Migrazioa eta laguntza humanitarioa landuko dituzte Bakearen museoan
Europako MIGRAID proiektuaren baitan, tailerra egingo dute urriaren 27an, 28an eta 29an.
Migrazioa eta laguntza humanitarioa Europan (1919-1949). Hori da Bakearen Museoak hilaren 27an, 28an eta 29an hartuko dituen tailerren oinarria. MIGRAID Europako proiektuaren elkartruke tailer horren helburu nagusia proiektuaren gaiei buruzko ezagutzak partekatzea da: migrazioa eta laguntza humanitarioa. Era berean, bilera horietan historia horri buruzko memoria-politiken ikuspegi orokorra garatuko dute parte hartzaileek: memoriak, gizarte zibilaren ekimenak, hezkuntza-politikak eta abar.
Gernika-Lumoko Bakearen museoak bazkide moduan parte hartzen du MIGRAID proiektuan. Hain zuzen, proiektu horrek migrazio-fluxuen eta erbesteratuen informazioa lantzeaz gain, Europako historiaren garai gatazkatsu eta nahasi horretan boluntarioek eta erakunde humanitarioek egin zuten lana ezagutzera ematea du asmo.
Hori horrela, laguntza humanitarioaren hainbat esparru lantzen ditu proiektuak, Lehen Mundu Gerraren ondorioekin hasi (1918-1919an) eta 1949an amaituz, Genevako Lau Hitzarmenak sinatu ziren garaian, hain zuzen. Laugarrena gerra garaian zibilak babesteari buruzkoa zen, eta haurrak, errefuxiatuak, barneratuak, desplazatuak eta laguntza humanitarioa nabarmendu zituzten.
Sasoi hartan Europak bi Mundu Gerra eta beste hainbat gerra zein gatazka bizi zituen, eta ondorioak larriak izan ziren bai osasun arloan, ekonomikoan zein politikoan. Europako MIGRAID proiektuaren helburu nagusia da gerraosteko estatuen ibilbidea, migrazio-fluxuak eta erbesteratuak aztertzea, baita Europan aldi horretan lan egin zuten erakunde humanitarioen lana aztertzea ere. Horrez gain, mugimendu solidarioen eta laguntza humanitarioari buruzko iragana ezagutzera ematen lagundu gura du, oraina eta geroa bidezkoagoak izan daitezen.