Basurdeak lehenengo garaipenaren bila zelairatuko dira
Ohorezko Ligaren 4. jardunaldian, Gernika RTk Barça Rugbyren kontra jokatuko du Urbietan. Orain arteko hiru jardunaldiak galduta, basurdeek denboraldiko lehen garaipena lortu nahi dute.
“Gure helburua da domekan Barçaren kontra gure lehenengo garaipena lortzea”. Argi hitz egin du Eduardo Maidagan Gernika Rugby Taldearen entrenatzaileak.
Ohorezko Ligaren 4. jardunaldian, Gernika RTk Barça Rugbiren kontra jokatuko du domekan [azaroak 7], 12:00etatik aurrera, Urbietan.
Basurdeek orain arteko hiru partiduak galdu dituzte ( bi kanpoan eta bat etxean). Puntu bakar bat ere lortu barik, Ohorezko Mailaren azken postuan dago Gernika, eta lau puntura dago CR La Vila azken-aurreko taldea.
Eduardo Maidagan (Gernika RTren entrenatzailea): “Aurreko hiru partiduetan lehenengo zatiak oso onak egin ditugu”
Hiru partidu jarraian galduta, azkenengo partiduan jokalariek “kolpe handia” hartu zutela zehaztu du entrenatzaile gernikarrak. Bi asteko etena eduki dute, eta tarte hori ondo aprobetxatu dute: “Gure arazoak zeintzuk diren ikusi dugu, zertan hobetu behar dugun. Bi aste eduki ditugu gauza horiek prestatzeko, konpontzeko eta jendea zaintzeko. Aurreko hiru partiduetan lehenengo zatiak oso onak egin ditugu. Gure jokalariengan, gure taldearengan konfiantza daukagu. Pentsatzen dugu gure taldeagaz eta Gernikako zaleekaz domekan garaipena lortuko dugula. Ezin gara zuloan egon”.
Kategoria batetik besterako saltoak eragin handia eduki duela uste du Maidaganek: “Aldaketa oso gogorra da. 80 minutuetan %100 egon behar zara liga honetan. Jokalari denak maila altukoak izan behar dira, hau da, ordezkoak titularren parekoak izan behar dira. Momentuz hori ez dugu lortu. Eta aldaketa horreek zelaian ez igartzeko behar egiten ari gara”.
“Gure jokalariengan, gure taldearengan konfiantza daukagu. Ezin gara zuloan egon”
Ohorezko Mailaren sailkapenean laugarrena da Barça Rugbi, 10 puntugaz. Puntu kopuru horregaz, El Salvador liderrarengandik hiru puntura daude lau talde: Santboiana, Alcobendas Rugby, Barça Rugbi eta Ampo Ordizia. Bartzelonako taldeak orain arte partidu bakarra galdu du: 30-33 galdu zuen liderraren kontra. “Jokoa alaia daukate, oso azkarrak dira; trebetasun handia daukate. Baina, euren zelaia sintetikoa da, eta guk belar naturalean jokatzen dugu. Eta gainera, euri asko egiten ari da, eta uste dugu euren jokoa lermatuko diela, taktiketan ere eragingo diela. Guk gauza horiek aprobetxatu behar ditugu gure jokoa ateratzeko”.