Inma Ruizek urrea lortu du Espainiako Milia Txapelketan
Sopelanako Munarri atletismo taldeko Inma Ruiz gernikarrak urrezko domina irabazi zuen Espainiako Milia Txapelketan, atzo [urriak 17], Parlan (Madril, Espainia).
F50, F55, F60 eta F70 kategorietakoek alkarregaz egin zuten lasterketa, eta Ruizek sei minutu eta 11 segundotan amaitu zuen lasterketa. F60 kategorian lehenengo amaitu zuen, eta denen arteko sailkapenean hirugarren sailkatu zen. Antonia Alvarez lehenengoak sei minutu eta bi segundotan amaitu zuen, eta Carmen Llorena bigarrenak sei minutu eta lau segundotan.
Bere kategorian, Durango Kirol Taldeko Aurora Perez sailkatu zen bigarren, Ruizengandik zortzi segundora, eta CD Running Villarejo klubeko Magdalena Lopezek osatu zuen podiuma; zazpi minutu eta bi segundotan amaitu zuen hirugarren sailkatuak.
Zirkuitu “gogorra eta aldi berean polita” izan zela azpimarratu du gernikarrak: “Aldapan gora 400 metro eginez hasten zen zirkuitua. Zirkuitua asko gustatu zitzaidan. Milak pistan ere egiten dira, baina halakoak edozein zirkuitu izan daitezke. Halakoak gehiago gustatzen zaizkit, dibertigarriagoak dira. Modalitate honetan Espainiako Txapelketa lehiatu dudan lehenengo aldia izan da. Zapatuan lehiatu zuten Bilboko nazioarteko milian parte hartu nahi nuen, urtero joaten naiz eta. Baina izena ematera joan nintzenean, ez zegoen lekurik, eta Parlakoa ikusi nuenez, animatu egin nintzen, eta ez naiz damutzen”.
Domeka honetan [urriak 24] Zornotzako Kros Herrikoia egingo du Ruizek, eta “krosagaz gozatzea” da bere asmoa. Hilabete amaieran, berriz, Laudion lehiatuko du Euskadiko Master Txapelketa. Urriaren 31n jokatuko duten txapelketa horretan dominaren bat irabazteko aukerak dituela uste du: “Gipuzkoar bategaz lehia estua edukitzen dut normalean, baina dominaren bat lortzeko esperantza daukat”.