"Pandemian egon arren, organo-eta ehun-emate tasak mantendu dira"
Joseba Aranzabal ibarrangelutarra Osakidetzako transplanteen koordinatzailea da. Dioenez, herritarren borondateagatik eta Osasun sistema publikoagatik eta Osakidetzaren azpiegituragatik ez balitz, emate eta transplante programak "ez lirake existituko eta ez lukete funtzionatuko".
Urtean zenbat transplante egiten dituzue Osakidetzan?
Gurutzeko ospitalean urtean giltzurrunetako 140-160 transplante egiten dira eta gibelekoak 55-65. Emate-tasari dagokionez, urtean milioi biztanleko 70 giltzurruneko transplante egiten ari gara; Frantziak 55 egiten ditu, adibidez. Umeen artean, zorionez, ez dira ohikoak giltzurrunetako transplanteak, giltzurrunetako patologiak euren artean intzidentzia baxua daukalako. Baina, egon badaude. Umeen dialisirako Gurutzetako Ospitalea da erkidegoko erreferentziazko zentroa, eta Galizia, Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leongo iparraldea, Errioxa, Nafarroa eta Aragoiko umeei ere bertan egiten zaizkie transplanteak. Itxaron zerrendan 4-8 ume egon ohi dira. Umeei giltzurruneko 200 transplante egin dizkiegu azken hamabost-hogei urteetan. Gibelekoan milioi biztanleko 30-32 transplantetan gaude, AEBtan 27, Frantzian 20, Erresuma Batuan 14… Beraz, emate-tasei zein transplanteei dagokionez, beste leku batzuetan baino hobea da gure egoera.
Zelako garapena eduki duzue?
Martxan hasi ginenean, 1986an milioi bat biztanleko zazpi emaile baino gutxiago geneuzkan, 1990ean 20ra heldu ginen, 90eko hamarkadaren amaieran 38ra eta 2000n 45era. 2009-2010ean 50era heltzea lortu genuen, tasa esanguratsua. 2016an, emaileak lortzea sendotzeko egindako hainbat ekintzen ondorioz, 60ko emaileen tasara ailegatu ginen, eta egun, pandemian egon arren, emate-tasa 45-50 mantentzen ari gara.
Pandemiak zelan eragin du?
Hainbat modutara eragiten ari da. ZIU oheak okupatuta egoteak eragina eduki du. Emaileak ZIU oheetan ospitaleratzen dira, eta transplantatutakoak ebakuntzaren ondoren ZIUn edo antzekoan sartzen dira.
Beste herrialde batzuetako kopuruekin alderatuta zelako zifrak dira gureak?
Azken hamarkadan Alemaniak milioi bat biztanleko 12 bat emaile ditu, eta tasa hori guk 1990ean gaindituta geneukan. Frantziak 26, Austriak 24, Belgikak 27, AEBk 26… Beraz, dauzkagun emate-tasak onak dira. Munduan emate-tasa handiena daukan herrialdea Espainia da; azken hamarkadan bere batezbestekoa 40-41 da.
Hemen noiztik egiten dira giltzurrunetako transplanteak bizirik dauden emaileekin?
Oso garrantzitsuak dira. Duela hamabost bat urte hasi ginen. Egun, 20-25 transplante egiten ari gara urtean. Normalean emailea hurbileko senitarteko bat izaten da. Emaileak hildakoak izaten diren kasuekin alderatuta, biziraupena hobea da, inmunologikoki konpatibilitatea hobea delako senitartekoen artean. Beraz, ez onartzeko arriskua gutxiago da. Gainera, senitarteko bati biriki bat emanda, itxaron zerrendakoei aukera bat ematen ari zara. Zerrendako batzuek ez daukate senitarteko emailerik bizirik edo euren egoera klinikoagatik ez dira bateragarriak bizirik dagoen emaile baten giltzurrunagaz.
Elkarlanerako akordiorik badaukazue?
