"Materia organiko gutxi daukate gure lurzoruek"
Nahia Gartzia Bengoetxea biologian doktorea da, eta ikertzaile lanetan aritzen da Neiker ikerketa zentroan Baso Zientzien Sailean. Lurzoruaren garrantziaz hitz egin du.
Zer eginkizun betetzen du lurzoruak naturan eta bizidunen bizi kalitatean?
Eginkizun itzela betetzen du bizidunen bizi kalitatean. Lurzorutik dator kontsumitzen ditugun jatorri begetaleko eta animalia jatorriko kalorien %95. Horri guztiari erabiltzen ditugun lehengaiak gehitu behar zaizkio; beraz, kontsumitzen dugunaren %99 dator lurzorutik eta bakarrik %1 dator itsasotik. Euria egiten duen bakoitzean, lurzoru gainean egin du euria, eta hori lurzorutik iragazten da. Ur hori gero erreketara eta akuiferoetara doa, eta hortik edaten dugu. Gizakiaren ongizatea bermatzen duen sistema da lurzorua eta, beraz, lurzoru osasuntsu batek bermatuko du bertan bizi diren izaki bizidunen ongizatea.
Halako garrantzia izanda, sistema oso ezezaguna da, ezta?
Oin azpian geratzen delako da nire ustez hain ezezaguna. Leonardo da Vinci izan zen bere garaiko lehen edafologoa. Bere garaian esan zuen unibertsoan zeuden gorputzei buruz gehiago zekiela oin azpian zuten lurzoruari buruz baino. Eta gaur egunean ere, antzera batera jarraitzen dugu. Lurzoruari buruz gutxi ezagutzen denez, ezin da nahikoa baloratu.
Behar beste zaintzen dugu?
Erantzuna niretzako argia da: ez.
Lurzoruaren egoerak zer pisu dauka klima aldaketan?
Landareek fotosintesia egiten dutenean atmosferako karbonoa finkatzen dute euren biomasan, eta biomasa hori lurzorura bueltatzen dute. Karbono horren guztiorren zati bat lurrera doa, eta hori lurrera ailegatzen den unean, materia organiko horrek alderdi mineralagaz elkar eragiten du, eta lurzoruan geratzen da finkatuta. Lurzorua, hortaz, karbono gordailu bihurtu da, hustutegi bat.
“Lurzoruak badauka berez berriztatzeko ahalmena. Hemen Euskal Herrian zentimetro bat hazten da ehun urteko. Klima hotzagoetan, aldiz, zentimetro hori sortzeko mila urte behar dira”
Zelan babestu dezakegu?
Lurzorua babesteko erarik onena da lehendabizi jendeak ezagutzea zer den lurzorua. Erakundeek lurzoruen babes lege bat sortzea ere garrantzitsua izango litzateke. Aireak eta urak Europako babes zuzentarauak dituzte, baina lurzoruak ez dauka halakorik. Egon zen bere sasoian saiakera bat, baina bertan behera geratu zen. Jaurlaritza, egun, euskal lurzoruen babeserako lege bat bultzatu nahian dabil. Europako lehen herrialdeetako bat izan ginen kutsatutako lurzoruei buruzko legedi bat onartzen, eta laster lurzoruari babes integrala emango dion lege bat onartzekotan daudenaren susmoa daukagu. Modu horretara, kutsaduraz gain, higadura, zigilatzea, trinkotzea eta beste hainbat arrisku kontuan hartuko lirateke.
Baliabide berriztagarria da?
Lurzoruak badauka berez berriztatzeko ahalmena. Hemen Euskal Herrian zentimetro bat hazten da ehun urteko. Klima hotzagoetan, aldiz, zentimetro hori sortzeko mila urte behar dira. Eskala geologiko batean bada berriztagarria, baina gizakiak ez luke preziatuko hori aldaketa hori. Horregatik esaten da ez dela natur baliabide berriztagarri bat.
“Euskal Herrian lurzoruaren oso kudeaketa intentsiboa egin da, izan ere, gure lurrak biziraupenerako oso erabiliak izan dira”
Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera, Lurra planetako lurzoruaren degradazio maila ertaina edo handia da.
