Astilleros de Bermeoren jarduera Erroxapeko moilara lekualdatzeko akordioa lortu dute
Enpresak, Bermeoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Bermeoko ontziolaren jarduera herriaren erdigunetik kanpo dagoen moilara eroateko akordioa lortu dute. Enpresak lekualdaketarako proiektua egin beharko du. Plana onartu ondoren, sei hilabeteko epean obrak hasi beharko dituzte, eta gehienez ere bi urteko epean egin beharko dute ontziolaren lekualdaketa.
Bermeoko Udaletik gaur jakinarazi dute Astilleros de Bermeo enpresaren jarduna herrigunetik Erroxapeko Moilara lekualdatzea adostu dutela enpresak, udalak eta Eusko Jaurlaritzak.
Beira zuntzezko ontziak egiteko jarduera udalerriaren erdigunetik kanpo dagoen leku batera lekualdatuta, portuaren eta herriaren arteko “elkarrekintza hobea lortzeko helburua beteko” dela azpimarratu dute: “Horrela, hilabeteetako lanaren ostean, inplikatutako alde guztiak asebetetzen dituen eta nahitaez bete beharreko mugarri batzuk ezartzen dituen akordioa lortu da”.
Akordio horri esker, Astilleros de Bermeo enpresak emakida bat lortuko du, lekualdaketaren eta, aldi berean, jarduera ekonomikoagaz segitzeko “berme izango diren zenbait mugarriren baldintzapean”.
Lekualdaketarako prozedura. Enpresak, ontziola Erroxapeko moilara eroateko oinarrizko proiektua aurkeztu beharko du, portuko Plan Bereziaren Hirugarren Aldaketaren hasierako onespenetik gehienez sei hilabeteko epean. Plan Bereziaren Hirugarren Aldaketaren behin-behineko onarpena egin ostean, enpresak behin betiko proiektua aurkeztu beharko du, hori ere gehienez 6 hilabeteko epean. Eta behin betiko onartu ondoren, gehienez ere 6 hilabeteko epean hasi beharko dira obrak. Gehienez ere 2 urteko epean, ontziolaren lekualdaketa egiaztatu beharko da.
Jakinarazi dute Jaurlaritzak eta udalak konpromisoa hartu dutela bi erakundeen mendeko izapide guztiak “ahalik eta gehien arintzeko”, gehieneko epeak murriztu daitezen eta jarduera behin betiko lekualdatu dadin.
Alde guztien “gutxieneko baldintzak” betetzen dituen hitzarmena dela nabarmendu dute. Alde batetik, Bermeoko Udalak, jarduera hori herriaren erdigunetik aldentzea eskatzen zuten bermeotarren eskaera historikoari erantzuten dio. Modu berean, Astilleros de Bermeo enpresak herriko portuan lan egiten jarraituko du, portuko erabiltzaileei zerbitzua emanez. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak portua berrantolatu ahal izango du, herriaren eta portuaren arteko “elkarrekintza hobea” lortu ahal izateko eta, aldi berean, jarduera ekonomikoak garatzeko, edozein portu-instalaziok behar dituen funtsezko zerbitzuak bermatuz. Horrela, portua Bermeoko eta eskualdeko garapen sozial eta ekonomikorako “aukera-gune izatea lortuko dela” diote.
Hain zuzen ere, horren harira Aritz Abaroa Bermeoko alkateak adierazi du “hemendik aurrera portua hobetzeko” lanean jarraituko dutela, garapen ekonomiko eta sozialerako aukerak emango dituen gune bihurtzeko: “Udalerriaren plangintzan eta antolamenduan, funtsezkoa da bizitegi-erabileren eta industria- eta zerbitzu-erabileren arteko bizikidetza bermatzea. Akordio honi esker helburu hori beteko dugu, espazioak irabaziz eta jardueraren etorkizuna bermatuz”.
Prozesu honetan auzokideen elkarteagaz izan duten lankidetza esparrua garrantzitsua izan dela zehaztu du alkateak: “Eurak parte aktiboa izan dira Bermeorako ireki den agertoki berri hau urte gutxi batzuetan errealitate bilakatzeko. Elkarrekin egindako lanari esker, gertuago gaude Bermeoko portua jarduera ekonomikoko guneaz gain Bermeoren eta Bermeotarren gozamenerako gune izateko” .
Eskaera historikoari erantzunez lortu duten akordioagaz pozik daudela gaineratu du, eta Abaroaren hitzetan, alde guztiek “ahalegin handia” egin dute egoera honetara heltzeko. “Gure esku zegoen guztia egiteko konpromisoa jartu genuen ontziolaren jardiera herriaren erdigunetik aldentzeko. Adiskidetasunez eta auzitara jo behar barik egin dugu, eta horrek balio handiagoa ematen dio erabakitakoari. Hartutako konpromisoak emakida berrian islatuko dira, eta, horri esker, azken helburura iritsi arteko pausoen jarraipena egin ahal izateko zenbait mugarri ditugu”.