Kantabriagaz bihotzeko eta birikietako transplanteak egiteko akordioa daukagu, eta errioxar gobernua akordioaren barruan dago. Euskaldunon transplanteak Santanderreko Valdecilla Ospitalean egiten dira. Hemen ematen diren organoak hara eroaten dira, euskal, kantabriar eta errioxar pazienteentzat. Ez da kontutan hartzen emailea nongoa den, itxaron-zerrendaren arabera egiten da transplantea. 12-14 bihotzeko eta 12 birikietako transplante egiten dituzte urtero. Eta Errioxagaz giltzurrunetako transplanteetarako itxaron-zerrenda bateratua daukagu. Lehen hemen egiten genituen hango herritarren transplanteak, eta gero, eurek hasi zuten programa bat. Bestalde, duela 35 bat urtetik gaixoen erakundeek gurekin kolaboratzen dute, eta emateak bultzatzeko garrantzia handia dauka elkarlan horrek. Asko eskertzen diegu euren laguntza. 90eko hamarkada amaieran hamar familiatik sei-zazpik ematen zituzten organoak. Orain hamarretik bederatzik ematen dute baiezkoa. Hori elkarlanean egindako sustapenaren fruitua da.
Hezur-muineko transplanteetan ere lankidetza funtsezkoa dela diozu.
Transplanteetako koordinazio taldeak eta Fundacion Carreras-ek lankidetzan dihardute emateen sustapenerako. Bolondresen artean 200etik bat izaten da benetako emailea. Bi transplante mota daude: autologoa–norberak norberarentzat, norberaren zelulekin– eta alogenikoa–pertsona batetik beste batenganakoa–. Azken horien artean bi mota daude: familiarra eta ez-familiarra. Hezur-muina emateko bateragarriak diren senitartekorik ez daukatenek munduko edozein lekutatik etorritako emaileena jaso dezakete. 18-40 urte bitartekoa izatea da baldintzetako bat. Patologia batzuk dituztenek ezin dute emaile izan. Orokorrean, ez da arazorik egoten.
Zein da gehien transplantatzen den organoa?
Mundu mailan eta gurean ere giltzurrunetako transplantea da ugariena. Emaileak bi dituenez, bi pazienteri egin dakioke transplantea. Itxaron-zerrenda gehien dago. Ordezko-tratamendua daukanez, transplantea heldu arte pazienteak dialisian egon daitezke. Ondoren, gibelekoa dago, eta atzerago bihotzekoa eta birikietakoa. Bestalde, ehunen artean, ohikoena hezurra da, urtean 1.000 bat, eta bigarrena kornea transplanteak dira, 250-300 urtean. Bestalde, zesarea bidezko erditzeetan mintz-anmiotikoa lortzen da, eta kornearen gainean jartzeko erabiltzen da, kornearen transplantearen emaitza hobetzen duen orbaintze ezaugarri jakin batzuk dituelako. Zilbor-hesteetako odola ere batzen da, mundu mailako zilbor-heste bankurako.
Batezbeste zenbat transplante ateratzen dira ondo?
Biziraupenei dagokionez, organoen transplanteetan bi termino erabiltzen ditugu: pazientearen biziraupena eta transplantearena–injertoarena–. Giltzurruneko transplanteetan, bost urtera pazientearen biziraupena %90 da. Bost urtera esaten dugu, lehenengo urteetan egoten direlako arazo gehienak; pazienteak ez duelako onartu, edo konplikazio kirurgikoak egon litezkeelako. Injertoari dagokionez, giltzurreko transplanteetan, bost urteren buruan transplantea ia %80an funtzionatzen edukitzen dute. Gibelekoan, gutxi gorabehera %85ean eta bihotzekoa eta birikietakoa %70 inguruan egoten da bost urteko biziraupen horretan. Emaitzak onak dira.
Ze faktorek eragiten dute?
Emaitzetan eragiten duen faktore argi bat dago: mediku-kirurgiko taldeak transplanteetan daukan esperientzia. Euskadin giltzurrunetako 3.000 transplantetik gora eta gibeleko 1.100-1.200 transplante egin ditugu urteotan, beraz, garrantzitsua da transplanteetako taldeen esperientzia. Zenbat eta esperientzia gehiago eduki emaitza hobeak izaten dira.
