Kortezubiko memoria historikoa ikertu eta berreskuratzeko proiektua aurkeztu dute
Kortezubiko Udalak Aranzadi Zientzia Elkarteagaz lankidetzan egin du herriaren memoria historikoa ikertu eta berreskuratzeko proiektua, eta horri buruzko azalpenak eman ditu Patxi Juaristi EHUko irakasleak eta Aranzadiko ikertzaileak.
Kortezubi 1936-1946 Kortezubiko memoria historikoa ikertu eta berreskuratzeko proiektua egin du udalak Aranzadi Zientzia Elkarteagaz lankidetzan, eta Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutuak lagunduta. Gaur eguerdian aurkeztu dute herriko frontoian.
Proiektuaren helburua Kortezubiko historia hobeto ezagutzea da, herriko memoria hori gordetzeko, eta etorkizuna elkarbizitzan oinarrituta eraikitzeko.
Patxi Juaristi EHUko irakasleak, soziologoak eta Aranzadiko ikertzaileak aurkeztu du egindako lana. “Gaur egungo kortezubitarren identitatea, modu batean, gerra zibilak ere markatu zuen. Azken batean, sufritu zutenen seme-alabak eta lobak ere, modu batean, biktimak dira. Eta biktima modura, denok daukagu justizia, egia eta konponketarako eskubidea”, azpimarratu du memoria historikoan aditua den eta Kortezubiko proiektuaren arduraduna den Juaristik.
Juaristi: “Denok daukagu justizia, egia eta konponketarako eskubidea”
Juaristiren arabera, momentu honetan, 36ko gerra ezagutu zuten Kortezubin bi pertsona bizi dira: “Gerra sufritu zuten pertsona ia denak desagertuta daude. Pentsatzen dut oso garrantzitsua dela gertatu zena ikertzea, eta batez ere, sufritu zutenen pertsonen memoria bizirik edukitzea eta sufritu zuten pertsonak presente edukizea. Kortezubiko herritarrekin eduki nuen lehenengo harremanean pentsatu nuen jendeak ez zekiela gauza askorik, baina zenbat eta gehiago arakatuta, konturatzen naiz, gerraren gero eta marka gehiago daudela hemen. Hau da, gerrak jende askok pentsatzen duena baino eragin gehiago izan zuela”.
Sei hilabetez, Kortezubiko 36 pertsonen testigantzak bildu ditu Jauristik. Egindako elkarrizketetan parte hartu duten herritarrei eskerrak eman dizkie Juaristik: “Oso ondo hartu naute euren etxeetan. Ez da gai erraza. Testigantzetan gauza oso intimoak, askotan etxeetako sekretuak ere azaleratzen dira”. Horrez gain, artxibo pila bat arakatu ditu.
Errepublikako garaiko testuinguruagaz hasi du kontakizuna, eta kronologikoki 1946ra arteko errepasoa egin du. “Errepublikan ezkertiarrek indar gutxi zuten Kortezubin, gehienak abertzaleak ziren eta EAJk zeukan agintea. Eskumako errepublikazaleak gutxi ziren Bizkaian, eta Kortezubin gutxi batzuk zeuden. Hemen, beste leku askotan bezala, Errepublikaren Aldeko Batzordea sortu zuten. Tarte horretan batetik udalaren agintea zegoen, eta bestetik, abertzaleek eta ezkertiarrek osatutako batzordearena, baina, bietan ere, orduko alkatea zen Jose Onaindia jeltzalea zen buru”. Garaian garaiko Euskal Herria, eta batez ere urte horietako Kortezubi zelakoa zen kontatu du.
Izen-abizenekin eta ze baserri edota auzoetakoak ziren zehaztuta hainbat zerrenda ere banatu ditu bertaratutakoen artean: Errepublikarren armadan borrokatu ziren 58 kortezubitarrak, errepublikarrek atxilotutako bederatzirak, 1937ko maiatzetik aurrera frankistek atxilotu, epaitu eta kartzelaratu zituztenak, Frantzian errefuxiatu ziren hamazortzirak, Francoren armadan borrokatu ziren hamabirak, Gerrako Presoen Langileen Batailoetan aritu ziren bostak, Soldatu Langileen Diziplina Batailoietan ibilitako hogeirak eta 36ko gerraren ondorioz hildako edo desagertutako hamalaurak.
Zerrendetan norbait falta dela uste dutenei, akatsen bat ikusten dutenei edota informazio gehiago daukatenei berari helarazteko eskatu du. Horretarako 688 67 53 85 telefono zenbakira deitu edo patxi.juaristi@ehu.eus helbidera idatzi daiteke.
Juaristi: “Denboragaz harremanak hobetu egin dira, kohesio soziala lortu da, eta hori ikusten da. Inork ez dauka gorrotorik; elkarrizketa batean ere ez da gorrotorik agertu”
36ko gerraren ondorioak ere kontatu ditu Juaristik. Harremanak apurtuta geratu zirela kontatu du. “Denboragaz harremanak hobetu egin dira, kohesio soziala lortu da, eta hori ikusten da. Inork ez dauka gorrotorik; elkarrizketa batean ere ez da gorrotorik agertu”. Herriko ekonomia ere goitik behera apurtuta geratu zela esan du. Baserriei lotutako herria zen Kortezubi: “Jendea falta zen beharrerako. Garia eta artoa lantzen zen, baina lortzen zen parte handi bat entregatu egin behar zen. Familia askok txarto pasatu zuten”. Hala ere, kontatu du harremanak apurtuta geratu baziren ere, herriko “baserritarren ermandadeak funtzionatu” egin zuela: “Horregatik txarto pasatu zuten familiek ez zuten hain txarto pasatu elkartasun moduko bat egon zelako”. Euskara eta euskal kultura oso kaltetuta geratu ziren.
Heriotzak ere izpide izan ditu: “36ko gerrari lotuta nik dakidala Kortezubiko hamalau pertsona hil ziren, gehienak hemen bizi ziren, eta beste batzuk hemen jaiotakoak ziren eta kanpoan ezkonduta zeuden. Horrez gain, bi soldadu Kortezubiko lurretan hil ziren, eta kontatu didate Gernika bonbardatu zutenean emakume bat bere haur jaioberriagaz zihoala metrailatu egin zutela”.
Errepublikarren zein Francoren errepresioak eragindakoen kontaketa ere egin du, eta Juaristiren berbetan, “mila bider gogorragoa” izan zen Francoren errepresioa. Kortezubiko 35 pertsona atxilotu zituzten. “Irainak eta mespretxuak egunerokoak izan ziren. Modu batean herria banatu egin zen, Erregimenaren aldeko eta kontrakoen artean”. 1939an gerra amaituta, 1940an Kortezubiko preso gehienak etxera bueltatu ziren, 1943an bueltatu ziren herriko azken bi presoak. “Denbora gehien kartzelan egin zuten kortezubitarrak bi pertsona izan ziren, sei urte egin zituzten, 1943an heldu ziren etxera”.
Errepresioak “ertz asko” eduki zituela azpimarratu du: “Beldurrean oinarritutako Francoren erregimena, beldurra arimaraino sartzen zuena, gerrari buruz berba egitea tabua zela, emakumeen eta umeek jasandako egoerak…”.