Roso Buch: "Datozen Eurokopako partidu guztiak finalak izango dira guretzat"
Eurokoparen 2. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 78-90 galdu du La Roche Vendeeren kontra.
La Roche Vandee talde frantziarraren nagusitasunari ezin izan zion aurre egin Lointek Gernika Bizkaiak, atzo arratsaldean. Ahalegindu arren, 78-90 galdu zuen talde gernikarrak.
Eurokoparen 2. jardunaldia izan zen atzokoa, txapelketa honetako Malosteko lehenengo neurketa. Jokalarien modura, marea granateak ere sufritu egin zuen.
Roso Buch Lointekeko jokalariaren berbetan, momentu batzuetan markagailuari buelta emateko gai izango zirela sinistuta zeuden: “Partidu osoan borrokatzen saiatu gara; gure lana egiten eta aurkariari aurre egiten ahalegindu gara. Momentu on batzuk eduki ditugu, erritmo onagaz aritu garen uneak, eta denok uste izan dugu partiduari buelta emateko gai izango ginela”. Baina, talde frantziarrak denean asmatu zuen, eta jokalari handiei defenditzea ez zen batere erraza izan: “Eurek ez dute parkatu, kanpotik, barrutik… denetik saskiratu dute. Guk modu batean edo bestean defendatu arren, eurek eguna eduki dute. Saskiratzeetan asmatzen aparteko partidua egin dute. Frustazioa sentitu dugu, etxean geundelako, eta badakigu EuroCupen oso garrantzitsua dela etxeko partiduak irabaztea. Baina amaierara arte ahalegindu gara, eta horregaz geratzen naiz”.
Aurreko asteko Italiako garaipena “balioan jarri” eta hurrengoan pentsatu behar dutela azpimarratu zuen Mataroko jokalariak: “Guretzat orain datozen Eurocupeko partidu guztiak finalak izango dira”.
“Buch: Badakigu EuroCupen oso garrantzitsua dela etxeko partiduak irabaztea”
Lehen laurdeneko 8-20ko partziala adierazgarria da, baina aldea handitu zuten Roche Vandeeren jokalariak. 20 puntuko aldeari buelta ematea ez da erraza, baina talde gernikarrekoek ez dute sekula amore ematen. Itxaropenerako momentuak ere egon ziren partidua, gutxi, baina egon ziren. Arrojok taldearen gidaritza hartu ohi du, eta atzo ere bere ekarpena ezinbestekoa izan zen. Besteak beste haren lanagaz, Buchen magiagaz eta gainontzekoen ekinagaz talde frantziarrarengandik bederatzi puntura (31-40) jarri ziren 16. minutuan. Baina, kontraerasoan hamazazpi puntugaz erantzun zieten aurkariek. Horiek 21 puntuko errentagaz (33-54) heldu ziren atsedenaldira. Ornella Bankole izan zen Roche Vandee-tik nabarmendu zen jokalarietako bat, 29 puntu lortu zituen. Zortzi metrotik jaurtitako bere hirukoa izan zen partiduko azken saskiratzea.
Mario Lopez entrenatzaileak argi dauka Eurokoparen partidu hauetan ezin dela “hainbeste gorabehera” eduki, eta are gutxiago halako talde fisikoen kontra. Partidu amaieran adierazi zuen taldearen jarreragaz pozik zegoela, “aldea murrizteko amaierara arte borrokatu” zutelako: “Hasieratik amaierara markagailua kontra eduki arren taldea saiatu da. Errebotea ez dugu kontrolatu, eta hori zen egin beharretako bat, eta horrela gaitza da halako barruko jokoa daukan talde baten kontra lehiatzea. Barrutik saskiratzeko arazo asko eduki ditugu”.
Markagailuan “atzetik joateak partidu osoa baldintzatu” ziela zehaztu zuen entrenatzaile gernikarrak: “Errenta azkar lortu dute eta partidua kontrolpean eduki dute, eta denean nagusitu dira: bat baten kontra, kanpoko lerroan, barruan, saski azpian, errebotean. Ez gara hasi partiduak eskatzen zuen maila fisikoan, eta partidu hauetan beharrezkoa den gogortasuna ez dugu eduki. Hasieratik hori falta izan zaigu. Adibidez, lehen laurdena amaituta falta bat ere ez dugu egin. Puntuak lortu ditugunean gure jarduna gehiago izan dela iruditu zait, eta gehiago defendatu dugula”.
Itziar Ariztimuño jokalari bilbotarrak halako partiduek utzitako irakaspenetatik ikastearen garrantzia aitatu zuen: “Uste dut hobeto jokatu ahal genuela, baina ikasi behar dugu. Ez gara irten intentsitatearekin. Kalitate handiko pibotak dituzte, oso handiak eta halakoetan defentsa lana zaila da. Talde fisikoei aurre egiteko defentsa lana landu behar dugu”.
Ariztimuño: “Talde hau oso gogorra da. Edozein talderi irabazi ahal diogu. Partidu guztietan intentsitateagaz, eta gura asmo eta indarragaz atera behar gara, bestela oso zaila baita irabaztea”
Lointek Gernika Bizkaiaren multzo berean, H multzoan, Virtus talde italiarrak ia 40 puntuko aldeagatik (84-46) galdu zuen Flammes Carolo talde frantziarraren kontra, atzo. Flammesen kontra datorren astean, urriaren 27an (eguaztena) jokatuko dute. “Frantzitako taldeak gu baino pauso bat aurrerago daudela ikusi dugu, batez ere arlo fisikoan”, adierazi zuen Lopezek.
Zapatuan berriro Malosten. “Aurrera begiratuta”, orain ligan pentsatzeko unea dela esan zuen Ariztimuñok. Emakumezkoen Ligaren 6. jardunaldia da asteburukoa, eta talde gernikarrak etxean jokatuko du Movistar Estudiantes talde madrildarraren kontra. Zapatuan (urriak 23) 18:30ean hasiko dira jokatzen.