Aukera handia galdu du Gernikak
Eurokoparen 4. jardunaldian, partidu hasieratik markagailuan aurretik egon da Lointek Gernika Bizkaia, baina azkenengo minutuetan berdinketa lortu, eta markagailua iraulita, Virtus Bolognak lortu du garaipena (62-67).
Errenta nabarmenagaz aurretik joan ostean galtzea kolpe latza izaten da, eta are gehiago, partidu guztiek final kutsua daukaten txapelketa handi batean, eta etxean. Horixe gertatu zitzaion Lointek Gernika Bizkaiari, bart [azaroak 3]. Eurokoparen 4. jardunaldian, 62-67 galdu zuen Virtus Bolognaren kontra. Joanekoan talde gernikarra nagusitu zen Italian, eta oraingoan, alderantziz gertatu da.
Parekatuta amaitu zuten lehen laurdena (18-15), baina hamalau puntuko aldeagaz joan ziren atsedenaldira: 40-26. Lointekekoek hamazazpi puntuko errenta ere eduki zuten hirugarren laurdenaren erdialdera, baina horri eusteko ez ziren gai izan. Italiako taldetik Myisha Hines-Allen jokalaria nabarmendu zen; lan handia eman zien etxekoei. 34 puntugaz bera izan zen partiduko saskiratzaile nagusia.
Fase honetan bi jardunaldi falta zaizkie, eta taldekako fasera sailkatzeko gogor lan egin beharko dute talde gernikarrekoak. H multzoko beste partiduan, Roche Vendeek lidergoa sendotu zuen atzo Flammes Carolori irabazita (69-72), eta Gernika-Lumoko taldeak bigarren postuan segitzen du.
Azkenengo bi partidu horiek erabakigarriak izango dira, beraz. Marta Alberdi jokalari gernikarrak esan modura, multzoa puri-purian egon badago ere, “partidu bakoitza final bat dela” pentsatu behar dute, eta “denetara irabaztera joango” dira.
Gernikak azaroaren 24an La Roche Vandeeren kontra jokatuko du kanpoan, eta fase honetako azkenengo jardunaldia etxean lehiatuko du Flammes Caroloren kontra, abenduaren 1ean.
Belen Arrojo Alberdiren taldekideak argi dauka euren esku dagoela taldekako multzora pasatzea. Jokatzen ari diren partidu denak zailak direlako, falta zaizkien biak ere seguru horrela izango direla badakite. Rocheren kontra 78-90 galdu zuen 2. jardunaldian, Malosten, eta haren kantxan “partidu on bat” egiteko erronka daukate hilabete honetan. Azken partidua, Malosteko Caroloren kontrakoa, giltzarria izango dela azpimarratu du jokalari granadarrak: “%100 kontzentratuta atera beharko gara, eta 40 minutuetan horrela mantendu”.
Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak Eurokopan etxean irabazteak daukan garrantzia gogoratu du, eta multzoko aurkari zuzen biei dagokienez, orain arteko emaitzek erakusten duten moduan, Bologna Flammes baino arriskutsuagoa dela esan du: “Flammesek gaur galdu egin duenez, ia segurua da kanpoan geratuko dela. Bolognak, ostera, geratzen zaizkion bi partiduak irabazteko moduko taldea dauka”.
Ligan zein Eurokopan etenaldi txiki bat daukate. Azaroaren 18an ligako partidua jokatuko dute Ferrolen kontra, Malosten. Bi aste hauetarako badaukate lana. Garaipen beharrean dago talde gernikarra, Eurokopan bizirik jarraitzeko eta ligan puntuak behar dituelako. Daukaten etenak mesede egin ahal diela uste du Arrojok: “Atsedena hartzeko, eta era berean, indarrak hartzeko mesedegarria izan daiteke. Txipa aldatu behar dugu. Talde teknikoagaz akatsak aztertu eta ikasi egin behar dugu”.
Belen Arrojo (Gernikaren jokalaria): “Txipa aldatu behar dugu. Talde teknikoagaz akatsak aztertu eta ikasi egin behar dugu”
Gernikaren entrenatzailea arduratuta dago. Liga “oso parekatuta” dago, eta hiru partidu irabazi eta lau galduta, sailkapenean hamargarren daude: “Sailkapenean beheko aldera gehiago begiratzen dut, goikaldera, Erregina Kopara sailkatzeko lehian egongo direnen aldera baino. Ondo egindakoak aztertu behar ditugu horiek indartzeko eta txarto egindakoak hobetzeko lan egin behar dugu”.
Hobetzeko daukatenen artean, garrantzitsuetakoa zein den aitatu zuen Alberdik bart: “Hasieran gauzak argi eduki ditugu, abantaila handia atera dugu, baina ez dugu jakin hori mantentzen. Aurreko partiduetan ere gertatu zaigu, eta hori hobetu beharreko puntu handi bat da”.
Bigarren zatian epaileek hartutako erabaki batzuekin ados ez badaude ere, horiei garrantzia kendu, eta erritmo biziari eusteko gai ez zirela izan zehaztu zuen gernikarrak: “Agian, guk intentsitatea jaitsi dugu, eta eurak igo egin dute. Erlaxatu egin gara, eta horrek nabarmen eragin digu”.
Marta Alberdi (Gernikaren jokalaria): “Hasieran gauzak argi eduki ditugu, abantaila handia atera dugu, baina ez dugu jakin hori mantentzen. Aurreko partiduetan ere gertatu zaigu, eta hori hobetu beharreko puntu handi bat da”
Erlaxatze horrek, nekeak edota bestelako faktoreek eraginda, partiduan egindako akatsak erabakigarriak izan zirela azaldu zuen Arrojok: “Partidua kontrolatuta eduki dugu. Akats asko izan dira; defentsan zein erasoan huts egiteak egin ditugu. Eurak apurka-apurka aurrea hartu dute. Amaieran eurak asmatu egin dute, eta guk akatsak egin ditugu. Huts egiteetatik ikasi behar dugu, eta aurrera begiratu, asko geratzen da eta”.
Azken asteotan, liga eta Eurokopa uztartuz, astero bi partidu jokatzen aritu dira: “Hori, fisikoki eta mentalki igartzen da, eta baliteke amaierarako nekea igartzea, baina eurak ere horrela ari dira. Txapelketa honetan gauden guztiok daukagu erritmo bera”.