Ernaik bidea hasi gura du Bermeon
Aurkezpena egin dute gaur eguerdian Kabidxen. Eskualdean Ernai "indartsu" bat sortzea dute helburu.
Gernika-Lumoko Ernaiko kideak hurbildu dira gaur Bermeora, Ernai zer den azaltzera. Izan ere, Ernaik bidea hasi gura du Bermeon, beste behin ere. Kabidxen eman dituzte azalpenak gaur eguerdian.
Busturialdean Ernai “indartsu” bat gura dute, “eskualdean egiten baita lan gehiena”. Hortaz, Bermeon Ernai sortzea “garrantzitsua” litzatekeela uste dute, Busturialdean Gernikan bakarrik dagoelako Ernai. Gernika-Lumoko Ernaiko kide Beñat Bilbaoren esanetan, saiatu diren arren, orain arte ez dute lortu Bermeon taldea sortzea: “Orain, gogotsu dauden pare bat pertsona aurkitu ditugu. Gaurkoa aurkezpena izango da. Gero, taldea sortu eta plangintza bat egingo dugu martxan hasteko”.
Jakitera eman dutenez, Ernai Ezker Abertzaleko gazte antolakundea da, eta bat egiten du ezker abertzalearen helburu estrategikoekin: independentzia, sozialismoa eta feminismoa. Hala, horren alde lan egiten du gazte ikuspegitik, eta gazte problematikatik.
Ernaik gazte mugimenduetan lan egiten duela azaldu du Bilbaok: “Gazte mugimenduak bultzatzen ditugu eta ez dauden lekuetan sortu. Bestalde dinamika desberdinetan parte hartzen dugu; euskal presoen inguruan, euskara,… denetarik apur bat. Indarren %80a bideratzen dugu gazte mugimenduetara eta %20 gainontzeko ildoetara. Zertarako gura dugu Ernai indartsu bat herrian ez baldin badaukagu gazte asanblada bat edota talde feminista bat, batzuk aipatzekotan”. Euren aldarriak, gainera, kalera ateratzen dituzte ekimen desberdinak antolatuta.
Leiore Moreno bermeotarrak hartuko luke Bermeoko taldearen gidaritza. Azaldu duenez, orain dela urte batzuk Bermeon Ernai egon zen, baina “indar faltagatik edo gogo faltagatik” ez zuen askorik iraun. Uste du, hala ere, momentua iritsi dela berriro ere Ernai martxan jartzeko: “Uste dut Bermeo moduko herri batean aukera ona dela. Gazteen musika talde asko daude gurean, eta euren baldintzak eta Bermeon dituzten aukerak aztertzeko ondo legokeela uste dut. Feminismoa ere lantzen duen heinean, aukera onak ikusten dizkiot. Bestalde, COVIDen aitzakiagaz kontrol poliziala hainbeste nabarmendu da, eta poliziak izan ditugu atzetik momentu askotan, euren autoritatea nabarmenduz. Horren guztiaren inguruan azterketa bat egitea ondo legoke. Turismo jasangarriaren aldeko apustua egiteko ere ondo egongo litzateke, Gaztelugatxeko San Juaneko arazoak hor dauzkagu-eta. LAB sindikatua ere greba orokorra prestatzen hasita dago, eta eurei laguntzeko prest egongo ginateke. Gainera, herriko gainontzeko erakunde politikoekin harremanetan jarraituko genuke, indartzeko eta zabaltzeko”.
Bermeoko gazteria “oso geldik” dagoela uste du Morenok, hortaz, Ernai sortzeko bost pertsonarekin nahikoa izango litzatekeela uste du: “Hasiera batean jende gutxiagorekin Gernika-Lumokoekin lan egingo genuke”. Hala ere, aurkezpenera hurbildu ez diren zenbait gazte prest daudela esan du, eta ziur dago taldea abiatuko dutela; “askotan hazia jartzea izaten da”. Informazio falta dagoela uste du.
Kabidxera bertaratutako gazte batek esan du, uste duela Bermeoko gazteek ez dakitela Ernai zer den ezta hor dagoen ere; “gutxika-gutxika hasten bagara, jendeak horren berri izango du, eta gero animatuko dira”.
Interesa duten gazteek Ernairen sare sozialen bitartez jarri daitezke horiekin harremanetan, eta laster bilera bat deituko dutela esan dute martxan hasteko.