728 bermeotarren iritziak eta proposamenak jaso dituzte
Iazko prozesu parte hartzaileagaz alderatuta, "nabarmen" igo da parte hartzea; boskoiztu egin da.
2022ko aurrekontua garatzeko prozesu parte hartzailea abiarazi zuen Bermeoko Udalak irailean. Izan ere, adierazi dutenez, “ezinbestekotzat” jotzen dute herritarren lehentasunak zeintzuk diren identifikatzea, datorren urteko aurrekontuaren exekuzioan islatzeko. Gaur eman dituzte prozesu parte hartzailetik jasotako datuak, eta esan dutenez, 728 herritarrek parte hartu dute prozesuan. Hala, “nabarmen” igo da iazko parte hartzea; boskoiztu egin da, hain zuzen ere.
Aurten bermeotarrek hiru bide izan dituzte prozesuan parte hartzeko: etxe guztietara bidali zen inprimakia betez eta Liburutegian, Berhazen edo Kultur Etxean utzita (201 pertsonak erabili dute aukera hau), email bidez osatuz (7 pertsona) edota Google Form bat betez (520 pertsona). Gogorarazi dutenez, aurten lehen aldiz zabaldu dute Google Form bidez parte hartzeko aukera, eta emaitza “oso ona” lortu dute. “Gure helburua zen ahalik eta erraztasun handienak ematea, eta uste dugu lortu dugula. Teknologia berriek eskaintzen dizkiguten abantailak aprobetxatu behar ditugu”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Parte hartzaileen profilari dagokionez, %54ak 45 urte baino gutxiago ditu, %33 46 eta 65 urte bitartekoak izan dira eta %13, berriz, 66 urtetik gorakoak. Azkenik, lehentasunak adierazi dituzten herritarren %52 emakumezkoak izan dira, %47 gizonezkoak eta %1 ez binarioak.
Bi ariketa “erraz” proposatzen zizkieten bermeotarrei. Lehenengoan, 2022an gauzatu zitezkeen 11 proiektu aurkeztu zituen udal gobernuak, herritarrek lehentasunen arabera puntuatzeko. Hala ebatzi dute herritarrek:
- Bakarrik bizi diren adineko pertsonen jarraipenerako programa
- Herriko gune desberdinetan asfaltatze lanak
- Herri eskola eta Benito Barruetako patioak zabaldu eta aisialdiko gunea egokitu
- San Martinen aire zabaleko kirol gunea sortu
- Lamerako lurzorua konpondu
- Lameran komun publiko berria jarri
- Bermibus geltokietan itxaron-denborari buruzko informazio panelak jarri
- Alde zaharreko zenbait gunetan hormairudiak margoztu
- Artzako biribilgunetik Erreten Lamerara arteko gunea egokitu eta edertu
- Bizkaiko Jaurerria kalea egokitu eta edertu
- Udal web orri berria diseinatu eta martxan jarri
Bigarren ariketan, berriz, herritarrek proiektu desberdinak planteatzeako aukera zeukaten. Hainbat gai proposatu dituztela aipatu dute, eta horiek guztiak 15 multzo nagusitan elkartu dituzte: Txakurrak, osasun zentroa, iriste erraztasuna, kirol guneak, aparkalekuak, garbitasuna, bainurako guneak, Alde Zaharra, umeentzako ekintzak eta gune estaliak, futbol zelaia, adineko pertsonei erraztasunak, mantenua, portua eta bidegorriak.
Bermeoko alkateak esan du “oso pozik” daudela parte hartzearekin; “oso garrantzitsua da guretzat honelako datuak edukitzea”. Uste du helburuak “ondo bete” dituztela: “Ahalik eta bermeotar gehienen lehentasunak zeintzuk diren jakin gura genuen eta gazteen parte hartzea sustatzea ere bazen gure asmoa, eta lortu dugu. Gainera, gizon eta emakumeen parte hartzea orekatua izan da, iaz gizonen parte hartzea nahiko baxuagoa izan zelako”.
Aipatu duenez, gehien errepikatzen diren gaiak honakoak dira: garbitasuna, iriste erraztasuna eta ume eta gazteekin lotutako aisialdia eta espazioen egokitzapena: “Aurrekontu guztietan indartuta doazen gaiak dira”. Aurrerantzean, hortaz, aurrekontu proiektua diseinatzerakoan, parte hartze prozesuan jasotako lehentasunak eta proposamenak kontuan edukiko dituztela esan du Abaroak: “Saiatuko gara ahalik eta gehienak 2022ko aurrekontu proiektuan sartzen. Hala eta guztiz ere, horietako batzuk lanketa fasean gelditu beharko dira. Epe labur, ertain zein luzerako proposamenak jaso direlako”.
Bestalde, Bermeoko Udalaren eskumenekoak ez diren gaiei buruz aipatu du dagozkien erakundeekin harremanetan jarriko direla, “elkarlanean jorratzeko”.