Emakumeek sortutakoak batu dituzte Astran
Nomadak Gaitun! azoka ibiltariak Astran egin zuen atzo arratsaldean geldialdia; emakume sortzaileen hogei postu egon ziren bertan.
Emakumeen buruetatik sortua, euren eskuekin egindakoak. Jantziak, bitxiak, apaingarriak, poltsak, kosmetika… gauza asko eta asko ekarri zituzten atzo Gernika-Lumoko Astrara Dinagu kolektiboko emakumeek.
Nomadak Gaitun! azoka ibiltariak Astran egin zuen atzo arratsaldean geldialdia. 16:00etan zabaldu zituzten ateak eta 21:30era bitartean, emakume sortzaileen hogei postu egon ziren bertan. Herritarrak zein inguruko herrietako jendea bertaratu zen, eta giro oso ona egon zen.
Gernika-Lumoko Astran egin duten bigarren azoka izan da; lehenengo azoka ibiltaria Azpeitiko Azoka plazan egin zuten. Azoka ibiltariaren bitartez emakume sortzaileen lana ikusaraztea eta sortzaileak ahalduntzea dute helburu.
19:30etik aurrera, eskualdeko emakume baserritarren produktuekin prestatutako jatekoa dastatzeko aukera eduki zuten bertaratutakoek, eta Nebbian taldearen kontzertuagaz amaiera eman zioten egunari.