Eskola publikoa aldarrikatzeko eta pribatizazioaren kontra daudela adierazteko manifestazioa
Euskal Eskola Publikoaz Harro! Topagunea osatzen duten eragileek 'Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez!' manifestazioa deitu dute zapaturako [azaroak 6], Bilbon.
Euskal Eskola Publikoaz Harro! Topagunea osatzen dugun eragileen aldarrikapenak entzungo dira zapatu honetan [azaroak 6], 17:00etatik aurrera, Bilboko kaleetan. Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez! lelopean manifestazioan irtengo dira Hezkuntza Ordezkaritzatik (Gran Via 85) eta Arriagan amaituko dute.
Eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa izan behar duela azpimarratu dute, beharrezko baliabide ekonomiko, material eta pertsonalekin, “Eskola publikoa denona eta denontzakoa den eskola delako”. Hala, eskola “bakarra” aldarrikatzen dute. Beraz, euren berbetan, eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatu behar da udalerri eta auzo guztietan 0-18urte bitartean.
Hezkuntza pribatu-itunduari mugak jartzeko garaia dela diote: “Ez da lerro pribaturik irekiko, eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean. Pribatizazioarekin amaitu behar da. Sortzen diren ekimen pribatu guztiak, derrigorrezkoak ez diren etapak barne (haur hezkuntza eta batxilergoa) baimendu, itundu eta diru publikoarekin sostengatzen dituen politikarekin bukatu behar da”.
Administrazioari diru publikoaren erabilera “bidezkoagoa” exijitzen diote
Orain, jaiotze-tasa behera doan une honetan, eta ikastetxe pribatuekiko kontzertuak datozen sei urtetarako berrizteko daudenean, Administrazioari diru publikoaren erabilera “bidezkoagoa” exijitzen diote. Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak “ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudi adostua” sortu behar duela nabarmendu dute.
Euskarazko murgiltze eredua orokortzearen beharra ere aldarrikatzen dute. Euren ustez, diru publikoarekin ezin da finantzatu “euskalduntzen ez duten eta, beraz, inklusioaren eta integrazioaren kontra jokatzen duten hizkuntza-ereduak dituzten ikastetxe pribatuak”.
Hain zuzen ere, Euskal Eskola Publikoaz Harro! Topagunea osatzen dugun eragileen arabera, Eskola publikoa da hezkuntzan dagoen zerbitzu publikoa, doakoa eta unibertsala, “denona eta denontzat, jatorrizko ezberdintasunak berdintzen dituena, inklusiboa den bakarra, euskal gizartearen kohesioari ekarpen handiena egiten diona eta baldintzarik zailenetan ere ikasle gehien euskaldundu duen eta gaur egun euskalduntzen dituen sarea”.
Hezkuntza sailburuari eskatu diote denena eta denentzat den eskola publikoaren alde egiteko eta eskola-segregazioaren kontra konpromiso argia hartzeko
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Hezkuntza Akordioaz ari diren garaiotan, “kezka handiz” hartu dute Jokin Bildarratz hezkuntza sailburuak ikasturte hasieran egin zituen adierazpenak: “Gardentasuna behar dugu prozesuan, sare publikoko ordezkarien parte hartzea bermatuko duena, hezkuntza-sareez, finantzazioaz, murgiltze ereduaz eta eskola-segregazioaz hausnartuko duen prozesua, hain zuzen”.
Ez dute gura egungo sistema duala “legitimatuko” duen akordio edota legerik; eskola publikoa sistemaren erdigunea bihurtuko duena behar dela diote: “Sistema inklusibo, euskaldun, ekitatibo eta ez-segregatzaile baterantz aurrera egiteko ezinbestekoa dena. Etorkizuneko jendarte eredua dago jokoan. Denona eta denontzat den eskola publikoaren alde egiteko eta eskola-segregazioaren kontra konpromiso argia azaltzeko eskatu nahi diogu”.