Bermeoko EH Bilduren ustez eskoletako jolastokiak eraldatu behar dira
Eskoletako jolastokiak eraldatzeko proiektua prozesu parte hartzaile baten bitartez egin beharko litzateke EH Bilduren arabera.
Bermeoko EH Bilduk uste du eskola jolastokiak eraldatzeko proiektu bat egitea “beharrezkoa” dela, eta aipatu proiektua diseinatzeko pausoak eman behar direla uste du “prozesu parte hartzaile baten bidez”.
Jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzak eskoletako jolastokiak eraldatzeko diru laguntzak emango dituela, eta diru laguntza horietaz baliatzea ondo legokeela deritzote, eta eskaera hori egin diote Bermeoko Udalari. “Eskolatako jolastokiak jolasa eta mugimendua bultzatzeko tokiak dira. Familia askoren topaguneak dira, bai eskola kanpoko orduetan baita ere asteburuetan. Eskoletako jolastokiak, hala ere, ez daude gaur egungo egoerara egokituta. Hau da, asfaltatutako guneak dira, eta kirol joko batzuk bakarrik egiteko aukera ematen dute. Horrek, generoen arteko desberdintasunak handitzen ditu, eta aktiboak ez diren ikasleak albo batera uzten ditu”, azaldu dute koalizio abertzaleko zinegotziek.
Hori guztia aldatzeko unea dela dio EH Bilduk: “Eskoletako jolastokiak txikitatik jarduera fisikoa sustatzeko guneak izan behar dira, eta baita ere, naturagaz harremana daukaten guneak. Honek guztiak, alde batetik, osasun fisikoan onurak dakartza, ikasleen errendimendu akademikoa eta ongizate psikikoa eta pertsonen arteko harremanak hobetzen ditu eta, bestetik, natura esploratzeko aukera ematen du; hau da, ingurumen hezkuntzaren arloa lantzeko gune aproposak izango lirateke”.
Eskoletako jolastokiak eraldatzeko proiektua, hala eta guztiz ere, prozesu parte hartzaile baten bitartez egin beharko litzateke EH Bilduren arabera. Horregatik, udalari eskatu diote herriko eskola guztiekin harremanetan jartzea eta proiektu hori aurrera eroateko behar duten laguntza guztia eskaintzea.
Gainera, Bermeoko eskola publikoan aipatu proiektua bultzatzea herritarrentzat “onuragarria” izango litzatekeela uste dute, “gunea bermeotarrei zabalduz, herritar guztiek gune horretaz gozatzeko aukera izan dezaten”.