Gaztelugatxek 58.480 bisita izan ditu uztailaren 1etik joan den astera arte
Egunean 960 bisitarik egin ahal zuen Ermu eta Urizarreta batzen dituen noranzko bakarreko ibilbide zirkularra. Iaz, 61.006 bisita jaso zituen Gaztelugatxek.
Uztailaren 1ean zabaldu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Ermu eta Urizarreta batzen dituen noranzko bakarreko ibilbide zirkularra, Gaztelugatxeko baselizara igoteko aukerarik barik. Ordutik eta joan den astera arte, Gaztelugatxeko San Juan inguruak 58.480 bisita izan dituela jakitera eman du aldundiak; iaz, 61.006 bisita jaso zituen. Gogorarazi dutenez, egunean 960 bisitarik egin ahal zuen ibilbide zirkularra.
Bisitarik gehienak uztailean eta abuztuan izan ziren. “Aurreko urteetan ez bezala, abuztuak gainerako hilabeteetan baino jende gehiago biltzen zuena, aurtengo bisita gehienak uztailean bildu dira”, esan dute. Uztailean, 22.074 pertsona hurbildu ziren gunera eta abuztuan 21.555. Irailean, berriz, 13.285 pertsona hurbildu ziren Gaztelugatxera, eta urrian 1.566. Hala eta guztiz ere, aipatu dute irailean sarbideen kontrola egunero mantendu zela aipatu hilabetearen erdialdera arte, eta ordutik aurrera, asteburuetan eta jai egunetan baino ez dela egiten; “gainerako egunetan, behe denboraldia izanik, ez da jende pilaketarik ematen”.
Iazko ekitaldiarekin alderatuta, alderik nabarmenena Gaztelugatxe bisitatu duten pertsonen jatorrian dagoela azaldu dute: “Espainiako Estatuko turismoa ugariagoa den arren (aurtengo bisiten % 83,98, 49.110 pertsonarekin), beste herrialde batzuetatik iritsi diren bisitarien fluxuak nabarmen egin du gora. Atzerriko bisitariak 2020an % 4,4 izan ziren eta aurten, ordea, % 16,02 izan dira. Azken ehuneko hori 2019an erregistratu zena baino txikiagoa da oraindik, orduan atzerriko turismoa % 29,31 izan zen”.
Bizkaiko Foru Aldunditik esan dute, Gaztelugatxeko hegal osoaren egonkortasunaren etengabeko jarraipena egiten jarraitzen dutela, “gerta litezkeen lur jausiak prebenitzeko”. Jarraipen horren helburua da Gaztelugatxeko San Juan bisitatzen duten pertsonen segurtasuna bermatzea. Zehaztu dutenez, aipatu jarraipena uda aurretik jarri ziren sentsoreen bidez egiten da, “lur mugimendu berriak gertatzen diren zehazteko”. Aldi berean, Matxitxakoko estazio meteorologikoko prezipitazio-erregistroak ere egiaztatzen dituztela gaineratu dute.
Gainera, penintsulara iristeko tartean, hain zuzen, lur jausia gertatu zen tokian, aldea egonkortzeko lanak “erritmo onean” egiten jarraitzen dutela diote.