“Mundu mailan eta gurean ere giltzurrunetako transplantea da ugariena”
Itxaron zerrendak zenbatekoak dira?
Normalean 140-160 egoten dira giltzurruneko transplanteen itxaron zerrendan eta gibelekoan 8-12. Valdecillan bihotzetako bizpahiru eta birikietakoan hiruzpalau egoten dira. Adibidez, 2020ko amaieran, pandemian egon arren, milioi biztanleko hiru paziente, 6-7 paziente eduki genituen gibeleko transplantearen zain.
Hiru hamarkada baino gehiago daramatzazu Osakidetzaren transplanteetarako taldea zuzentzen. Zeintzuk ziren hastapenetako zereginak?
Ospitaleetan unitate-larrietan emaileak hautematea,emailearen balorazioa, heriotza-diagnostikoa, senideekin elkarrizketak, prozesu logistikoa–ekipamenduaren garraioa etab–, organoak kentzeko ebakuntzak, ikuspegi klinikotik eta inmunologikotik hartzaile egokienak zirenak aukeratzea, transplantea egiteko prozesua bera, geroko balorazioa, mantenua… 1989ko amaieran hasi zen funtzionatzen Espainiako Transplanteen Erakunde Nazionala (ONT), eta hemen geneukan esperientzia apurragaz ekarpenak egiten hasi ginen.
Orduko eta egungo zeregin nagusien artean aldea dago?
Organo-emateekin hasi ginen, eta apurka-apurka, ehun-emateetara zabaldu zen gure jarduna. Geroago, zilbor-hesteko odola batzen hasi ginen, medula emateekin, formakuntza programekin… Jarduera-eremua handitzen, zabaltzen joan ginen, eta beste erakunde batzuekin kolaboratzen, besteren artean, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroagaz.
Zelako formakuntza programak dituzue?
Beste erkidego batzuetako lankideekin 150 bat ikastaro egin ditugu urte hauetan guztietan. Organo emate eta transplante prozesuei buruzko formakuntzekin hasi ginen. Emaileen familiekin egin beharreko elkarrizketei buruzko ikastaroak oso emankorrak izan dira. Laguntza harremana deritzogunaren teknika hobetzen joateko da. Zendu den pertsonaren familiari dolua gainditzen laguntzeko, eta organoak eta ehunak emateko daukaten aukera eta eskubidea eskaintzeko da.
Askotan diozue emaileak behar direla. Jendarteak kontzientzia badauka?
Emate programen garrantzia nabarmena da. Organoak eta ehunak emateak pertsonen bizia salbatzeko edo, gutxienez, euren bizi-kalitatea hobetzeko balio du, batez ere ehunen kasuan. Gaur niri tokatu ahal zait, eta bihar zuri. Hori askotan ez dugu pentsatzen, eta uste dut pentsatu beharko genukeela. Jendea solidarioa da. Herritarren borondateagatik eta Osasun sistema publikoagatik eta Osakidetzaren azpiegituragatik ez balitz, emate eta transplante programak ez lirake existituko eta ez lukete funtzionatuko. Hainbat kolaboratzailek eta gure sistemaren azpiegitura izugarriak eusten gaitu. Profesional ia denek era batera edo bestera parte hartzen dute gure programetan, ospitaleetan arlo honi lotutako gauza asko egiten baitira. Komunikabideei ere eskerrak eman nahi dizkiet, eurek ere ekarpen oso garrantzitsua egin baitute emateen sustapenean.
Zeintzuk dira erronka nagusienak? Nora begira zaudete?
Egungo emate eta transplante tasekin segitzea, tasa horiek mantentzea da erronka. Gaitza da, baina horretan ari gara. Eta proiektu berrietan pentsatzen ari gara beti, adibidez, patologia neurodegeneratiboak dituzten pazienteen emateetan. Bizirik dauden emaileen giltzurrun transplanteak hobetzea eta ahal izanez gero, gehitzea ere bada erronka, eta ahalik eta profesional gehien integratzea emate eta transplanteen arloan.