Herri Babesak desfibriladore automatiko bat jaso du opari
Inguruko enpresa baten dohaintza izan dela jakitera eman dute boluntarioek; jarri dieten baldintza bakarra izan da oparia nork eginda dagoen ez zehaztea .
Bermeoko Herri Babeseko boluntarioak “oso pozik” daude joan den astean jaso zuten opariagaz; hain zuzen ere, inguruko enpresa batek oparituta, desfibriladore automatiko bat jaso dute.
“Boluntarioz osatutako talde batean, pozgarria da bakarrik ez gaudela eta gure lana eskertzen dutenak ere badaudela jakitea. Baina are pozgarriagoa da gutaz oroitzen den jendea badagoela jakitea. Guk, gure esparru pertsonalari denbora lapurtuz, gehiago edo gutxiago, gure denbora eskaintzen diogu Bermeoko Herri Babesari. Baina badago gure lana baloratu eta bere babesa eskaintzen digun jendea ere. Horren adibide da joan den astean inguruko enpresa batek egindako oparia”, esan dute. Azaldu dutenez, ezin dute zehaztu nork eginda dagoen oparia edo dohaintza; “hori da jarri diguten baldintza bakarra”.
“Ez ohikoa”. Herri Babeseko boluntarioek esan dutenez, gustatuko litzaieke izenak eta abizenak ematea, are gehiago bidean jarri dizkieten “erraztasun denak” ikusita “edo eskatu dietena baino gehiago eman dietela esatea”. Hala eta guztiz ere, diotenez, ez da publizitatea dohaintza horregaz bilatzen dutena; “hori ere zilegi izan daitekeen arren eta berdin-berdin eskertuko zuketen arren. Herri Babesak zerbitzu bat eman ahal izateko tresna egoki bat izatea da enpresa horrek bilatzen duena”.
Aipatu dute boluntarioei ere, lantzean behin, ondo datorkiela mota horretako irakasgaiak: “Zein ederra den gu emateko gai garen beste edo gehiago emateko prest dagoen jendea ere badagoela jakitea”.
Dioetenez, Herri Babesak eskaintzen dituen zerbitzuen barruan ez da izaten ohikoena desfibriladore automatiko baten beharra edukitzea: “Hala ere, batek daki erreskate batean aurki dezakegun egoera zein izan daitekeen. Edo gure laguntza ematen gauden ekitaldi jendetsuren batean, inoiz ez da txarto etorriko bihotzeko bat ekidin dezakeen tresna egoki bat eskura izatea. Edo noizbait, Gaztelugatxeko San Juanera bueltatzeko aukera baldin badago, auskalo nolako mesedea egin diezaiokeen norbaiti lehen erantzun batean horrelako gailu bategaz norbait han agertzeak. Horregatik guztiagatik, mila-mila esker eman nahi dizkiegu musutruk bere dohaintza egin digutenei”.
Bidelagunen garrantzia. Diotenez, zerbitzu publikoa eskaintzen duten neurrian, “logikoa” ere bada babes zibileko talde desberdinak administrazio publikoaren parte izatea: “Horregatik da Herri Babesa Bermeoko Udalaren menpe dagoen talde bat. Eta hala izan beharko ez lukeen arren, ulergarria ere izan daiteke neurri batean finantziazio publikoa heldu beharreko leku guztietara ezin heldu izatea. Horrexegatik da hain garrantzitsua diru publikoa egoki eta benetan beharrezkoak diren inbertsio, laguntza, gastu edo dena delakoetara zuzentzea. Baina inoiz diru publiko hori hankamotz geratzen denean, zein garrantzitsuak diren bestelako baliabideak aktibatzeko prest dauden bidelagunekin topo egitea. Aurrerago ere beste batzuk lagun izan ditugu ildo horretan, eta etorkizunean ere gehiago baletoz, beti ongietorriak izango lirateke”.
Inoiz inon inori desfibrilatzaile horrek bizitza salbatuko balio, ez luketela jakingo eurengatik eta eurak zerbitzua ematen duten herriagatik egin dutena zelan eskertu. Horregatik, Bermeoko herriagaz keinu hori izan dutenenganako “esker ona” adierazi dute.