Kafe Antzokian egingo dute Innovathon Bermeo, aurten
Azaroaren 13an eta 14an egingo dute lehiaketa Bermeoko Kafe Antzokian. Hala ere, parte hartu gura dutenek astelehena dute izena emateko azken eguna.
Sarean egin zen 24 orduko maratoi birtuala izan zen iazko Innovathon Bermeo lehiaketa. Aurten, baina, aurrez aurre egingo dute, parte hartzaileak Bermeoko Kafe Antzokian batuko dira azaroaren 13an eta 14an.
Bermeo Tuna World Capital elkarteak (BTWC) atunaren arrantza sektorerako eta industriarako erantzun berritzaileak aurkitzeko iaz abiarazi zuen lehiaketa da Innovathon Bermeon. Gogorarazi dutenez, atuna munduko arrantzaren balioaren %20 da: “Datu horrek munduko arrantza-baliabiderik garrantzitsuena bihurtzen du, eta herrialde asko espezie horren mende daude, elikadura ondasun edo garapen ekonomikorako baliabide gisa”. Modu horretan, atunaren iraunkortasuna bermatuko duten irtenbide berritzaileak aurkitzeko erronkaz antolatzen dute lehiaketa.
Parte hartu gura duten horiek BTWCen webgunean eman beharko dute izena, eta azaroaren 1a (astelehena) dute horretarako azken eguna. Startup-ak, ekintzaileak, azken ikasturteko ikasleak, graduatu berriak eta masterreko ikasleak “industriaren iraunkortasuna hobetzen lagunduko duten ideia berritzaileak sortzeko aukera horretan” parte hartzera deitu dituzte. Azaldu dutenez, itsasoarekiko grina duten pertsonak bilatzen dituzte, “ozeanoen eta planetaren garapen jasangarrian jarduteko eta laguntzeko motibatuta daudenak”.
Jakitera eman dutenez, aditu talde batek gidatuko ditu parte hartzaileak; 3 eta 5 pertsona arteko talde mistoetan banatuko dira. Talde horiek webguneak, bibliografia, networking kanalak… eskura izango dituzte beren ideiak sortzeko.
Aurten parte hartzaileek izango duten erronka hurrengoa izango da: Nola lagundu atunaren legez kanpoko arrantza eta sektoreko lan abusuak txikiagotzen. “Urtean 5,3 milioi tona atun harrapatuz, gaur egun errendimendu maximo iraunkorraren %86an arrantzatzen ari gara. Hau da, ez dugu marjinarik arrantza handitzeko eta, aldi berean, biztanleen ustiapena baldintza ekonomiko, ingurumeneko eta sozial jasangarrietan bermatzeko”, azaldu du Ignacio Serrats BTWCeko presidenteak.
Hala, Innovathon Bermeoren bidez irtenbide teknologiko, sortzaile eta bideragarriak garatu gura dira, Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) lortzen laguntzeko, eta, zehatzago, 14. GIHarekin lotutako erronkei laguntzeko: ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak iraunaraztea eta modu iraunkorrean erabiltzea.
Innovathon Bermeon sortzen diren ideia berritzaileek produktu eta zerbitzu berriak sortuko dituzte. “Horiek atunaren arrantza industria 360ºko jasangarritasunaren inguruan lerrokatzen eta teknologian oinarritutako negozio-eredu berriak eraikitzen lagunduko dute, sektoreak aurre egin beharreko arazoei irtenbidea emateko, hala nola, gehiegizko arrantzari edo legez kanpoko arrantzari”. Era berean, azken garapenek Bermeoko herriaren bultzada sozioekonomikoa bultzatuko dute, “bertoko arrantza eta kontserba industria, historikoki, diru iturri nagusia eta enplegua sortzeko palanka handia izan baita”.
10.000 euroko saria. Talde irabazleak 10.000 euroko saria jasoko du, honako hauek barne: 3.000 euro ekarpen ekonomikoa, ideia garatu eta martxan jartzeko 60 orduko mentoring zerbitzua, proiektua garatzeko Bermeoko Udalak udalerrian bertan emandako lokala eta Innovathonen munduko finalean parte hartzeko akreditazioa; 2022an Lisboan izango da, Nazio Batuen Munduko Konferentziaren esparruan.
Iaz egin zuten lehiaketa lehenengoz, eta Omegabyte taldearen Sharkface proiektuak irabazi zuen Innovathon Bermeo.