Bermeoko Udala Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana lantzen hasiko da
Hainbat fasetan garatuko dute proiektua eta herritarrekin eta herriko eragile askorekin elkarlanean landuko dute.
Bermeoko Udala Adikzioen Prebentziorako lehenengo Tokiko Plana lantzen hasiko da; 2021-2025 aldirako plana izango dela zehaztu dute. Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta Gazteria saileko teknikari Iñaki Lopezek eman dituzte gaur azalpenak.
Mendekotasunak konplexutasun handiko giza fenomenoak direla aipatu dute. “Gizartea bezala, etengabe aldatuz doaz. Hori dela eta, haiei aurre egiteko formula bakar eta estankoek ez dute balio”. Mendekotasunak, gainera, drogak eta alkohola baino haratago doazela gogorarazi dute: jokoak, Internet, sare sozialak… Horiek guztiak gizarte honetan bizi dugun errealitatea direla esan du alkateak: “Adikzioak gizartearen errealitatea diren heinean, gizarte modura erantzun beharra daukagu. Gizartearen erronka handienetakoa da adikzioei aurre egitea”. Horregatik ahalik eta herritar eta eragile gehienak inplikatzeko asmoa agertu dute.
Tokiko Plana fase desberdinetan garatuko da: proiektuaren plangitza; udalerriko udalerriaren diagnostikoa; bildutako informazio prozesaketa; Tokiko Planaren ildo, estrategia, jarduera eta ateratako ondorioak batu; plana editatu eta osoko bilkuran onartu.
Proiektuaren plangintzari dagokionez, informazioa biltzeko tresnak sortu dituzte: datozen egunotan banatuko den ikasleei zuzendutako galdetegia eta aurrerago martxan jarriko diren herritarren partaidetza galdetegia, eztabaida taldeetan parte hartuko duten ordezkari desberdinei zuzendutako galdetegia… Gero, aurrerago, Udaleko Prebentzio Mahaia eta Bermeoko arlo eta sektore desberdinetako ordezkarien eztabaida taldeak sortuko dituzte.
Ikasleentzako galdetegiak. Bermeoko errealitatearen diagnostikoa egiteko ekintza “oso garrantzitsu” bati hasiera emango diote datozen egunetan; hau da, ikasleei zuzendutako galdetegiak banatzen hasiko dira. Izan ere, Lopezen arabera, Bermeoko errealitatea ezagutzeko, ezinbestekoa da eskola adineko biztanleengana jotzea: “Frogatuta dago gehiegizko kontsumoekin eta mendekotasunekin lotutako arrisku jokabideak izateko aukerak izugarri handitzen direla adin tarte horietan”. Hala, guztira, 1.155 ikasleengana iritsiko da galdetegia; D.B.H.-ko lehenengo mailatik hasi eta Lanbide Heziketako Goi-Mailako zikloetarainoko ikasleek parte hartuko dute.
Ikasleek modu anonimoan beteko dute galdetegia. Modu horretan, euren kontsumo, pentsamendu, ezagutza eta jarreren inguruko informazioa lortuko dutela diote, “bai droga legalen zein ilegalen ingurukoa eta baita ere substantziarik gabeko adikziora eraman dezaketen jokabideen ingurukoa”. Helburua da kontsumoak (substantziadunak eta substantzia gabeak), jarrerak eta portaerak, testuinguruari buruzko informazioa, arrisku eta babes faktoreak, iritziak etab. biltzea eta aztertzea.
Datorren urtean herritarrei zuzendutako galdetegi bat ere zabalduko dutela esan du.
Datu guztiak jaso ostean, “kontrastatu” egingo dituzte, “ahalik eta zehatzenak izan daitezen”.
Abaroak esan du udal gobernuaren helburu estrategikoetako bat dela adikzioen prebentzioa lantzea: “Asko kezkatzen gaituen gai bat da. Gure gizartean, tamalez, adikzioek pisu handiegia dute eta egiten ditugun programa ezberdinetan ikusten dugunez eta herritarrek beraiek aipatzen digutenari jarraituz, arbi genuen Tokiko Plan hau egin behar genuela. Lanketa oso luzea izango da, jende askorekin egingo dena. Gure helburua da ahalik eta eragile gehien inplikatzea eta lanketa ahalik eta hoberen koordinatzea emaitza onak ateratzeko. Konpromiso hori harttu genuen eta horretan lan egingo dugu”.