Irati Gondra Martinezek hartu du Mundakako aginte makila
Mikel Bilbaoren aurkako zentsura mozioa onartu du Mundakako udalbatzarrak, EAJ alderdiaren aldeko botoekin eta Bilbao beraren kontrako botoarekin.
Gaurko ez-ohiko osoko bilkuran Mundakako alkate kargua hartu du Irati Gondra Martinez jeltzaleak, eta bi urte eta erdiz Mundako alkatea izan den Mikel Bilbao Ruizen kontrako zentsura mozioa onartu dute.
Eguerdian egin dute ez-ohiko osoko bilkura. EAJ alderdiak aurkeztu du Bilbaoren aurkako zentsura mozioa, eta alderdi horren bost hautetsien aldeko botoekin onartu dute; Bilbaok kontra bozkatu du, eta EH Bilduren hiru zinegotziek ez dute bozketan parte hartu. Mozio berean proposatu dute Gondra alkategai.
Era berean, Bilbao Mundakako EAJ-PNV udal taldetik–independiente modura aurkeztu zen– botatzeko akta eta horren eranskina espedientean sartzea eskatu dute mozioaren zergatia argi gera dadin. Hurrengo hauteskundeetara arte Bilbaok zinegotzi moduan jarraituko du.
Mundakako aginte makila hartuta, gaurkoa Mundakarentzat “egun berezia” dela esan du Gondrak, eta baita Mundaka “norabide zuzenean jartzeko inflexio puntua” ere.
Irati Gondra: “Urte eta erdi noraezean eman behar izan ondoren, hauxe dugu mundakar guztiok merezi dugun gestioa ekaintzeko momentua”.
Gaur etapa berri bat hasten dela nabarmendu du, eta gaineratu du udalaren kezka eta ardura nagusia kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea izango dela. “Burubelarri lan” eginez, mundakarren bizi kalitatea hobetuko duten eta euren ardurei eta beharrizanei erantzungo dien proiektuak aurrera eroateko konpromisoa hartu du: “Horretarako herritarrak entzungo ditugu; eurei udalari euren proposamenak eta nahiak helarazteko aukera emango diegu. Horrela, denon artean eta denontzat Mundaka hobe bat eraikitzeko”.
Auzi judizialak albo batera uzteko eta udalerriaren kudeaketan “elkarren ondoan” lan egiteko momentua dela zehaztu du alkateak: “Horretarako, udalbatza osatzen duten gainontzeko alderdi politikoekin komunikazio irekia eta konstruktiboa mantenduko dugu”. Beregan jarritako konfiantza eskertuz amaitu du ezohiko osoko bilkura: “Mundakako emakume eta gizon guztiei herri ezin hobea eskaintzeko lan egingo dut, denok gure herriagaz harro egon daitezen”.
Azken urte eta erdian bizitakoa, “hasieratik ekidin” zitekeen prozesua dela esan die Bilbaok EAJren hautetsiei: “Momentu oro zuen esku egon da. Batzokiko aginduek ez dizuete autokritikarako gaitasunik utzi. Udaletxean egindako batzar batean argi utzi zenidaten lehentasunak alderdiak markatuko zituela, eta erabakiak ez zirela alkatearenak izango”.
Mikel Bilbao:”Hauteskundeetan 600 herritarrek baino gehiagok nigan konfiantza erakutsi zuten, eta EAJk ez ditu horiek errespetatu”
Bilbaoren berbetan, bere bizitzako “etaparik txarrenetarikoa” bizi izan badu ere, Mundakarekin daukan konpromisoa betetzeko “amaierara arte borrokatu” duela azpimarratu du: “Baita amaiera hau saihesteko ere, gutxi batzuen zekenkeriaren fruitua baita. Horiek uste dute instituzio publikoak nahi dutena egin eta desegin dezaketen txokoak direla. Harro noa, mozio hau nire osotasun moralaren, zintzotasunaren proba da. Galderarik egin gabe mahai gainean jarritako dena sinatu izan banu, esandako dena egin eta eurek nahi zuten testaferroa izango banintz, alkate izaten jarraituko nuke, nire aulkian eroso eserita”.
Mundakako udalbatza osatzen duten bederatzi zinegotziak egon dira aretoan, eta babesa erakusten izan dira Bilbaoren hurbilekoak eta EAJ alderdiaren ordezkariak, tartean, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentea.