Orokortzea ez da izaten erraza, eta gutxiago Euskal Herria moduko herrialde anitz batean. Iparraldetik Hegoaldera Euskal Herriak duen moduko aniztasuna herrialde gutxik edukiko dute. Daukagun berezko klima aldaketa horrek egiten du lurzoru motak ezberdinak izatea eta horrek, aldi berean, lurzoru horiek eduki duten kudeaketa desberdina izatea eragin du. Lurzoruari ematen zaion erabilera, azkenean, daukagun lurzoru motari lotuta dago eta, beraz, alde horretatik zaila da orokortzea. Bere sasoian Araba, Bizkai eta Gipuzkoako materia organikoaren mapa egin genuen, eta Iparraldetik Hegoaldera ikusi genuena izan zen orokorrean materia organiko kopuru nahikoa txikia daukatela gure lurzoruek. Hori guztia Erdi Arotik datorrela ondorioztatu genuen. Euskal Herrian ordutik lurzoruaren oso kudeaketa intentsiboa egin da, izan ere, gure lurrak biziraupenerako oso erabiliak izan dira.
Lurzoru bat degradatuta badago, zer gertatzen da?
Degradatutako lurzoru batek ez ditu bete behar dituen funtzioak betetzen. Hau da, uraren iragazte funtzioa, elikagaien eta lehengaien ekoizpena, lurzoruan bizi diren izaki bizidunentzako habitat sistema… horiek funtzio guztiak ez ditu betetzen. Lurzorua babesteko oreka baten barruan egin beharko lirateke gauzak, eta modu iraunkor batean. Daukazun lurzorua zelakoa den ezagututa eta noraino ailegatu zaitezkeen jakinda, hori nahikoa izan beharko litzateke.
“Gurea moduko klima epel eta euritsu batean, mendeetan sortzen den lurzorua erraz galtzen da, eta horregaz ez gara jabetu ere egiten”
Zeintzuk dira degradazio horren arrazoi nagusiak?
Arrazoi nagusietako bat higadura da, hau da, lurzoru galera. Ingurune euritsuetan dauden malda handietako lurzoru pisutsuak biluzik lagatzen badituzu, euri urak lur hori askatu egiten du eta maldan behera jausten da. Lurzoruaren gainean dauden lehenengo zentimetroak dira emankorrenak eta gehien zaindu behar litzatekeenak, eta higaduragaz lehen galtzen direnak ere badira. Euskal Herriak higaduraren aurrean urrakortasun handia dauka, eremua maldatsua eta euritsua da, eta lurzoruak ere oso astunak dira. Lea-Artibai mailan higadura da daukagun arriskurik nagusiena. Gurea moduko klima epel eta euritsu batean, mendeetan sortzen den lurzorua erraz galtzen da, eta horregaz ez gara jabetu ere egiten. Lurzoru bat, egia esan, ez da higatzen baso estaldura natural bat duenean. Baina eskualde osoa baso naturalez estalia izatea utopia da. Azken batean, gu bizi garen gizartean bizi gara, eta denok hemen bizi behar gara. Egoera eta ekintza guztiak orekan bizitzea komeni da. Errepideak, etxebizitzak, nekazal lurrak, baso landaketak, industriaguneak… denok elkarbizi behar dugu hemen, baina bai kontuan hartu beharko genuke higadura potentzial handiko lekuetan babes baso batzuk sortu beharko genituzkela hori lurroi ez galtzeko. Urrakortasun txikiagoa daukaten lekutan egin beharko genituztek bestelako ekintzak.
Beste arazorik badaukagu inguruotan?
Ingurune industrializatuetan zigilatzea da sortu daitekeen beste arazo bat. Lurzoru batean hormigoia botatzen duzunean, lurzoru horrek bere funtzioak betetzeari utziko dio betirako, eta ezin da berreskuratu. Lurzoru hori berreskuratzea ia ezinezkoa da. Nahiz eta gainean dagoen hormigoia kendu, hor behean geratzen den lurzorua berreskuratzea oso oso zaila da. Hala ere, beharbada, berreskuratzeko aukera legoke.