Gernikako merkatariak kexu dira Bizkaia bono denda kanpainagaz
Ezinegona adierazi dute, kanpainaren funtzionamendu "txarragatik"; establezimendu bakoitzari emandako bonoak "gutxi" direla deritzote.
Gernika-Lumoko Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen elkarteak (GME) kezka agertu du Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri duen Bizkaia Bono Denda kanpainarekiko. Hain zuzen, kanpainaren funtzionamendua “txarra” delako eta bezeroei eragindako eragozpenengatik kexu dira. Besteak beste, informazio falta aipatu dute, eta kanpainara atxikitzeko eta martxan jartzeko arazo teknikoak izan dituztela diote.
GMEk azaldu duenez, kanpaina honetan Bizkaiko Foru Aldundiak 38.550 bono bideratu ditu Bizkaiko 2.772 establezimenduren artean banatzeko. Hala, kanpainara atxikitu den denda bakoitzari 13 bono egokitu zaizkiola zehaztu du, “Gernika-Lumoko bezeroei erantzuteko eskasak”, merkatarien ustez. Azaldu dutenez, herriko denda askotan bono horiek lehenengo hiru egunetan agortu zaizkie. Horrela, salmentak gutxitzeaz gain, bezeroak ere galtzen aterako direla uste du GMEk. Kanpainaren aurreikuspenagaz, gainera, zenbait dendarik jenero gehiago erosi zutela aipatu du elkarteak.
GMEko presidente Gaizka Muniategik zehaztu duenez, Gernika da Bizkaian dentsitate handienetakoa duen herrietako bat, eta %16ko portzentajeagaz Euskadiko handienen artean dago. “Bono eskasia dala eta, kanpaina honetan ez dira bete apirileko Bizkaia Bono Denda kanpainaren esperientzia positiboaren ondoriozko aurreikuspenak. Kanpaina horrek ondo funtzionatu zuen. 3.705 establezimendutan 100.000 bono jarri zituzten zirkulazioan, eta beste banaketa-sistema bat be bazegoen, zeinetan bezeroek eurek erosi eta trukatzen zituzten bonoak”, adierazi du.