Pello Bilbaok 2023ra arte berritu du kontratua Bahrain Victorious taldeagaz
Txirrindulari gernikarrak beste bi urtez jarraituko du Bahrain Victorious taldean. Denboraldi honetan taldeko lanean "emaitza bikainak" lortu dituzte eta taldearentzat lan egitea dela "gehien gustatzen" zaiona adierazi du Bilbaok.
Bahrain Victorious taldeak sei txirrindulariren kontratu berritzeen berri eman zuen atzo, eta horien artean dago Pello Bilbao Lopez de Armentia. Gernikarrak 2023ra arte jarraituko du taldean, eta baita Mikel Landa murgiarrak ere.
Bilbao onenen artean aritu da beste urte batez, eta Giroan zein Tourrean maila apartekoa erakutsi du; hamahirugarren postuan amaitu zuen Italiako itzulia, eta bederatzigarrenean Frantziakoa. Gogor lan egin du bere taldeko liderrentzat. Bi itzuli handiak jarraian egin ditu, eta apirileko Itzulian lehen euskalduna izan zen–seigarren amaitu zuen–.
Aurten aurreko urteetako garaipenik eskuratu ez badu ere, talde modura maila ona erakutsi dutela azpimarratu du. Bilbaok dio talde lan hori egitea dela berari gehien gustatzen zaiona: “Esperientzia aberasgarria da talde honetako kide izatea. Pertsonalki ez dut garaipenik lortu, baina taldearentzat lan egitea da gehien gustatzen zaidana. Taldeak emaitza onak lortu ditu, eta horiek taldean dagoen giro bikainarengatik etorri dira. Giro oso ona dago txirrindularien eta taldeko langile guztien artean”. Besteak beste, Tourreko talderik onena izan zen Bahrain Victorious taldea.
Gernikarra “harro” dago taldean beste bi urtez jarraitzeaz: “Bahrain Victoriousekin batera hobetzen jarraitu nahi dut”.