Bermeoko udal gobernuak %22ko igoera airreikusi du kultura eta aisialdia sustatzeko
2022 ekitaldirako aurrekontu proposamena aurkeztu dute; 23.900.052 eurokoa izatea aurreikusi dute, aurtengoa baino %0,5 handiagoa.
Bermeoko sektore ekonomikoak dinamizatzeko eta berraktibatzeko neurriak bultzatzen ere jarraituko dutela esan dute, eta horretarako aurreikusi duten diru saila ere aurtengoa baino handiagoa izango da, %8,4 igoko baita. Igoera aurreikusi dute baita ere nagusi eta beharrizan gehien duten pertsonei zuzendutako zerbitzuetara bideratutako errekurtsoetan, %4,9koa.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak azaldu du “gustura” geratu direla 2022rako aurkeztu duten aurrekontu proposamenagaz, eta ez dela erraza izan. Lanketa “sakon” baten ondorioz egindako aurrekontua dela gaineratu du: “Aurreko urteetakoak bezala, gure hiru helburu estrategikoen arabera egin da: bermeotarren bizi kalitatea hobetzea, aberastasuna eta jarduera ekonomikoa handitzea eta itsas nortasuna eta kudeaketa estilo propioa sustatzea”.
Aurrekontu proposamenean, gainera, bermeotarrek prozesu parte hartzailean egindako hainbat proposamen jaso dituztela jakitera eman du.
Ekarpenak aztertu. Urtea amaitu orduko onartu gura dituzte datorren urteko aurrekontua, “datorren urtea aurrekontu berriagaz hasteko”. Gainontzeko udal taldeen esku utzi dute udal gobernuak egindako aurrekontu proposamena, “guztien ekarpenak jaso, aztertu eta bideragarri diren heinean txertatzeko”. Hala, datozen egunetan beste talde politikoen ekarpenak aztertuko dituztela esan du, behin betiko aurrekontu proiektua dagokion osoko bilkurara aurkeztu aurretik. “Aurreko urteetan bezala, adostasun zabalena bilatzea da udal gobernu honen gogoa, beti ere, aurrekontu errealista bat bilatuz eta bermeotarrekin hartutako konpromisoak betetze aldera”.
EKINTZA NAGUSIAK
Mantenu lanak eta zerbitzu berriak
– Lameran komun berri bat jarri.
– Lamerako lurzorua konpondu.
– Herriko hainbat gunetako bideak asfaltatu, kaleko altzariak hobetu eta lauzak konpondu.
– Zarata gutxiago ateratzen duten kale garbiketarako makina berriak ekarri.
Aisialdia eta bizimodu osasuntsua
– San Martinen, Klarisen ondoan, aire zabaleko kirol gunea egin.
– Herri eskoletako patioak bermeotarren aisialdirako gune modura egokitu eta zabaldu.
– Bekoportala, Gaztelekua eta Ludoteka zerbitzuak indartu.
– Ume eta gazteen jolasguneak konpondu eta mantendu.
– Udako liburutegia Aritxatzun.
Gizarte politikak
– Bakarrik bizi diren adineko pertsonen laguntzarako eta jarraipenerako programak martxan jarri.
– Adikzio eta mendekotasunen prebentzio programak garatu.
Nortasuna, historia
– Alde zaharreko zenbait orubeetan horma irudiak margotu.
– Gaztelugatxera autobus bidezko joan-etorriak eta bisita gidatuak antolatu.
– Bermeoko euskara balioan jarri.
Gertuko administrazioa
– Udal webgune berria martxan jarri.