‘Guernica Gernikara’ eskaeraren bilakaera historikoa aztertuko dute
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak jardunaldiak antolatu ditu azaroaren 13 eta 14rako Nabarralderekin batera. Parte hartzeko izena eman behar da
Guernica Gernikara aldarrikapenak izan duen bilakaera historikoa aztertzeko jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 13an eta 14an. Gernika Memoriaren Lekuko plataformak (GML) Nabarralderen laguntza izan du jardunaldiak antolatzeko. Udakeneko kanpainaren barruan egingo dituzte, eta beraientzat «erronka» bat dela esan du plataformako kide Jon Argintxonak. «Egitasmo hori lantzen eta pizten jarraitu nahi dugu», esan du.
Irailean 40 urte bete ziren 1981. urtean Picassoren Guernica koadroa Madrilera eraman zutela, eta urteurren horren harira, modu batera edo bestera, margoaren gaia landu dute bai gaur egun koadroa hartzen duen Madrilgo Reina Sofia museoan edota Malagako Picasso museoak, esaterako.
Gernika Memoriaren Lekukok jardunaldiekin gogora ekarri nahi du margo horrek beste hisroria bat duela, aurrekariak dituela eta, batez ere, arrazoizkoa izan daitekeela Guernica Gernikara ekartzea, helburu guzti horiek kontuan izanik.
Guernica Gernikara aldarrikapena beste asmo batzuen dinamizatzailea da.
Kontzeptu zabalagoa. Memoria landuko dute azaroko asteburu horretan. Baina, Argintxonak zehaztu duenez, memoria terminoaren konplexutasuna kontuan izango dute jarduterakoan. «Ez gara mugatuko espainiarrek memoria historikoari buruz duten ikuspegira; hau da, II. Errepublikaren, Frankismoaren eta Gerra Zibilaren memoriara. Guk memoria kolektiboari buruz dugun kontzzeptua zabalagoa da. Memoria ekintzaile eta parte hartzaile batekin lotzen dugu».
Zentzu horretan, Argintxonak azaldu du Guernica Gernikara aldarrikapena beste asmo batzuen dinamitzatzailea ere badela. «Gernika hiria bakearekin lotzen da, baina bakea beste kontzeptu batzuei lotuta egon behar da: askatasunaren, egiaren, justiziaren eta kulturaren hiria ere izan behar da. Hori dena, zentzu aktibista batean».
Euskal memoriagaz lotuta. 40 urte bete dira Guernica koadroa Madrilera heldu zela, eta Guernica Gernikara eskaerak indarra hartu zuela. Bonbardaketaren 50. urteurrenean –koadroa Madrilera heldu eta bost urte eta erdira– ere, aldarrikapen horren azterketa sakona egin zuten Gernika-Lumoko institutuan antolatu zituzten jardunaldietan, eta haiekin lotu nahi dituzte azaroan egingo dituztenak. 1987an ere hausnarketa koadroaren margoaren balio estetikotik harago joan zen. Hala, argitu zuten Guernica Gernikara ekartzeko eskaria ez zela sortu margoak herriaren izena duelako, oinarriak sendoagoak dira.
Guernica Gernikara, eta Gernika memoria lekua bezala, euskal memoriarekin lotuta dagoela aipatu du Argintxonak, eta azaroaren 13an Elai Alai aretoan egingo dituzten topaketetan hainbat kontu landuko dituzte: genozidioaren kontzeptua, euskal artistek landu dituzten Gernikak, memoria lekuaren kontzeptua, Guernica Gernikara aldarrikapenaren esanahia… Dinamikak izan duen bilakaerari buruzko gogoeta egin eta hartu duen bidea egokia den edota zein hutsune izan diren aztertuko dute.
Karmelo Landa, Anjel Rekalde, Beñi Agirre, Xabier Irujo edota Felicitas Lorenzo izango dira hizlari, besteak beste. Jardunaldiei ukitu berezia emateko, nazioartetik biidalitako bideoak ere proiektatuko dituzte. Dinamikari buruzko iritzi laburrak izango dira.
Gernika, memoria leku bezala, euskal memoriarekin lotuta dago
Hizlariei dagokienez, Landak Guernica koadroa espainiaratzearen kontestualizazio historiko-politikoa egingo du. Alegia, zergaitik zen estatu arrazoi bat Guernica Madrilera eroatea momentu horretan, eta zelan ulertzen den botere joko bat bezela.
Anjel Rekalde eta Beñi Agirrek memoriaren lekuen kontzeptua bera aztertuko dute. Euskal memoria eta euskal memoria lekuak zelan ulertu daitezkeen euskal ikuspegi batetik.
Irujo, berriz, genozidio kontzepuaren lanketa zabal bat egingo du; ez bakarrik fisiko-humanoa, baita kulturala ere, besteak beste. Argintxonak zehaztu duenez, Picassoren Guernica beti aipatzen da, modu estandar batean, gerraren kontrako ikono bat den bezala, eta kitto. «Baina esanahi askoz aberatsagoak daude atzean. Koadroak salatzen du totalitarismoa, salatzen du inposizioa eta salatzen du gezurra». Picassoren margoa hori ere badelako, eta euskal ikuspegi batetik egiaren borrokari eta herri zapalkuntzari ere badagokiolako esandako hori. «Hori da Irujok planteatuko diguna».
Domekan txangoa. Felicitas Lorenzok Guernica eta euskal artisten Guernicak izango ditu aztergai, eta Oteiza Museoaren ordezkariak Guernica koadroaren analisia egingo du, Oteizaren ikuspegitik. Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideek ere hitza hartuko dute jardunaldietan.
Parte hartzeko plataformaren webgunean eman daiteke izena: guernicagernikara.eus. Jardunaldietan parte hartzeko 15 euro ordaindu behar dira, eta bazkarira joan guar duenak 39 euro. Azken aukera hori egiten dutenek catering zerbitzua izango dute Astran, tokiko produktuekin.
Azaroaren 14an, berriz, Urdaibaitik txangoa egingo dute, Iratxe Arriolarekin. Erreserbaren ustiaketari buruz ariko da Arriola, eta hori ere memoria egiteko modu bat dela esan du Argintxonak. Urdaibai Bird Center ere bisitatuko dute.