Adineko mahaia osatuta hasi dute eguerdiko ezohiko osoko bilkura, eta segituan, eguneko puntu bakarraren eztabaida hasi dute. EAJk zentsura mozio aurkeztu duenez, Gondrak bere alderdiaren izenean berau aurkeztearen arrazoiak azaldu ditu. Ondoren, Bilbaok bere ikuspuntua azaldu du, eta jarraian, Jose Javier Araguesek hitz egin du EH Bilduren ordezkari moduan. Denen azalpenak amaituta bozkatu dute Bilbaoren kontrako zentsura mozioa eta Gondra alkate izatea.
Mundakako EAJ nahi zuen momentua ailegatu dela adierazi du Bilbaok, eta “udala Batzokiarena dela” azpimarratu du: “EAJren 30 bat afiliatuk Batzokian egindako bozketan erabaki zen nire kargugabetzea. Hauteskundeetan 600 herritarrek baino gehiagok nigan konfiantza erakutsi zuten, eta EAJk ez ditu horiek errespetatu”. Mozio legala bada ere, “etikoki antidemokratikoa” dela uste du, eta azaldu du alkatetzara aurkeztutakoan prestatu zuten programaren “%70 baino gehiago” aurrera atera duela.
Beren ustez zentsura mozioaren hiru arrazoi nagusiak direnak zerrendatu ditu: “Aholkularitza juridikoa ematen zuen pertsoari kontratua ez berritzea da bat. Batzokitik presioa egin zidaten kontratatzeko, eta iradoki zidaten lehiaketa publikoa atera eta iruzur egitea. Beste arrazoi bat EAJren zinegotziei dieta irregular-osagarriak ez onartzea izan da, eta hirugarrena, Batzokiaren interesak defendatzeko aginduei men ez egitea”. Bilbaok esan du gezurretan ari dela leporatzen diotela, baina bere baieztapenak frogatzen dituzten dokumentuak dituela, eta hala eskatuz gero, epaitegietan aurkeztuko dituela.
Azken bi urte eta erdian Mundakako alkate izan denak gogor hitz egin die EAJren hautetsiei, eta hainbat modutara eta tresna erabilita eta “desinformatuta”, herriaren iritzia “manipulatzea” leporatu die. Politikaren alde ilunena erakusten duen jazarpena jasan duela gaineratu du. “EAJk sortutako arazoaren ondorioa da mozio hau, ez dutelako parte hartu nahi Administrazio Publikoaren Legeak araututako gobernantzan”. Alkate karguan jarraitzeko funts publikoak erabili izanagatik kritikatu zuten jeltzaleek, eta horiei gogoratu die eurek hasi zutela prozesu judiziala, “idazkari kontu-hartzailearen kontra, eta ez bere kontra”. Bere kontrako salaketarik ez badago ere, esan du alkatearen “funtzio etikoa” dela udaleko funtzionarioak defendatzea, “justuak diren arrazoiak daudenean”.
Desadostasunez jositako alde guzti honetan galtzaile izan den bakarra Mundakako herria dela esan du Gondrak, eta besarkada beroa bidali die herrian bizitzea tokatu zaien egoera mingarri honen ondorioz, azken hilabete hauetan horrenbeste sufritu dutenei. Jeltzaleak Bilbaori esan dio eurek ez dutela interes partikularraren arabera jarduten, Mundakarentzat proiektu bat aurrera eroateko bozkatu zieten herritarren interesen arabera baizik: “Agian alkategai izateko proposamena egin genizunean ez zenuen ulertu gobernu talde baten atzean talde lana dagoela”. Bere lankide izan behar zirenekiko “enpatia falta” izatea egotzi dio.
EH Bilduren zinegotziak gogora ekarri du orain dela urtebete auzia hasi zenean esan zutela EAJren “barne-arazoa” zela, eta ahalik eta azkarren konpontzea eta udalaren egunerokoan ondoriorik ez izatea nahi zutela: “Tamalez ez da horrela izan; arazoa larria izan da. Judizializazioa txarra izan da, kudeaketa txarra izan da, eta konponketa gero eta okerragoa izan da. Gezur pila bat bota dira”. Gertatutakoa “oso tristea eta denentzat oso gogorra” izan dela nabarmendu du: “Gauzak ez dira ondo egin, ez orain, ez lehenago. Herriaren irudia lurretik daukagu, eta herrian giroa oso txarra da”.
Eguzkia aterako denaren esperantza daukatela aitatu du Araguesek: “Tsunami honen ondoren, katarsis honen ondoren, beti bezala gu prest gaude herriaren alde egiteko. Komisario politikoen, gutxi batzuen interes ekonomikoen eta alderdien interesen aurretik Mundaka dago. Herriaren gauzak Mundakan konpondu behar ditugu”. Desberdinen arteko auzolana egiten jartzeko aldarrikapena egin dute koalizio abertzalekoek: “Eta egin dezagun posible benetazko herri on bat, guztion Mundaka”.