EH Bilduk pobrezia energetikoari aurrea hartzeko proposamenak aurkeztu ditu
Diotenez ez da pobrezia energetikoagaz lotuta udalean proposamenak aurkezten dituzten lehen aldia; gai honegaz "buru belarri" lanean ari direla esan dute.
Bermeoko EH Bilduk energia oligopolioari, tarifen gorakadari eta pobrezia energetikoari aurre egiteko neurriak eta proposamenak aurkeztu ditu Bermeoko Udalean. Azaldu dutenez, azken urteetan pobrezia energetikoari buruzko hainbat proposamen egin dituzte udalean eta horretan “buru-belarri” ari dira.
“Azken aldian elektrizitatearen prezioa nabarmen igo da. Igoera horrek gure herritarrengan inoiz baino eragin zuzenagoa eta txarragoa dauka, izan ere, gero eta etxebizitza gehiagotan dituzte argindarraren faktura ordaintzeko zailtasunak. Arazo horrek elikaduran, etxeko berotasunean eta osasunean eragina dauka. Honi pobrezia energetikoa deitzen diogu”, esan dute koalizio abertzaleko zinegotziek. Aipatu arazoari aurre egiteko “ez da nahikoa manta bat gainean bota edo arropa gehiago janztea”. Horrek guztiak “gaixotasun fisikoak eta psikikoak” eragiten dituela uste dute.
Aipatu dute EH Bilduk pobrezia energetikoari lotutako hainbat lanketa egin dituela eta proposamen asko egin dituela udalean ere. Honakoak, esaterako: “Autokontsumoa sustatzeko, pobrezia energetikoa ekiditeko diru laguntza zuzenak ematea, jasangarritasun energetikoaren legea betetzeko proposamenak, udal eraikinetako auditoria energetikoen jarraipena eta energiaren udal mahaian parte izateko proposamena”.
Proposamenak egiten “burubelarri” badabiltza ere, egiteko “asko” dagoela diote: “Bermeoko Alde Zaharreko etxebizitzetan eguzki plakak jartzea ondo legoke. Hori posible egiteko ordenantza aldatzea eskatzen dugu. Era berean, udaleko kontratuetan, energia hornidura kontratatzeko lizitazioak ateratzean, enpresa txiki eta ertanei aukerak ematea eta energia berriztagarrien erabilera bermatzea (Goiener, adibidez) eskatzen dugu. Ildo horretan, udal eraikinetan energia aurrezteko azterketak egitea ere proposatzen dugu”.
Pobrezia energetikoa ekiditeko, EH Bilduren arabera “beharrezkoak” dira ondorengoak, eta hala jakinarazi diote udalari:
-
Energia prezio garestien aurka tarifa sozialak bultzatzea.
-
Etxebizitzen efizientzia energetikoa bultzatzea.
- Diru laguntza sozialak eta zuzenak ematea.
- Energia berriztagarrien alde egin eta burujabetza oligopolioak baztertzea.
- Bertoko kontsumoaren aldeko apustua egitea.
- Benetako independentzia energetikoa bultzatzea, kontrol publikoaren esku dagoena.
- Energiaren bulego bat sortzea, pobrezia energetikoarekin lotuta dauden beharrak detektatzeko eta bideratzeko. Energia kontsumoa murrizteko aholkularitza ematea.
- Pobrezia arriskuan dauden etxebizitza edo auzoetan auditoria energetikoak bultzatzea.
- Kontsumo kooperatibak sortzea.
EH Bildukoen arabera, tarifen gorakadak “familietan eragiten” du, baina baita ere ingurumenean: “Azkenaldian entzun dugu albisteetan elektrika handiek prezioen igoeraz gain, urtegiak suntsitu dituztela, bizilagunentzat eta ingurumenarentzat ondorio txarrak eraginda. Gainera, eskualdeko ur partzuegoa Bilbora eroanda, autokontsumorako aukera asko galtzen ditugu hemen ere. Horrek, uraren kudeaketagaz erlazionatutako energia berriztagarrien proiektuak sustatzeko aukerak galtzea dakar”.