"Bizitzeko esperientziaren muinera jo dut bigarren poema liburu honetan"
El Gallo de Oro Edicionesegaz argitaratu du Leire Gandarias Eiguren elantxobetarrak 'Lo que queda de nosotros' poema liburua. Elantxobetarraren bigarren poema liburua da.
Lo que queda de nosotros poema liburua kaleratu berri duzu. Zer dakarzu?
Nire bigarren poema liburua da hau, 2015ean kaleratu nuen lehenengoa: Gramatica Salvaje. Lehenengoa bilduma lana izan zen, niretzako garrantzitsuak ziren poemak sartu nituen hartan. Oso pozik geratu nintzen lanagaz, erantzun ona ere eduki zuen. Gerora, idazten jarraitu dut, ia egunero idazten dut. Eta, beste poema liburu bat argitaratzea ere baneukan buruan. Lehenengo liburua zuzentzen nenbilela, Beñat Arginzonizi buruz berba egin zidaten, eta haren liburu bat ekarri zidaten. Aipatu liburua irakurri eta argi izan nuen beragaz kaleratu gura nuela bigarren liburu bat, editorea ere badelako. Asko gustatu zitzaidan bere idazteko modua. Bigarren liburuan jendearengana gehiago hurbildu gura nuen. Lo que queda de nosotros, hortaz, erronka bat izan da niretzat, publiko mota guztiengana iristea izan baita nire asmoa. Beñatek lagundu egin zidan honetan, esan zidan xumera jotzea garrantzitsua zela. Poemetan zurea dena agertu behar dela, baina garrantzitsua dela irakurtzen duenarengan eragina izatea. Buruko isuria izan nuen lehenengo liburua argitaratu ostean, hiltzeko zorian egon nintzen. Osatu ostean nire ilusiorik handiena idazten jarraitzea izan zen. Nire idazteko modua, gainera, aldatu egin zen, funtsezkoagoa bihurtu zen. Liburu honetan, hortaz, gehiago jo dut norberaren muinera, hau da, bizitzeko esperientziaren muinera, horregatik dator liburuaren izena ere: Lo que queda de nosotros.
Gai asko lantzen dituzu.
Hala da, bai. Sentimendu unibertsalez ari naiz zatietako batean; amodioaz, bizitzaz edo bakoitzak bizitzaz ulertzen duenaz idatzi dut poemetako batzuetan. Uste dut, gainera, liburua ondo geratu dela. Poema liburu erraza da, poema laburrak dira, eta hizkuntza erraza erabili dut. Hala ere, liburua irakurri dutenek esan didate, behin irakurrita, bizpahiru aldiz irakurri behar duzula. Izan ere, poema liburu gogorra da, baina polita aldi berean. Bizitzaren ñabardura guztiak ageri dira. Ez dut gai bakarra lantzen. Batzuek esan didate apur bat metafisikoa dela, beste batzuek filosofikoa… Eta, esan beharra daukat melankolia puntu bat ere badaukala. Jendeak esaten dit alaia naizela, hala eta guztiz ere, apur bat melankolikoa ere banaizela esan beharra daukat.
Bizitza ulertzeko idazten duzula diozu. Zer eskaintzen dizu idazteak?
Idazteak poztu egiten nau, asko. Bizitza zein neure burua bera ulertzen laguntzen dit. Idaztea ispilu bat modura ikusten dut; ispilu horretan begiratu naiteke, eta ulertu eta onartu egiten naiz. Ez dut helburu bategaz idazten, ateratzen zaidana idazten dut eta ateratzen zaidan horretatik bilatzen naiz, batzuetan gustukoak ditudanak aurkitzen ditut eta beste batzuetan ez, ordea. Gainera, asko biluzten naiz idazterako orduan, nahiz eta ni neu nahikoa lotsatia naizen. Uste dut pertsona batek talentua duenean, saiatu egin behar dela talentu horregaz zerbait egiten. Beñatek nirea poesia terapeutikoa dela aipatzen du nire lanari buruz idatzi duen berri laburrean. Eta, beharbada, ez dit niri bakarrik laguntzen, nik idatzitakoak beste batzuentzako baliagarriak izan daitezke.
Zer sentitzen duzu liburua esku artean daukazunean?
Seme-alaba baten modukoa da. Aurkezpenean esan nuen moduan, erditzea modukoa da. Lan handia ematen du.
Aukeraketa bat egin behar izan duzu?
Bai, idatzita nituen poemetatik aukeratu egin behar izan nituen batzuk, 29 daude, hain zuzen ere. Liburuarentzako muin koherentea bilatu behar da, eta prozesuan jausi egiten dira poemetako batzuk, eta beste batzuk, berriz, aldatu egin behar dira. Nire kasuan, hala ere, ez naiz poemak asko aldatzekoa, izan ere, nire poemen lehenengo esaldiek konporta zabaltzen dute. Edozein lekutan idazten dut, pentsamenduak edo sentsazioak idazten ditut, eta momenturen batean esaldi bat etortzen zait burura, eta esaldi hori izango da geroko poema; hortik abiatuta sortzen dut.
Poemak idatzi dituzu hizkuntza desberdinetan. Elantxobetarra izanik, euskaraz idaztera ausartu zara?
Gaztelaniaz, ingelesez eta nederlanderaz idatzi izan dut. Oso gutxi idatzi dut euskaraz, bizpahiru poema bakarrik. Nire gurasoek beti egin dute euskaraz berba, biak elantxobetarrak dira. Euskaraz ondo ulertzen dut, baina ez naiz gai euskaraz idazteko. Euskararen munduan hiru hilabete murgilduko banintz, ziur nago gai izango nintzatekeela. Hizkuntza batean barneratzen banaiz, atera egiten zait. Horrela gertatu zitzaidan Herbehereetan.
Elantxoben egoten zara?
Bilbon bizi naiz, baina ia astebururo joaten naiz Elantxobera. Ilusio handia egingo litzaidake Elantxoben aurkezpena egitea. Poema liburu berri hau, gainera, Elantxoberi eskainita dago.
Gaztetan hasi zinen idazten.
Asko irakurtzen baino arinago hasi nintzen idazten, 12-13 urte bitartean nituen. Bizitza ikusteko nik neukan modua desberdina zela iruditzen zitzaidan, ez nuen gure familian nirelakorik aurkitzen. Uste dut horregatik hasi nintzela idazten, gauzak ulertzeko.
Poesia ez den beste zer edo zer idatzi duzu?
Bai, unibertsitate garaian kontakizun laburrak idatzi nituen, eta beste zerbait egingo banu, horiek idatziko nituzke berriro ere. Hala ere, poemak idazten sentitzen naiz eroso.
Blog bat ere badaukazu (leiregandarias.com).
Argazkiak eta poemak aurkitu daitezke blogean. Apur bat utzita daukat, baina oso erosoa da niretzat. Komunikazio alorrean lan egiten dut, eta erraza egiten zait elikatzea. Idazten dudana argazkiekin osatzea gustatzen zait, gainera. Oraingo liburuan ez dut egin, baina gustako litzaidake horrelako proiekturen bat egitea, hau da, argazkilaritza eta poemak bateratzen dituen proiektu bat sortzea.
Etorkizunera begira, ze asmo?
Nahiko nuke denbora gutxiagoan hirugarren liburu bat kaleratu, oraingoan sei urte pasa dira eta. Lehenengo liburuaren beldurra kenduta, besteak arinago doazela uste dut. Hori bai, gustatuko litzaidake liburua euskarara eta nederlandera itzultzea.