskaintzen, Bermeoko Udalagaz elkarlanean. 10 eta 16 urte bitarteko ikasleak ari dira horietan parte hartzen.
San Frantzisko Herri ikastetxean hasi dira saio didaktiko praktiko horiek eskaintzen. Basoa ardatz nagusia izan bada ere, baserria, baratzea eta elikadura eta energia berriztagarriak landu dituzte hango ikasleekin. Arbel digitalaz baliatuta, bideo bat ikusi ahal izan zuten San Frantziskoko ikasleek, baina era berean, Ekoiz-Oizekoek prestatutako maketa, jostailu, fruitu… ikusi ahal izan zituzten, gelan bertan jarritako erakusketa batean.
Ikasleek “harridura” agertu dutela esan du Joseba Zabala Eko-Oiz elkarteko kideak: “Uste zuten eukaliptoa eta pinua, esaterako, bertoko basoaren parte zirela. Bermeo, gainera, horiekin josita dago, bai Mundakara bidean zein Solluben ere. Bideoen, bidez, guk zelako aldaketak egin ditugun ikusi ahal izan dute. Bertoko basoak zelan lantzen ditugun erakutsi nien. Izan ere, guk inguruetako basoetako pinu eta eukaliptoak kendu eta bertoko landare eta zuhaixkak landatzen ditugu: urretxak, intxaurrak, gaztainak, haritzak… landaketak zelan egiten diren ikusi zuten ikasleek. Hala, bi koloretako basoak mila koloretako basoetan bihurtzen ditugu”.
Eukaliptoagaz eta pinuagaz gehienbat papera egiten dela ikusteko aukera eduki zuten. Bertoko basoetatik, baina, papera jaso beharrean, jakiak jasotzen dituztela azaldu zien Zabalak ikasleei, eta jasotzen dutena ikusteko aukera eduki zuten, gainera: “Gure basoa hiru gunetan araututa dago: hezurdun fruituak (okaranak, gerizak…), haziak (sagarrondoak, gaztainondoak, urretxak…), eta fruitu txikiak (andere-mahatsa, masusta gorria, ahabia…)”.
Praktikara. Tailerrean ikasitakoa, orain, praktikara eroango dute: “Ikasleak Bermeoko Udaleko Ingurumen zinegotziagaz joango dira haziak batzera (urretxondoak, gaztainondoak eta ezkurrak) eta ondoren, landatu egingo dituzte. Hori, hala ere, aurrerago egingo dute, Gabonen bueltan izango dela uste dut”.
Gainera, tailerrean ikasitakoagaz ikasleek proiektu txiki bat garatuko dutela esan du Zabalak, ondoren Bermeoko Udalean aurkezteko: “Aurreratu dezaket ikasleek udalari proposatuko diotela herrian dagoen pinu eta eukaliptoz betetako eremu bat publiko bihurtzea, eurek bertoko baso bihurtzeko aukera izan dezaten, bertoko zuhaitzak landatuta”.
Sagrado Corazon ikastetxekoekin ere basoa landuko dute. Han ere, San Frantzisko herri ikastetxean jarraitutako metodologia bera jarraituko dutela zehaztu du. Eleizalde Ikastolakoekin ere batu dira, eta oraindik zehaztu ez badute ere, “ziurrenik” proiektura batuko dira Zabalaren arabera.
Bermeoko Arozena Barrueta institutuko ikasleekin, berriz, energia berriztagarriak landuko dituztela esan du Zabalak; “izan ere, DBHko ikasleek horiek lantzen dituzte matematika eta teknologia arloetan, hain zuzen ere”. Ikasgeletan teoria lantzen dute, eta orain, teoria hori praktikara eroango dute. Gero, horri buruzko proiektu txiki bat egingo dute, udalean aurkezteko.
Energia berriztagarria iturri berriztagarrietatik sortzen den energia mota da, eta maketen, jostailuen eta kit berezien bidez ikusiko dute eguzki indarragaz energia zelan sortzen den. “Eguzki indarragaz zelan mugitzen diren objektuak, zelan lortu daitekeen ura edo haizegaz argia zelan sortu daitekeen ikusiko dute”, azaldu du Zabalak.
Azkenik, biomasa ere apur bat lantzen dutela jakinarazi du. “Egurraren energia da. Gure basoetatik energia asko lortu daitekeelako”.