Gurutze Gorriaren esku daude Bermeoko Ziklisten erronka solidariotik lortutako kontserbak
639,62 kilometro egin zituen bizikleta gainean Bermeoko Ziklistek taldeko Roberto Garcia Lamelak, kilometro bakoitzeko kilo bat kontserba eskuratu zituen. Camposek eman ditu kontserbak.
Txirrindu gainean 24 orduz pedalkadak emateko erronka solidarioa jarri eta erronka bete egin zuen Roberto Garcia Lamelak, irailaren 10a eta 11a bitartean. Bermeoko Ziklistek taldeko txirrindulariak 639,62 kilometro egin zituen bizikleta gainean.
Kilometro bakoitzeko kilo bat kontserba eskuratu zituen. Camposek eman ditu kontserbak eta Gurutze Gorriak hartu ditu behar duten bermeotarren artean banatzeko. Atzo hurbildu ziren Gurutze Gorriko boluntarioak Salicara kontserben bila.
Ibilbidea honakoa izan zen: Bermeo, Gernika-Lumo, Mungia, Gernika-Lumo, Bermeo. Ibilbide hori bederatzi aldiz baino gehiagotan egin zuen Garciak.