LAB: "Patronalak uste du emakumeek ez dituztela gizonen eskubide berdinak izan behar"
Kontserberetako emakumeen egoera hobetzeko proposamena egin du LAB sindikatuak; Bizkaiko arrain-kontserba eta gazituen sektoreko hitzarmenaren negoziazio-mahaiak zazpigarren bilera egin du gaur.
Patronalak kontserba sektorean lan egiten duten emakumeak erabateko prekaritatean betikotu nahi dituela salatu du LABek. Gaur egin du zazpigarren bilera Bizkaiko arrain-kontserba eta gazituen sektoreko hitzarmenaren negoziazio mahaiak, eta jarrera ikusita, sindikatuak proposamen bat jarri du mahai gainean. Hain zuzen, Bizkaiko kontserba-enpresetako langileek jasaten dituzten miseria, soldata arrakala eta behin-behinekotasun tasa handiari aurre egin nahi die proposamen horrek, LAB sindikatuak azaldu duenez.
Gogoratu dute sektore horretan produkzio kateko langile gehienak emakumeak direla. “Pandemian zehar funtsezko langile izendatu ziren emakumeak, baina, hala ere, prekarietate-tasa handieneko sektore batekoak dira. Horretarako azalpen bakarra dago: CEBEK patronalak uste du sektoreko emakumeek ez dituztela gizonen eskubide berdinak izan behar, ez dutela soldata duinik izan behar eta ez dutela merezi lan baldintza duinak dituen lanik”, azpimarratu du LABek. Sindikatuaren ustez, horien froga dira soldata oso baxuak eta behin-behinekotasun handia: “Esanguratsua da, emakumeak nagusi diren sektorea izan arren, %95ean lan finkoa duten bakarrak gizonak izatea”.
Baldintzak duintzeko neurriak. Horregatik, gaurko bileran LABek planteamendu bat egin du: sektoreko gutxieneko soldata, epe laburrean, urtean 19.000 euro gordin ingurura iristea –gaur egun ez da 15.000 eurora iristen–, eta kontratu mugagabea duten langileen kopurua nabarmen handitzea. “Biak dira prekaritatearen aurka borrokatzeko eta funtsezkotzat jotzen den sektore baten lan eta bizi baldintzak duintzeko neurriak“, azaldu du sindikatuak. “LABen badakigu hori borrokarekin baino ez dela posible izango, eta, horregatik, sektorea aktibatzen eta antolatzen eta sektoreko emakumeek lana eta bizitza duina izan dezaten beharrezkoak diren aliantzak sortzen jardungo dugu”.