Ikasleak saretzeko jaialdia
Ikamak deituta, Astran batuko dira Bizkaiko ikasleak, zapatuan. SutAm eta Iheskide taldeek kontzertua emango dute, 17:00etatik aurrera
Bizkaiko ikasleen topaleku bihurtuko da zapatuan Astra. 17:00etan hasita, ikasleek antolatutako jaialdian batuko dira gazteak. Ikamak (Ikasleria Martxan) deituta, etzikoa ikasleei harremantzeko eta saretzeko aukera izatea da antolatzaileen asmoa. Aipatu dutenez, aurreko kurtsoa “nahasia” izan zen, eta aurtengoak, osasun krisia gaindituta ere, krisi anitzei atea zabalduko diela uste du Ikamak: “Hortaz, ikasleok antolatzea eta borrokatzea inoiz baino garrantzitsuagoa da”.
Iaz aisialdi espazioak “ukatuta” zituztela eta, horiek berreskuratzearen alde egin du Ikamak, eta, diotenez, logika horretan antolatu dute jaialdia: “Elkarrekin abestu eta borrokatzeko espazioa izan nahi du, indarrak hartu eta kurtso berriari indarrez heltzeko”.
Jaialdirako sarrerak 8 eurotan ipini dituzte salgai. Gernika-Lumoko Arrano tabernan eros daitezke. Zapatuan ere erosi ahalko dira, Astran bertan.