Laut dortoka bat ikusi dute Bermeoko uretan
Munduko dortoka espezie handiena da. Zapatuan ikusi zuten Bermeoko portutik 12 miliara.
Busturiko Ekoetxea Urdaibaiko arduradunek jakitera eman dutenez, Laut dortoka bat ikusi dute Bermeoko uretan. Zapatuan ikusi zutela diote, Bermeoko portutik 12 miliara, Ekoetxea Urdaibaik, Hegaluze Itsas Zerbitzuak eta verballenas.com-ek euskal kostaldean zetazeoak ikusteko elkarrekin antolatzen duten Zetazeoak 10:00etan itsasontziko irteeran.
Azaldu dutenez, dortokak metro bat eta hirurogei baino gehiago zeukan, eta lasai zebilen igerian uraren azalean. Oskola azabatxe beltz kolorekoa du, eta ez ditu gainerako dortoken plaka bereizgarriak, hau larruzkoa baita. Ez du azazkalik eta gorputzak ere ez du ezkatarik, azala baizik.
Jakitera eman dutenez, espezie oso pelagikoa da; hau da, ur ertainetan edo gainazaletik gertu bizi da, eta igerilari bikaina da. Itsaso epeleko hondartzetan umetzen du eta Ipar hemisferiora joaten da apiriletik uztailera, parekatzen den urteko sasoira. Batez ere, marmokak eta salpak jaten ditu, baina ez ditu sarraskiak eta txibiak mespretxatzen.
Mehatxupean. Munduko dortoka espezie handiena da, ia bi metroko oskola eduki dezake, eta mila kilo inguru pisatu ahal ditu. Ekoetxea Urdaibaitik azaldu dutenez, dortoka hauen egoera oso mehatxatuta dago arrantza-aparailuekin istripuz egindako harrapaketengatik, batez ere, tretza eta maila-trasloak, plastikoak eta heliozko globoak irenstearen ondoriozko kutsadurarengatik eta hazteko habitatak suntsitzeagatik.
Euskal Herriko uretan mota horretako dortoka bat begiztatzea gertakari “oso berezia” izan dela aipatu dute: “Egon badauden arren, zenbait zauri larriekin edo hilda aurkitu izan dituzte hondartzetan. Kostaldean horiek bizirik ikustea ez da ohikoa izaten”.